Arrangoitzen ez dute ezkontzarik batere egingo, erregistroa itxi baitu auzapezak
Erredakzioa Baiona
Gay eta lesbianei bakarrik ez, herritar guztiei galaraziko diete ezkontzea Arrangoitzen (Lapurdi). Sexu berekoak ezkontzeari uko egin dio Jean-Michel Colo auzapezak, eta ezezkoa eman dio ezkontza eske joan den herriko bikote bati; prefetak ohartarazi dio hori herritarrak diskriminatzea dela, eta zigorrak jasan ditzakeela azaldu dio, bost urteko espetxe zigorra aipatuta. Auzapezaren erabakia: herriko erregistroa itxi du, eta bikoterik ez dute ezkonduko, sexu bereko edo ezberdineko izan. Diskriminaziorik ez du egingo, hala.
Gay eta lesbianen ezkontzaren aurkako ikur bihurtu da Arrangoitzeko auzapeza, eta hari jarraitzeko asmoa agertu dute sexu berekoak ezkontzaren aurka agertu diren beste alkate batzuek. Frantziako Gobernuko ordezkariek zigorrez ohartarazi dioten arren, bide berean jarraitzeko asmoa du Colok: «Kristaua naiz, eta lege horren aurka nago. Badakigu nola onartu zuten». Eskuineko taldeen protesta handien artean atera zuen legea aurrera Frantziako Asanblea Nazionalak, apirilean.
Legearen kontrako hitzak izan ditu auzapezak France Blue irratiari eman dion elkarrizketa batean. Homofobia sustatuko duela ohartarazi du: «Alde bozkatu zutenen aurka etorriko da legea. Frantziarrek ulertu dute lege berezi bat dela, gutxiengoaren gutxiengoak onartua, eta, gainera, homofobia berpiztu duela Frantzian». Guztiei ezkontzeko aukera jartzea «bidegabea eta moralgabea» dela nabarmendu du Colok.
«Badakit zer jaso dezakedan»
Zigorrak jarri ditu mahai gainean prefetak: bost urteko espetxea eta 75.000 euroko isuna, besteak beste. «Badakit zer jaso dezakedan», esan du auzapezak. Gay eta lesbianen elkarteek irmo jokatzeko eskatu diote gobernuari. «Honek bukatu behar du». Ohartarazi dute auzapezaren gisako jarrerek «legitimitatea» eman nahi dietela eraso homofoboei. «Oinarrizkoa da hegoak moztea».
Auzapez guztiek ez dute bide bera hartu, eta sexu berekoek izango dute ezkontzeko aukera. Etzi izango dira jendaurreko bi lehenak, Miarritzen eta Hendaian.