BERRIA: Eraso faxistak gaitzetsiko dituzte larunbatean Bilbon

Faxismoa, arrazakeria, xenofobia, homofobia eta antzeko jazarpenak salatzeko manifestaziora deitu dute 21 eragilek

eraso faxista

1936an fusilatutakoen aldeko oroigarriari eginiko pintaketak, Urbasan. / BERRIA

Faxismoaren aurkako nazioarteko egunaren harira, manifestazioa egingo dute larunbatean Bilbon. Plaza Biribiletik abiatuko da martxa, 18:00etan, eta Alde Zaharreko Gurutze kalean amaituko da; Zamudioko atearen atarian. Aldarriaren ondorengo ekitaldiari Zazpi Katu gaztetxean antolatutako musika jaialdiak hartuko dio lekukoa: 20:00etatik aurrera, rap kantariak eta disko jartzaileak ariko dira oholtza gainean.

Alor anitzetako 21 eragilek babestu dute faxismoa, arrazakeria, xenofobia, homofobia, sexismoa eta tankerako jazarpen «bortitzak» salatzeko elkarretaratzea. Hala, mobilizazioetan parte hartzeko dei egin diete herritarrei, ezkerreko herri mugimenduak indartzeko «beharra» dagoelako: «Lehen pausoa litzateke. Jendearen ahotsa ozen entzutea garrantzitsua da, mugimendu ultraeskuindarrei aurre egiteko».

Antolatzaileen arabera, azkenaldian eskuin muturreko alderdi politiko eta talde faxistak areagotzen ari dira Euskal Herrian, eta uste dute gorakada horrek ideologia «baztertzaileak» gizartean hedatzea ekarri duela. Horren eraginez, gutxiengo sozialen eta disidentzia politikoaren kontrako erasoak ugaritu direla diote, eta 1934ko azaroaren 9an jazotako gertaerak gogora ekarri dituzte: «Hainbat ghettotan bortizki sartu, eta juduei, homosexualei eta etorkinei eraso egin zieten». 79 urte igaro badira ere, garai hartako zantzuak antzeman dituzte, eta urrats dezente errepikatzen ari direla ohartarazi dute. «Tamalez, egungo krisiak urte hartako egoerara garamatza. Europara ere zabaltzen ari da; Greziara eta Errusiara, kasu».

Egoera horren inguruan kezkatuta daudela aitortu dute eragileek, instituzioen utzikeria «erabatekoa» delako. Dena dela, borrokan jarraitzeko konpromiso «sendoa» berretsi dute: «Ideologien konfrontazioa ez da nahikoa. Mehatxatuta daudenen segurtasuna bermatu behar da, hilketa masiboak berriro gerta ez daitezen».

Deitzaileak

Sare Antifaxista

SOS Arrazakeria

Ikasle Ekintza

Ikasle Abertzaleak

Gazte Abertzaleak

Gazte Komunistak

EHGAM

Ernai

Elkartzen

Askapena

Komite Internazionalistak

Deustuko Gazte Lokala

Zirikatzen

Herri Norte Taldea

Piratak Athletic Taldea

Kereilaren Euskal Plataforma

Komantxe konpartsa

Bizigay

Antolaketan Salto!

Roller Derby de Bilbao

Urtxintxa Eskola

ERRENTERIAko MIKELAZULOn XIX. HERRIEN ASTEA antolatu dute

EGITARAUA:

Azaroak 12.

Kapitalismoa, emakumea eta bizitza.

Hizlaria :María Jesús L´hoeste (El Congreso de Los Pueblos. Colombia)

Mikelazulon 19,30etan

Azaroak 13

Emakumea ikuzpegi indigenistatik.

Hizlaria : Alicia Canaviri (CDIMA Bolivia)

Mikelazulon 19,30etan

Azaroak 14

Gure herriko historia : Begirada osatuz !

Beste kultura eta historiatik etorritako lagunekin ibilbide bat egingo da herriko parte zaharraren barrena, J.M. Carrerek lagundurik. Parte hartzea irekia da.

Azaroak 15

Herriko artista talde batek, astean zehar, mural-mosaiko bat egingo du, Lampedusako katastrofearen harira. Mosaikoa Alamedan egingo da Ikastolaren alboan. Ostiralean amaituko da. Mosaico hau izendatzen dugu:

LAGUNTASUNAREN ETA ANIZTASUNAREN MOSAIKOA.

Azaroak 16

LAMPEDUSA salatuz! Ekitaldia.

Mosaikoaren aurrean. 20,30etan

Azaroak 16 Saharauiar Afaria

Txintxarri elkartean 21,30etan

 Azaroak 17

POZA antzerki lanaren emanaldia

Niessen aretoan antzerkia


*Argazki Erakusketa. ELIKADURA BURUJABETZA

Mikelazulon. Azaroan. .

 

“Aitzol Azurtzaren auzia homofobia eta hipokresia adibide bat da”, dio Imannol Alvarez Ehgamkideak Info7rako

http://www.info7.com/2013/11/05/manol-alvarez-aitzol-azurtzaren-auzia-homofobia-eta-hipokresia-adibide-bat-da/

BERRIA: Banakako arazoa ez, gizartearena

Transexualitatea sexismoarekin lotu du Missek. Biomedikuntzatik urrundutako diskurtsoa aurkeztu du, auzia politiko bihurtzeko, gorputz aldaketekin lotuta.

miquel misse

Miquel Misse soziologo eta trans ekintzailea Euskal Herrian izan da asteburuan. / LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Transfobiak lotura handia du biomedikuntzak transexualitateari buruz emandako azalpenekin, gaixotasuntzat jotzen duelako». Patologizazioak eragin handia du gizarteak transexualez duten pertzepzioan, baita transexualek euren gatazkaz eraikitzen duten kontzeptuan ere. «Azkenean, arazo bat daukagula barneratzen dugu», esan du Miquel Misse soziologo eta trans ekintzaileak (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1986). Euskal Herrian izan da asteburuan, Transexualidades: otras miradas posibles (Transexualitatea: beste begirada posible batzuk) liburua aurkezten. Bertan, transexualitateari buruzko diskurtso berritzailea taxutu du, biomedikuntzatik urrundu, eta bide politikoan murgiltzeko: «Transexualitatea ez da banakako arazoa, soziala baizik».

Misseren ustez, transexualitateak asko adierazten du sistema sexistaz. Gizartea antolatzeko moduan jarri du fokua: «Sexuaren araberako genero esleipenak nola funtzionatzen duen azaleratzen du: kutxatila bat dago gizonentzat eta beste bat andreentzat, eta transexualitateak, buru arazo bat dutenei buruz bainoago, kutxa horietan deseroso dauden pertsonez hitz egiten digu».

Orain arte, biomedikuntzaren diskurtsoa nagusitu da, deserosotasun hori azaltzerakoan. «Haientzat ‘normalena’ eta espero dena da emakume jaio dena emakume jardutea inolako gatazkarik gabe. Hori lortzen ez dutenek arazo biologiko bat dute, zerbaitek huts egin die». Missek bestelako irakurketa bat proposatu du, generoaren eraikuntzarekin lotuta: «Pertsonak jaiotzean sexu ezaugarrien arabera bereiztea erabaki dugu, eta horren arabera trebetasun, jokabide, keinu desberdinak sustatu dizkiegu gizonei eta emakumeei. Hori ikasia bada, espero daiteke pertsona batzuk horrekin ez identifikatzea, egokitu zaien rolera ez ohitzea».

Tentsioa, ohikoa

Soziologoak gaineratu du dirudiena baino ohikoagoa dela esleitutako generoa «tentsioz» bizitzea. «Ez da soilik transexualetara mugatzen: gizon asko ez dira maskulinoarekin identifikatzen, eta emakume asko ez dira femeninoarekin identifikatzen. Nik uste dut gehiengoa direla». Tentsio horri aurre egiteko modu desberdinak daude, ordea: «Batzuk eredu nagusira moldatzen saiatzen dira arazorik ez edukitzeko, beste batzuek transgresioan militatzen dute gizon femenino edo emakume maskulino gisa, eta beste batzuek ezin dute hori jasan, beste generoan bizitza funtzionalagoa, onargarriagoa eta gogokoagoa dutelako».

Baina non dago transgresioaren eta transexualitatearen arteko muga? Missek berak azaldu du garai batean emakume maskulino gisara bizi zela, eta une batean beste urrats bat gehiago egin beharra sentitu zuela. Urrats horretara zerk bultzatu zuen ez du argi, ordea: «Uste dut lotuta egon daitekeela frustrazioen eta gatazken aurrean erabiltzen ditugun estrategia pertsonalekin, eta inguruan ditugun erreferenteekin». Ildo horretan, lagun baten kasua izan du hizpide: «Oso emakume maskulinoa da, butch izaerarekin identifikatzen da. Ni emakume bat ez nintzela pentsatzen hasi nintzen garaian —inguruan nituen emakumeen antzik ez nuen—, bera antzera sentitzen zen, baina justu filosofia irakasle butch bat egokitu zitzaion, eta haren harira, erreferente pila bat ezagutu zituen. Nik ere irakasle hura eduki izan banu, bide bera egingo nukeen? Ez dakit».

Norbere nortasuna zalantzan dagoen prozesu horretan, biomedikuntzaren azalpenak daukan indarra nabarmendu du. «Babesleku bat da, gatazka horretan dagoen pertsona batek ez baitu sistema sexistari buruzko azalpenik entzun nahi». Horregatik, aitortu du transexual batzuk minduta sentitu izan direla bere diskurtsoarekin. «Erantzule sentiarazten ditu, generoa gizarte eraikuntza bat izanik, euren borondatearen araberakoa izango balitz bezala. Bada, ez: kalera ateratzen naizenean, maskulinoan tratatua izan nahi dut, diskriminatua ez izan, bizitza erraza eduki. Transexualitatea estigmatizatzen ez duen kultura batean jaio izan banintz, pentsatuko nukeen okerreko gorputzean jaio naizela?».

Medikuntzaren ikuspegiarekin ez ezik, diagnostikoa egiteko prozesuarekin ere kritiko mintzatu da. Batetik, «estereotipo sexistez josia» dagoelako: «Genero purutasun azterketa egiten dute: adibidez, trans emakumeei makillatzea eta minigona janztea eskatzen zaie. Onartezina da». Bestetik, transexualek «memoria berreraikitzea» eragiten duela antzeman du. «Badago kontakizun ‘ofizial’ bat, ‘okerreko gorputzean’ jaiotzeari lotuta. Esaterako, trans neskek esaten dute beti eseri izan direla pixa egiteko, nahiz eta ume asko esertzen diren. Neurri batean normala da: sexua aldatzea erabaki bortitza da, eta zure burua legitimatu behar duzu, besteen aurrean justifikatu; beraz, ideia horri zentzua emango dioten elementuak bilatzen dituzte, haurtzarotik».

Horrekin lotu du transexual batzuek beren gorputzez adierazten duten gorrotoa eta nazka. Haren ustez, ez da kasualitatea sentipenok sexu organoetara bideratzea. Gorputzaren eta generoaren arteko loturari egotzi dio neurri batean, «gure gizartean andre batek ezin duelako zakilik izan», baina medikuen jardunaren eragina ere nabarmendu du: «Badago nolabaiteko estimulu bat, transexualek bere genitalak gorrota ditzaten. Hasteko, diagnostikorako irizpideetako bat da: esaten badut, agerian geratuko da transexuala naizela. Eta esaten dudana erraz sinetsi dezaket».

Gorputza aldatzeko fasean ere hutsak ditu biomedikuntzaren ereduak, Misseren iritziz. «Lortu behar dugun gorputz idealaren ideia» sustatzen du, baina halakorik ez dago: «Transexualoi min handia egin digu ideia horrek: bizitza osoa gorputz horren atzetik ematen dugu, eta aitzakia horrekin, norberarena mutilatzen, hormonatzen, lotzen dugu, eta sexualitatea ukatzen diogu». Areago, nabarmendu du transexualak ez direla beren gorputzarekiko gatazkan bizi diren bakarrak, baina euren eskaerei zilegitasuna ematen diela patologizazioak. Gorputzen gaineko presioaren adierazle jo du AEBetan antzeman duten joera bat: «Gizonei bularra kentzeko ebakuntzarekin batera, liposukzioa eskaintzen diete, sabelaldeko gantza ere kentzeko, horko giharrak errazago azalera daitezen. Hori ez dago gizon izatearekin lotuta, itxura oneko egotearekin baizik».

Ebakuntzak zalantzan

Missek argitu du ez duela gorputza aldatzeko beharra epaitu nahi, baina arazoaren muinera jotzea aldarrikatu du: «Gorputzarekiko gorrotoa nondik datorren aztertzean erabili behar ditugu energiak. Kasu batzuetan tratamenduak eta ebakuntzak onuragarriak izango dira, baina indar guztia hor jartzen badugu, gorputzaren gaineko kontsumo merkatu bihurtuko da mundua».

Baina ba al dago biomedikuntzatik kanpoko biderik? «Gorputzarekin lotutako jabekuntzaz» mintzatu da soziologoa, tentsioei aurre egiten ikasteko. «Operatuz gero funtzionalagoa izango naiz, baina ez da konponbide erabatekoa. Transexualitatea ez da ebakuntzekin konpontzen; transfobia, aldiz, sistema eraldatuz konpontzen da. Nire arazoa ez da hala sentitzen naizela, baizik eta ez dudala lekurik nire kulturan».

 

BERRIA: Euskalduntasuna eta sexufobia. Azurtzarekiko elkartasunez

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-10-26/006/001/euskalduntasuna_eta_sexufobia_azurtzarekiko_elkartasunez.htm

Iñigo Bilbao, Imanol Alvarez, Jose Ignacio Sanchez eta Jaime Mendia

EHGAMkideak

Politikari askok izaten dituzte arau heterosexualetik eta moral kristautik kanpoko harreman sexualak, gehienetan ezkutuan. Horiek ere albiste izan zitezkeen, gertatu direlako eta, ia seguru, gertatuko direlako berriro. Guk geuk, asko ezagutu arren, izenik sekula emango ez badugu ere. Ez dugu izenik emango, arestiko albisteak ez daukalako segidan doanarekin batere loturarik. Horregatik, eta zitala litzatekeelako gauza biak nahastea, biak egia biribila eta osoa diren arren.

Zitalkeria, horixe dario hainbat hedabideri, New York hiriko Euskal Etxean jazotakoaren ondoren, Aitzol Azurtzaren gainean argitara emandako albisteari. Albistea? Horra hor gakoa… Ez baitago hor albisterik. Esango digute Azurtzaren gogo sexualak aipatzea ez dela homofobia, eta haren ogibideaz hamaika sarbide aurki daitekeela sarean. Egia. Egia den bezala argazkian ageri den besteak ere seme-alaba andana egina duela, eta horiek guztiak emaztearekin larrua jotzen egin dituela, eta ez mezetan belaunikatuz. Baina kazetariak ez du halakorik aipatzen. Politika ez baita sexu jarduera heterosexualekin nahastu behar.

Homosexualitatea Azurtzaren «bihurrikeria» gaitzesteko erabili du ustezko kazetariak; lehendakariari egindako «itsuskeria» ordainarazteko, alegia. Azurtza emakume atzerritarrak etxeko lanetarako oso baldintza kaskarretan kontratatzen dituen enpresako burua balitz, eredu litzateke hedabide horientzat, eta seguru ez luketela halakorik aipatuko Euskal Etxearen aferaren gaineko albistean. Jakina, Azurtza esplotatzaile madarikatu horietakoa izan balitz, ez litzateke albiste izango, ez behintzat Urkullu jauna muturrarazteagatik. Azurtzak, baina, bere gorputzaren erabilpen autonomoa egin du sos batzuk irabazteko. Hori bai, sexuaz baliatu da inoren menpe egon barik eta inor esplotatu barik. Ezin barkatuzkoa, alegia. Eta horretan datza, hain zuzen, egunkarion homofobia eta sexufobia.

Azurtzaren gaytasuna ezaguna zen New York hiriko Euskal Etxekoak ezagutzen dituen edonorentzat. Horren ezagunak, NABOk ere —North American Basque Organizations (Ameriketako Estatu Batuetako Euskal elkarteak), hori izena, hori… alajaina!— arazoak izan dituela sagartzulo hartako txokoan gay jendeak izan duen harrera eta festarako aukeragatik. Hori bai litzateke albiste, New York edo Bartzelonako euskal etxeetan gay jaiak egin izan direla jakinaraztea, euskalduntasunak ez duelako tupust egiten gizon bik edo emakumezko bik dantza egin edo larrua jotzearekin. Euskal Etxean maritxuak bildu izan zirenean Azurtzari elkarrizketa egin eta Harri-ren gainekoak galdetuz gero, bapo! Baina ez, hedabide horiei. Gakoa hemen ez baita ageriko egitea homosexualitatea, eta, are gutxiago, sexu gogo horiek euskal emakume eta gizonon artean duten xarma. Bai zera! Asmoa Azurtzaren «gaiztakeria» agerian uztea zen, eta azaltzea zergatik egin zuen egin zuena. Zergatik? Gay delako, jendaurrean popatik hartzen duen aktore pornoa gainera. Azurtza ez da, haien iritziz, euskaldun peto-petoa; horregatik egin dio lehendakariari egin dion itsuskeria.

Horregatik guztiagatik, EHGAMkideok gure elkartasunik zintzo eta gozoena bidali nahi diogu Aitzol Azurtzari. Hainbat mediok egin diotena lotsagarria, zitala eta zerrikeria hutsa dela uste dugu, eta horrela, hitzez hitz, argitu nahi diegu euskal herritarrei. Homofobiak eta sexufobiak hamaika aurpegi higuingarri ditu, eta hau horietako bat da.

NAIZ: Euskalduntasuna eta sexufobia. Aitzol Azurtzarekin elkartasunez

Presidenteak oposizioaren jarrera txarretsi du, bart bizkartzainaren zakila xurgatzeko erabilitako aho berberaz baliatuz. Hori izan zitekeen bat.

aitzol azurtza

Aitzol Azurtza

Edo bestea: legebiltzarkide jeltzaleak abiadura handiko trenaren premia defenditu du Gasteizen, Bilbora joan aurretik mutil-lagunak popatik eman diezaion lehenik, ondoren emaztearekin eta semetxo biekin etxean afaltzeko. Horiek biak ere albiste izan zitezkeen, biak gertatu izan direlako eta, ia seguru, gertatuko direlako berriro, guk geuk izenik sekula emango ez badugu ere. Eta ez dugu izenik emango, arestiko albisteak ez daukalako segidan dihoanarekin batere loturarik. Horregatik, eta zitala litzatekeelako gauza biak nahastea, biak egia biribila eta osoa diren arren.

Zitalkeria, horixe dario bai Correok bai Diario Vascok New York hiriko Euskal Etxean jazotakoaren ondoren Aitzol Azurtzaren gainean argitara emandako albisteari. Albistea? Horra hor gakoa… ez baitago hor albisterik. Esango digute Azurtzaren gogo sexualak aipatzea ez dela homofobia, eta haren ogibideaz hamaika sarbide aurki daitekeela sarean. Egia. Egia den bezala argazkian ageri den besteak ere seme-alaba andana egina duela, eta horiek guztiak emaztearekin larrua jotzen egin dituela, eta ez mezetan belaunikatuz. Baina kazetariak ez du halakorik aipatzen. Politika ez baita sexu jarduera heterosexualekin nahastu behar.

Homosexualitatea Azurtzaren ‘bihurrikeria’ gaitzesteko erabili du ustezko kazetariak; lehendakariari egindako ‘itxusikeria’ ordaindu arazteko, alegia. Azurtza emakume atzerritarrak etxeko lanetarako oso-oso baldintza kaskarretan kontratatzen dituen enpresako burua balitz, eredu litzateke aipatu egunkari bi horientzat, eta seguru ez luketela halakorik aipatuko Euskal Etxearen aferaren gaineko albistean. Jakina, Azurtza esplotatzaile madarikatu horietakoa izan balitz, ez litzateke albiste izango, ez behintzat Urkullu jauna muturtu arazteagatik. Azurtzak baina bere gorputzaren erabilpen autonomoa egin du sos batzuk irabazteko. Hori bai, sexuaz baliatu da inoren menpe egon barik eta inor esplotatu barik. Ezin barkatuzkoa, alegia. Eta hortan datza, hain zuzen, egunkarion homofobia eta sexufobia.

Azurtzaren gaytasuna ezaguna zen New York hiriko Euskal Etxekoak ezagutzen dituen edonorentzat. Horren ezagunak, NABOk ere –North American Basque Organizations, hori izena, hori… alajaina!– arazoak izan dituela sagartzulo hartako txokoan gay jendeak izan duen harrera eta festarako aukeragatik. Hori bai litzateke albiste, New York edo Bartzelonako Euskal Etxeetan gay jaiak egin izan direla jakin araztea, euskalduntasunak ez duelako tupust egiten gizon bik, edo emazkumezko bik, dantza egin edo larrua jotzearekin. Euskal Etxean ‘maritxuak’ bildu izan zirenean Azurtzari elkarrizketa egin eta Harriren gainekoak galdetuz gero, bapo! Baina ez, hori bost bai Correori bai Diario Vascori. Gakoa hemen ez baita ageriko egitea homosexualitatea, eta are gutxiago sexu gogo horiek euskal emakume eta gizonon artean duten xarma. Bai zera! Asmoa Azurtzaren ‘gaiztakeria’ agerian uztea zen, eta azaltzea zergatik egin zuen, egin zuena. Zergatik? Gay delako, jendaurrean popatik hartzen duen aktore pornoa gainera. Alegia, Azurtza ez da, haien iritziz, euskaldun peto-petoa eta horregatik egin dio lehendakariari egin dion itxusikeria.

Horregatik guztiagatik, EHGAMkideok gure elkartasunik zintzo eta gozoena bidali nahi diogu Aitzol Azurtzari. Correok eta Diario Vascok egin diotena lotsagarria, zitala eta zerrikeria hutsa dela uste dugu, eta horrela, hitzez hitz, argitu nahi diegu euskal herritarrei. Homofobiak eta sexufobiak hamaika aurpegi iguingarri ditu, eta hau horietako bat da.

Iñigo Bilbao,

 Imanol Alvarez, Jose Ignacio Sanchez eta Jaime Mendia-rekin batera

EHGAM kideak

SOS ARRAZAKERIAk:BIZILAGUNAK 2013

Begira ezazu zure ingurura! Atzerritarrak daude zure auzoko 

kaleetan… Ba al dakizu zergatik etorri diren, nola bizi diren hemen?

Edo agian zu zeu etorkina zara eta ez duzu hemengo jendea 

ezagutzeko aukerarik izan, lagunak egin, beren bizimodua…

Mundua etxeko atarian duzu, ezagutu nahi? Jarraitu irakurtzen…

Datorren azaroaren 17an, igandea eta eguerdiko 14ak inguru, 
familia euskaldunak eta atzerrikoek elkarrekin 
bazkalduko dute. 

Bazkari bakoitzean parte hartuko dute bertako familia batek eta familia atzerritar batek.

Bazkaria familietako baten etxean antolatzen lagunduko duen dinamizatzaile bat ere izango da. 

Ez dira bakarrak izango. Une berean gauza berbera gertatzen arituko da Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. 

Parte hartu nahi al duzu? 

Idatzi info@mugak.org, deitu 943 32 18 11 edo fitxa hemen bete http://www.mugak.eu/acciones/derechos-sociales/gipuzkoa-solidaria/gipuzkoa-solidarioa-iv-2013— 


Gipuzkoako SOS Arrazakeria 1993-2013
Guztion eskubideen alde

SOS Racismo Gipuzkoa 1993-2013
Por los derechos de todas las personas

NAIZ: Aitzol Azurtzaren bizitza pribatua bortxatu izana salatu du New Yorkeko Euskal Etxeak

Orain arte New Yorkeko Euskal Etxeko lehendakari izan den Aitzol Azurtzari elkartasuna adierazi dio bazkideen batzarrak eta zenbati komunikabidek bere bizitza pribatua bortxatzeko egin duten «lan zitala» salatu du.

aitzol azurtza

Aitzol Azurtza. (Gotzon Aranburu)

Euskal Etxearen mendeurren ekitaldietan gertatutakoak soka luzea ekarri du. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek zorion mezua igorri zuen bideo bitartez, eta New Yorken zen Iñigo Urkullu lehendakariak ez zuen begi onez ikusi ekitaldian hura botatzea. Ezadostasunak izan zituzten antolatzaileek eta Lakuako ordezkariek, baina Euskal Etxeak onartu egin zuen bideoaren emanaldia bertan behera uztea.

Bertan gertatutakoa, ordea, Euskal Herriraino heldu zen Aitzon Azurtza presidente zenaren hitzen bitartez. Gogor salatu zuen berak Lakuako ordezkaritzak izan zuen jarrera.

Ondoren, bere aurkako zenbait informazio argitaratu dira komunikabideetan. Horien artean, aktore pornoa zela esaten zutenak. Horrek bere presidente kargua uztera eraman zuen.

Euskal Etxeko bazkideen batzarrak eskutitza igorri die bazkide guztiei, Azurtzaren aurka zenbait komunikabidek izandako jarrera salatu eta bere jarduna defendatzeko. «Narda ematen digu eta goibeldu egiten gaitu zenbait komunikabidek Aitzolen bizitza pribatuaz egin duen erabilera interesatua», esan dute.

Halaber, Izagirreren bideoaren harira sortutako polemikaren ildotik, Azurtzari zuzendaritza-kontseiluak hartu zuen erabakia berari eta solik berari egotzeko izan diren ahaleginak salatu ditu Euskal Etxeak. «Batzarrak bere egiten ditu zuzendaritza-kontseiluak hartutako erabakiak eta gure Euskal Etxearen burujabetzaren alde hark erakutsitako irmotasuna», dio eskutitzak.

Aitzol Azurtzak bazkideen «begirune osoa» duela azpimarratu dute eta Euskal Etxean egindako lana goratu. «Aitzoli gure elkartasuna adierazten diogu, Euskal Etxearen independentziaren alde bere buruaren kaltean egindako sakrifizioa eskertzen diogularik».