BERRIA: “Askatzailea izan da genero arauak bihurtzen dabilen jendearekin lan egitea”

Marie Losier (Rambouillet, Frantzia, 1972) zinemagilea New Yorkeko undergroundaren erretratugilea da. Artelekun (Donostia) dabil egunotan bere lana erakusten. Gaur, hiru film aurkeztuko ditu, 17:00etatik aurrera. Gaur paperean argitaraturiko elkarrizketaren bertsio luzea da hau.

marie losier

Marie Losier

Oso normala ematen duzu. Nolatan hasi zinen New Yorkeko faunarik bitxienean interesa hartzen?

Oso normala ematen dut, alajaina [barre]. Ameriketako literatura eta antzerkigintzan masterra egin nuen, eta beka bat eman zidaten New Yorkera joateko tesia idaztera. Eta ez nintzen itzuli. Arte eskolan pintura ikasten ari nintzela, Ocularis zinema-klub zoragarria ezagutu nuen, eta hor hasi nintzen pentsatzen filmak egiteaz, hasieran beldur handia ematen bazidan ere. Richard Foreman antzerki zuzendaria ezagutu nuen eskolan, eta harentzako atrezzo-a egiten hasi nintzen. Oso esperimentala da, eta, haren bidez, undergroundeko jendea ezagutzen hasi nintzen. Mutilagunarekin apartatu nintzenean, bere 16 milimetroko kamera eman zidan. Oraindik erabiltzen dut, eta horrekin egin ditut nire film guztiak.

Zure lana ez al zen errazagoa izango kamera digital batekin?

Filma maite dut, eta baita 3 minutuko bobinekin lan egitea: halako mugarekin, arreta handia jarri behar diozu filmatzen duzunari. Gainera, ez duzu ikusten filmatzen ari zarena, eta horrek arreta are gehiago zorroztera behartzen zaitu. Gainera, soinurik hartzen ez duenez, jendeak lotsa galtzen du kameraren aurrean eta filmatzen ari dela ahaztu egiten dute. Horregatik aukera ematen dit jendearengan asko hurbiltzeko. Kamera handia eta astuna da, eta fisikotasun horrek pinturara hurbiltzen nau.

Gaur ‘The Ballad of Genesis and Lady Jaye’ (2011) filma erakutsiko duzu. Genesis P-Orridge (Throbbing Gristle zein Psychic TV taldeetako sortzailea) eta Lady Jaye musikari bikotea dira protagonistak, baina ez da musikari buruzko filma.

Zazpi urte behar izan nituen filma egiteko, eta haien bizitzan sartu nintzen benetan. Ez nekien zer filma mota egiten ari nintzen. Hasieran uste nuen musika dokumental bat egiten ari nintzela, baina, poliki, ikusi nuen amodio istorioak hori gainditzen zuela, maitaleon eraldaketarengatik.

Izan ere, elkarrekin horren maitemindurik zeuden, non ebakuntza estetikoak egiten hasi ziren, elkarren antza izateko.

Maiatasuna dela-eta, elkarrekin artea eta bizitza nahasten ari zirela ikusi nuen, eta istorioaren alde erromantikoan arreta jartzen hasi nintzen. Oso harreman berezi, bitxi eta indartsua zuten. Bizitzeko eta artea egiteko muturreko modua zuten, baina euren maitasun istorioa oso normala zen, heterosexuala modu xelebre batean, eta oso erromantikoa. Pertsonaia soil eta hauskorrak dira, eta hauskortasun horrek erakartzen du ikuslea, ustekabekoa delako.

Maitasun erromantikoaren kontrako kanpainak egiten dituzte gure inguruan, eta zuk surrealisten ‘amodio eroa’-ren ideia berreskuratu duzu?

Ni oso erromantikoa naiz, eta amodio istorio xelebreak maite ditut, eta baita maitasun erromantikoak sortzen duen lotura hori, ez soilik pertsona batengan, baita hiri batekin, edo bizimodu batekin. Kasu honetan, gainera, artea, bizitza eta gorputzaren arteko banaketarik ez egotea maite nuen.

Erakutsiko duzun beste filmetako bat Peaches musikariren ingurukoa da.

Film laburra da, komedia bat: opera abesten Veneziako gondola batean. Veneziako Biurtekoan lan egin genuen elkarrekin. Nowness kazetak eskatu zidan egiteko, eta pentsatu nuen niri eskatzen bazidaten, ez zutela film komertzial bat nahi izango. Emaitza ikusi zutenean, ezin zutela erabili esan zidaten: «Xelebreegia da». Beraz, niretzat gorde nuen eta orain erakutsiko dut lehen aldiz.

Honen kasuan ere, generoaren eraikuntza da kezketako bat. Queer teoriaren bidez hartu duzu interesa horretan?

Ez, inolaz ere ez. Ustekabean etorri zait hau guztia, adiskidetasunen bidez, ez bilatu dudalako edo neuk horretan interasa nuelako. Baina generoaren ingurko gizarte arauak bihurtzen dabilen jende honekin lan egitea oso askatzailea izan da. Ez da pertsonen bizimodua edo desiomodua epaitu behar. Genesis bezala, Peaches maitale erromantiko normaleena da: Cony senartzat izan du azken 11 urteotan, eta amodio istorio arrunt bat daukate.

Erakutsiko duzun azken filma Alan Vegaren ingurukoa da. Honena ere egunerokotasun magikoa da?

Ia familia film bat da, eta, berriz ere, muturreko artista etxean aita zintzo bat dela erakusten dut. Zahartzen ari den eta gaixo samar dagoen pertsona gizo eta hauskor baten erretratua da.

Artistei ia dena barkatzen die gizarteak. Norbere pertsona nahi bezala eraikitzeko askatasun hori eredu izan al daiteke artista ez direnentzat?

Geruza asko ditugu denok. Askatasuna barruko gune batetik dator, baina leku beretik datoz hauskortasuna, zalantza eta beldurra. Ez dakit hauek eredu izan daitezkeen, jende askorengana heltzen ez den arte formak erabiltzen baitituzte. Ez dakit artista ez direnek euren pertsonak eraldatzerik izango duten, baina, gutxienez, diberti daitezke.

Zertan ari zara lanean orain?

Film luze bat egin nahi dut Mexikoko lucha libre borrokalari gayen inguruan. Exoticos deitzen dituzte euren buruak, eta Mexiko bezalako herrialde matxista batean oso baztertuta daude.

BERRIA: Printzesa deseraikitzen

Martxoaren 8ari begira (II). Emakumeen nortasuna

Printzesaren irudiarekin lotuta dago egungo gizarteak sustatzen duen andre eredua. Feministek hainbat lantegi antolatzen dituzte, feminitate hori hautsi eta jabekuntza prozesua abiatzeko.

Virginie Despentes pentsalari feminista frantziarrarena da ohartarazpena: «Izan gaitezen errealistak: saldu diguten ideal hori, emakume txuri seduzitzailea baina ez puta, ongi ezkondua baina ez inoren itzalpekoa, lan egiten duena baina bere gizona zapuztuko lukeen arrakastarik lortu gabe, argala baina ez elikadurarekin obsesionatua, beti gazte baina kirurgia estetikoak desitxuratu gabea, ama betea baina pardelekin eta eskolako lanekin gainezka egiten ez duena, etxekoandre ona baina ez neskamea; […] emakume hori ez dut sekula inon aurkitu. Litekeena da, gainera, ez existitzea».

XXI. mendean emakume izateak feminitate eredu ezinezkoa erdiesten saiatzea dakarrela ondo adierazten du King Kong Théorie liburuko pasarte horrek (euskaraz irakur daiteke Edok argitaratutako Genero ariketak lanean). Ederrak, atseginak, samurrak, baina mendekoak, ahulak, pasiboak… eta maitasunean oinarritutako bizi proiektuarekin. Feminitatearen ezaugarri horiek guztiak biltzen ditu ipuinetako printzesaren irudiak, Irantzu Varela kazetariaren ustez (Portugalete, Bizkaia, 1974): «Emakume guztiok dugu printzesa bat barruan, neurri batean, ez daukagulako printzesak ez diren errefenterik».

Izan ere, eredu hori berrindartuz ari da sistema patriarkala emakumeen nortasun molde bat inposatzen: «Gaur egun, nekez konbentzituko gaituzte ezin dugula lan egin, abortatu edo gidatu, baina nolakoak izan behar dugun adieraz diezagukete, hedabideek, kulturak eta ingurune sozialak etengabe igortzen dizkiguten mezuen bidez. Indarkeria sinboliko hori da emakumeen aurkako errepresio tresna indartsuena».

Faktoria Lila taldearen bidez, desprintzesatze tailerrak ematen ditu Varelak, andrazkoen bizimodua gurutzatzen duen irudi hori deseraikitzeko. Lau esparruren analisi kritikoa egiten dute: maitasun erromantikoa, gorputza eta edertasuna, lana eta enplegua, eta desioak. Funtsean, jabekuntza prozesuaren lehen urratsa da: «Menderatze sistema hain dago ondo planteatuta, ezen emakume askok desberdintasunik ez antzematea lortu duen. Hortaz, ezinbestekoa da gutako bakoitza konturatzea bizi, nahi eta espero ditugun gauza asko patriarkatuak inposatu dizkigula».

Maitasuna erdigunean

Ezkontza jarri du adibide. Andrazkoak mendekotasun psikologikora bultzatzen dituen harreman heterosexualen sinboloa delako: «Maitasuna gure bizi proiektu nagusi izan dadin hezi gaituzte. Baina ez maitasunaren bidez plazera eta ongizatea lortzeko, baizik eta gizon batek bizi osoan maite gaitzan lortzeko. Besteek maite gaituztenaren arabera maite dugu geure burua emakumeok».

Ildo horretan, kezkatuta agertu da, ezkontzea «bizitzan helburutzat» duten andre asko dagoelako oraindik: «Ezkontzeko ilusioa izatea ez litzateke berez kaltegarria izango, ez balitz agindu sozial bat. Bikotekiderik eduki gabe ere ezkondu nahi duen jendea egotea ia patologikoa iruditzen zait. Baina munduan bortxaz hildako hamar emakumetik lau bikotekidearen esku hiltzen direla kontuan hartuta, ondorioztatu beharko genuke gizonezko bikotekide bat izatea arrisku praktika bat dela emakumeentzat».

Gaineratu du maitasunaren ideia lanarekin lotuta dagoela, ordaindu eta aitortu gabekoarekin batik bat, hau da, andrazkoen gain erortzen den zaintzarekin bereziki. «Emakume batzuek identifika dezakete garbigailua jartzea eta kozinatzea lana dela, baina ez seme-alabak zaintzea, maitasunagatik egiten dutelako. Eta hori da patriarkatuaren engainurik handiena: zaintza lan guztia andreok egin behar dugu, doan, pozik, maitasunez; eta horrek zoriontsu egiten ez bagaitu, errudun sentituko gara».

Feminitatearen «tranparik handiena» maitasuna dela berretsi du Josebe Iturrioz filosofoak (Ordizia, Gipuzkoa, 1978): «Batzuek jarraitzen dute harremanak idealizatzen, bizitza osoa bikotearen inguruan eraikitzen… Gaur egun, gure harremanak, nola ugaltzen garen, zertara lotzen gaituzten gure afektuek… hori klabe politiko kritikotik aztertu behar dugu».

Printzesaren eredua hausteko ez ezik, maskulinitatearekin esperimentatzeko aukera ematen dute drag king tailerrek. Euskal Herrian, Medeak talde feministak antolatzen ditu, eta, besteak beste, Iturriozek berak ematen ditu. Lantegiotan, gizonak balira bezala janzten eta jarduten dira emakumeak. «Gizonaren rola egiteko, aurretik zure feminitatea irakurri eta deseraiki behar duzu». Baina ez da mozorro soil bat; xede politikoa du: «Gorputza zeharkatzen duen esperientzia bat da: espazio publikoan beste modu batera egoteko aukera ematen die emakumeei, maskulinitateak duen boterea bizitzekoa. Eta, bide batez, nabaritzen dute gizonentzat zein erraza den munduan erregeak bezala egotea».

Generoa, gorputzean

Gorputzaren bidezko jabekuntza lantzen du Iturriozek batik bat, erabat aurkakoa delako abiapuntua: «Emakumeen gorputza bera desjabekuntzan edo botere expropiazioan dago hezia». Feminitateak oinarrian duen ahultasuna fisikoki ere antzeman daitekeela erantsi du: «Nola esertzen gara? Hankak gurutzatuta, makurtuta, espazio gutxi okupatzen… Gorputzak bere espresioetan erabiltzen dituen genero esanahiak aztertzen ditugu, eta hor ikusten dugu boterea: hankak zabalik esertzen banaiz, espazio bat hartzen ari naiz, eta hor boterea dago».

Baina hori baino sakonagoa da auzia. Gorputzaren eta buruaren arteko dualtasunik ez dagoela azaldu du Iturriozek, eta Karl Marxen alienazioaren kontzeptua hartu du erreferentzia gisa: «Lehenengo alienazioa ez da klasea, gorputza baizik. Pertsonok bizi gara gure gorputza kanpo objektu bat balitz bezala, baina egiaz gorputza baino ez gara. Munduan egoteko modua da norbere gorputza».

Varelak zehaztu du gorputzetik kanpo bizi direla andreak, baina gorputzarekin obsesionatuta: «Emakumeok gure gorputza gustuko izan ez dezagun oso ondo antolatuta dago sistema patriarkala». Egonezin hori, aldi berean, zuzenean lotuta dago harremanak eraikitzeko moduarekin: «Gure gorputza baldin bada pertsonok dugun gauza bakarra, eta zure gorputza gustuko ez baduzu edo zure gorputzarekin identifikatzen ez bazara, nola erlazionatuko zara munduarekin? Mendekotasun eta botere gabezia posizio batetik».

Edertasun kanon nagusiaz mintzatu da Iturrioz ere. Itxura fisikoaren bidez emakumeen gaineko «kontrola» sustatzen dela salatu du: «Erregimen basatia inposatzen zaie». Telebistaren mundura jo du adibide bila: «Emakumeek ordubete lehenago joan behar dute ilea apaintzeko eta makillatzeko, zeren, telebistan ateratzeko, txapa eta pintura behar dute; gizonek ez, itsusiak, lodiak eta burusoilak izan arren. Azken batean, emakume batek zer izan behar du bizitzan? Lirain».

Areago, kirurgia estetikora eta andreentzako edertasun produktuetara osasuna ikertzera baino baliabide gehiago bideratzea kritikatu du: «Gaur egun feminitatea puntako teknologia da; emakumeei buruzko irudia teknologikoa da, naturala baino gehiago. Pelikuletan ikusten ditugun emakumeak ez dira egiazkoak, ez genituzke ezagutuko kalean. Horra iristea ezinezkoa da».

Baina gurutzada horretan sartuta daude andrazko asko. Gorputz argalak eta gazteak dira eredugarri, eta andreei etengabe ikusarazten zaizkie akatsak. Varelaren hitzetan, «botika batera sartzen garenean, ile zuriak, orpo urratuak, zelulitisa, zimurrak… baino ez ditugu ikusten. Emakumeei segurtasun handia kentzen zaie, hala». Iturriozen hitzetan, «guk aztertua dugu anorexiaren arazoa. Oso konplexua da, ezin da eder egoteko nahira murriztu, baina badu harremana emakumeen gorputzen patu argal horrekin». Deitoratu dute andreek hainbeste baliabide, denbora eta ahalegin eskaintzea gorputza aldatzeari. «Baina hori guztia baino esanguratsuagoa da emakumeen autoestimuan eragiten den kaltea», esan du Varelak.

Aldi berean, ordea, itxura fisikoak, norbere burua ondo ikusteak, emakumeen jabekuntzan lagun dezakeela uste du Faktoria Lilako kideak. Baina nola zaindu norbere irudia, mendekotasun horietan erori gabe? Muga lausoa dela onartu du: «Minigona batek edo ezpain gorri batzuek, berez, ez zaituzte patriarkatuaren esklabo egiten: giltzarria da nola janzten dituzun». Aldea jarreran dagoela nabarmendu du: «Ezpainak gorriz margo ditzakezu zu gustura egoteko, baina ez besteen gustuko izateko. Norbaiten desioa piztuko duzula ere jakin dezakezu, baina ez dituzu margotuko besteen desioetara makurtzeko. Begiradak kudeatzeko modua ere desberdina da: papar zabala janzteagatik ez dut zertan gustuko ez dudan begirada bat jasan».

Transfeminismoa txertatuz

«Norberak asmatu behar du zein den feminitate propio hori, feminitatetik egin nahi badu», erantsi du Iturriozek. Pauso bat gehiago ematea proposatzen dute drag king tailerretan: maskulinitatea lantzea. Izan ere, gizon-emakume binarismoa hautsi egiten dute, diskurtso transfeminista txertatuz. Funtsean, muturreko maskulinitate eta feminitatearen artean, sexu zein genero gehiago daudela azaleratuz. «Ni bezalako bollera, marimutil, trabesti, transgenero horiek guztiek gorputz askori ateak ireki dizkiete: beren bizitza beste era batera bizitzeko aukera eman diete».

Dena den, eredu hegemonikoetatik urruntzen diren generoen bidea ez da erraza; lumak dakarren zigorraren jakitun dira Medeak-ekoak. Iturriozen arabera, «nire kasuan, oso garrantzitsua izan da maskulinitatera diskurtso indartsu batekin sartzea, horrek egin duelako ni sendo sentitzea, eta zamari zein bazterketari aurre egin ahal izatea». Baina zer gertatzen da horretarako prest ez daudenekin? Iturriozek erantzun du pertsona bakoitzari dagokiola bere maskulinitate edo feminitatea definitzea, norbere beharretara egokituta. «Estrategia politiko feministak edukitzea da inportanteena; gero, gorputz bakoitzak erabaki beharko du genero inskripzio hegemoniko horietan nola kudeatu bere sexu, genero eta desio kontuak».

“Sexualitatea, Genero eta Garapena”-ri buruzko kurtsoa antolatzen du MEDICUS MUNDIk

 Aurten, martxoaren 17 tik apirilaren 3ra arte izango da,  Donostiako EHU-ko Ignacio M. Barriola Zentruan (Aularioa).

Kurtso egiteak,  kreditu bat suposatzen du eta hiru pertsonak hautatuko dira Perun Manuela Ramos Mugimenduarekin  bi hilabetez PRAKTIKA BEKADUNAK egiteko.

Ikastaroan izena emateko, martxoaren 10 arte email bat bidal dezakezue voluntariado-gipuzkoa@medicusmundi.es helbidera, gaian “XIII. Ikastaroa” aipatu eta mezuan interesdunaren izen-abizenak gehituz. Matrikularen ordainketa (10 €) Kutxabank bankuaren 2095 5001 04 1060532875 zenbakian edo eta Laboral Kutxaren 3035 0060 41 0600043748 zenbakian egin behar duzue.

Kurtsoaren programa atxikitzen dizuegu. Informazio gehiagorako sartu: http://www.porlosderechossexualesyreproductivos.org/kurtsoa.php  edo deitu 943-404740 telefonora.

http://www.porlosderechossexualesyreproductivos.org/kurtsoa.php

GURE GORPUTZA, GURE ERABAKIA / 7 de marzo: NUESTRO CUERPO, NUESTRA DECISIÓN

Martxoaren 7an, 19:00etan, ELKARRETARATZEA Donostiako Kursaalaren aurrean

GURE GORPUTZA GURE ERABAKIA NUESTRA DECISIÓN NOTRE DECISION

El 7 de marzo, a las 19:00, CONCENTRACIÓN delante del Kursaal de Donostia

 

Martxoak 7

BERRIA: Afrika, homosexualen zigor

Kontinenteko herrialderik gehienetan, delitu dira sexu bereko pertsonen arteko harremanak. Halakoengatiko kondenak gogortzeko asmotan dabil Uganda; oraintxe, bizi guztiko kartzela zigorra ezar dakieke homosexualei.

activistas africanos contra leyes antigay

Homosexualen protesta bat Kenyan, Ugandako Gobernuak Nairobin daukan ordezkaritzaren egoitza aurrean. / DAI KUROKAWA / EFE

Kampalako kaleetan barrena larri dabil John Wambere. Aitortu du sarri jiratzen dela inor atzetik dabilkion egiaztatzeko. Denis Wamalak ez du sekula garraio publikorik erabiltzen hirian, eta, afaltzera edo zerbait hartzera joatekotan, lokal garestienetara joaten da, horietan segurtasun neurri handiagoak dituztelako batik bat. John eta Denis homosexualak dira, eta mehatxu, eseste eta jipoien biktima bihurtu ditu beren aktibismoak. LGTB Lesbiana, gay, transexual eta bisexualen komunitateak jasaten duen gizarte eta lege bereizkeria areagotu egingo da Ugandan, baldin eta homosexualitatearen kontrako legea onartzen badute, zeinetan jasoa baitago bizi guztiko kartzela zigorra hainbat kasutan.

Joan den astean, herrialdeko presidente Yoweri Museveni-k Erresistentzia Nazionalerako Mugimenduko kideei iragarri zien horren inguruko araudia sinatuko duela, abenduan parlamentuaren babesa lortu zuena bera. Egungo legea kolonialismoaren garaikoa da, eta, hor jasoa dagoenez, delitu dira sexu berekoen arteko harremanak. Araudi berriaren izapideak 2009an hasi ziren egiten, eta, hasieran, heriotza zigorra ezartzeko asmoa zuten «inguruabar astungarriak» dituzten homosexualei dagokienez, besteak beste «berrerorleei», baina, azkenean, kartzela zigorra bakarrik ezarri dute gehieneko zigor gisa. Lege proiektuaren arabera, debekatua dago homosexualitatea sustatzea, eta horrek, bi aktibista ugandarren ustez, legez kanpoko bihurtuko lituzke LGTB komunitatearen eskubideak aldezten dituzten erakundeak, eta delitu izango litzateke gay direnen berri ez salatzea agintariei.

Musevenik legeria zigortzea erabaki zuen; izan ere, zientzialari talde batek egindako txosten bat jaso zuen, eta, hor ondorioztaturikoaren arabera, homosexualitatea «ez da ez genetika kontu bat ez gaixotasun bat», baizik eta «jokabide anormal bat, hori besterik ez, bizitzako esperientziei esker ikasia». Horrez gainera, lan horretan jasoa dagoenez, «halako jardun bat arau eta lege bidez mugatu beharra dago, beste edozein giza jokabideren antzera, batik bat ahulenak babestearren».

Txosten hori «hiru astean bakarrik» egin zuten, «denbora nahikorik gabe, gutxieneko ikerketa zientifiko bat egiteko»; hala esan du Denis Wamalak, zeinaren ustez «gobernuak entzun nahi zuena» baino ez baitakar.

Gudu judiziala

Behin herrialdeko presidenteak —28 urte egin ditu kargu horretan— hala iragarririk, luze gabe hasiko dira legeria berria ezartzen, baina giza eskubideen aldeko hainbat erakundek eta LGTB taldeek ez dute amore eman nahi, eta gudu judizial bati ekiteko asmotan dabiltza hori eragoztearren. Ugandako Zuzenbide Gizarteak, Giza Eskubideen Aldeko Batzordeak eta Giza Eskubideen Ekinbiderako Fundazioak adierazi dutenez, konstituzioaren kontrakoa da lege proiektua, herrialdeko konstituzioko 29. artikulua urratzen baitu, zeinaren bidez berme sendo batzuk ezartzen baitira adierazpen, kontzientzia eta sinesmen askatasunei dagokienez.

Kanpoaldetik ere iritsia da lege multzo homofobo horren aurkako arbuioa. Besteak beste, Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen kritikak izan dira deigarrienak; logikoa ere bada, kontuan izanik AEBek ematen diotela diru laguntzarik handiena Ugandari —400 milioi dolar urtean— eta aliantza militar estua duela hamar urte baino lehenagotik Kampalarekin. Hauxe esan zuen Obamak joan den igandean, homosexualitatearen kontrako lege hori onartzearen inguruan: «Korapilatu egingo luke Ugandarekin dugun harreman preziatua». Hurrena, asteartean erantzun zion Etika eta Osotasuneko ministro Simon Lokodok: Afrikako Estatuaren subiranotasunaren alde egin zuen, eta xantaia egin izanaz akusatu Obama.

Homofobia legal orokortua

Uganda ez da salbuespen bat Afrikan. AI Amnesty Internationalek egin berri duen txosten baten arabera —Maitasuna krimen bihurtuz—, homosexualitatea delitu da kontinenteko 38 herrialdetan, eta, horietako batzuetan, hala nola Somalian eta Sudanen, heriotza zigorra ere ekar lezake. Urtarrilean, Nigeriako presidente Jonathan Goodluckek oniritzia eman zion Kartzelatu gayak deritzon legeari, zeinaren bidez hamalau urte arteko zigorrak ere ezartzen baitira, eta sexu berekoen arteko ezkontzak ez ezik homosexualen eskubideen eta berdintasunaren aldeko elkarteren bateko kidea izate debekatzen baita. Aste honetan bertan, hauxe adierazi zuen Yahya Jammeh Gambiako presidenteak —herrialde horretan ere, hamalau urtera arteko kartzela zigorra ezarria dute homosexual izateagatik—: «Gay izeneko parasito horien kontra borrokatuko gara, malaria eragiten duten eltxoen kontra egiten dugun bezalaxe».

Afrikan homofobia gero eta handiagoa izatea hainbat arrazoiri zor zaio, baina, horren inguruko analisi ia guztietan nabarmendu dutenez, erlijioak pisu handia izan du, batik bat kontinente osoan barrena barreiaturiko muturreko talde kontserbadore iparramerikarrei esker. Ugandan, John Wambereren iritziz, gobernuaren estrategia bat ere izan da, «alegia, arreta desbideratzeko, hark ezin okerrago kudeatu izaki ekonomia, osasun eta hezkuntza alorrak».

Bai John Wamberek bai Denis Wamalak aitortu dute gero eta bereizkeria handiagoa pairatzen ari direla aktibista izateagatik. Wamberek bidaia agentzia bat du Kampalako erdialdean, eta bezeroak galdu ditu bere burua aktibista homosexual gisa ikusgarri egiten hasi zenez geroztik; atxilotu ere egin dute bi alditan, beste norbaitzuek salatu zutelako homosexuala zela. Denis Wamalari, berriz, hainbat komunikabidetan agertzeagatik —aldezteko bakoitzaren sexu joera gorabehera pertsona guztiek dutela berdintasunerako eskubidea—, heriotza mehatxuak egin zizkioten txikitako hainbat lagunek, eta senitartekoek ere arbuiatu egin zuten hainbat urtetan.

Biek aitortu dute erasoko dieten beldur direla, baina, oraingoz, ez dute Ugandatik alde egiteko asmorik, jakitun luzera begirako borroka dutela, gehiengoa homofoboa den gizarte baten mentalitatea aldatzea baitute helburu. «Gu ere ugandarrak garela esan ahal izan nahi dugu, horixe baino ez; normalak garela eta ez dugula inolako arazorik. Besterik ez», esan du azkenean John Wamberek. Amets bat, oraintxe bertan, urrun begitantzen zaiena, ezinago urrun.

ESTRENO MUNDIALA KORTXOENEAN!!!

OTSAILAK 27, OSTEGUNA: KORTXOENEA GAZTETXEAN (GROS)

ARRATSALDEKO 19:O0

DOHAINIK

JUEVES 27 DE FEBRERO- KORTXOENEA GAZTETXEAN (GROS)

19:00 HORAS

GRATIS

27 Urte ez dira ezer!

Zintzilik Irratia, herri baten historia

(Zintzilik Irratia, 80´, 2013)

Euskara / Gaztelera (azpititulatua)

Zintzilik Irratia, Oreretako irrati librea, 80. hamarkadan sortu zenEuskal Herriko irrati libreen filosofia eta testuinguruan. Oreretako mugimendu sozialetako pertsonek sortua izan zen hedabide ofizialetan ahotsa ez zutenei ahotsa emateko (intsumisioa, feminismoa, ekologia, homosexualitatea, euskara…) eta herritik eta herriarentzat

informatzeko. Hori dela eta, ez da irratiaren historia bakarrik kontatzen, Oreretako borroka sozial eta politikoaren zati txiki bat ere jasotzen da. 70. hamarkadako herri asanbladetatik gaur eguneraino, Zintzilik Irratiaren mikrofonoen ikuspegitik kontatua.

Trailerra:

http://www.youtube.com/watch?v=_sgBjFALT0k&list=UUy_Gl0Flmfx_dBdLewIvteA#t=149

TAUPADA FEST, Otsailak 22 MOGAMBO Aretoan

taupada fest

Antolatzaileak: Mamba Negra, Lepotik Zintzilik eta KRASH!

Oreretako Zintzilik Irrati libreko hiru programa musikal eta kontrakultural horietako jendea gara. Musika azkarrarekiko eta

letra kritikoekiko dugun maitasunak elkarturik TAUPADA FEST izena jarri diogun jaialdia antolatzea erabaki dugu.

Otsailak 22, larunbata

Mogambo Aretoa (Trintxerpe)

22:00 tan- 5 euro

THRASHGRESSION – Trash Metal Zarautz

Zarauzko kostaldetik soinu gogorrak Thrash Metal hirukote honekin. Endless Pollution beraien lana aurkeztuko digute.

http://thrashgression.bandcamp.com/album/endless-pollution

ADDENDA – Fast Core Bartzelona

Hau ere beste hirukotea, Bartzelonatik iritsiak Hard Corearen abiadan. Hamato Yoshi talde portugaldarrarekin batera aurkeztutako beraien azkeneko singlea aurkeztuko digute.

http://addenda.bandcamp.com/releases

GAITZE – Raw Punk Azpeitia

Azpeitiako hirukotea, Karkabako kide ohi batzuek osatutakoa, soinu punk gordin eta amorratua.

http://elektrikagrabaketak.bandcamp.com/album/gaitze

CONTROL DE PLAGAS – Hc Punk Bilbo

Fallen, Cordura, Spandau Bullet eta John Merrick bezalako Hard Core taldeetatik etorritako partaideek osatutako laukote bilbotarra. Berriki kaleratu duten diskoa aurkeztuko digute.

http://controldeplagas.bandcamp.com/album/control-de-plagas

DJ NATURISTA + DJ KRASH!

Festa bukatzeko ez da ezer hoberik etxeko bi djek giroturiko musika saioa baino.

.. Zintzilik Irratiko eta Mogamboko jendearen konpainia ona ahaztu gabe… eta birrak euro 1 ean!!!!!

BIGUNE FEMINISTAk :FESTA DEZAGUN Gaurdanik Geroa!!!

Kaixo lagun!!!
Bilgune Feministatik dokumental bat osatu dugu herri desberdinetako talde nahiz norbanakoen bizipenetatik abiatuta. Euskal Herriko jai ereduen erakusleiho txiki bat da, emakumeen parte hartzearen  eta jai ereduen inguruko gogoeta feministetatik abiatzen dena.

 

aurkezpena_festadezagun_email

 

Lehen aurkezpena Zarautzen egingo dugu otsailaren 20an, arratsaldeko 19:00etan Zine Modelo aretoan.

Gonbidatuta zaudete eta bide batez, proiektu honetan modu batera edo bestera parte hartu duzuten guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu.

Mila esker!

FESTA DEZAGUN gaurdanik geroa.

CONCENTRACIÓN. ELKARRETARATZEA MARTES 18, A LAS 19:30, ASTEARTEA 18 PLAZA DE GIPUZKOA DONOSTIA

BASTA DE MUERTES EN LAS FRONTERAS

Mugetan heriotz gehiagorik ez.

¿ES ÉSTA LA EUROPA QUE QUEREMOS?
HAU AL DA NAHI DUGUN EUROPA?

Tras la comparecencia en el Congreso del Ministro del Interior, no podemos aceptar sus no explicaciones, que son la enésima versión tergiversada de lo que sucedió.
Rechazamos la criminalización de las víctimas, lo que supone una doble humillación de las mismas.
Exigimos responsabilidades.
Para ello convocamos la concentración.

Barne Ministroaren azalpenen ondoren, ezin dira ontzat jo hamaika aldiz aldatu dituzten gertatutakoaren arrazoiak.
Biktimen kriminalizazio iraingarria arbuiatzen dugu.
Erantzukizunak exijitzen ditugu.
Horretarako elkarretaratzea deitzen dugu.

Ceuta15-II-14-2Verja(1) Ceuta15-II-14-1Playa

 

MADELON SARIAK 2014

Cartelmadalen2014webTriptico2014IMP_Página_1Triptico2014IMP_Página_2