POBREZIA 0

0 pobreza DEF gipuzkoa

ERALDAKETA ABIAN DA. POBREZIA 0, BADIRA BESTE BIDE BATZUK

Urriaren 17an ospatuko da pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna.   Aurten ere hainbat kolektibo sozial elkartuko gara egun hori salaketarako eta aldarrikapenerako jardunaldi izan dadin.

Salatzen dugu:

–         Krisi global honek agerian utzi du sistema kapitalista eta patriarkalak pobrezia eta bazterkeriaren adierazpen berriak baino ez dituela sortzen gero eta sektore zabalagoetan, bai gure gizartean (bereziki gazte, emakume eta etorkinen artean) eta bai mundu osoan. Krisi honen jatorria sisteman bertan dago; sistema bat, biztanleriaren zati txiki baten aberastasuna lehenesten duena gehiengoaren pobretzearen eta planetaren hondamendiaren gainetik.

–         Produkzioa, espekulazioa, jabetza pribatuaren pilaketa, mugarik gabeko hazkundea eta kontsumoa ez dira bateragarriak bidezko bizimodu iraunkorrarekin. Ezin da pobrezia kontrolatu aberastasuna kontrolatzen ez bada, batik bat kontuan hartuta baliabideak mugatuak direla. Berehala hasi behar dugu aberastasunaren, pilaketaren eta xahutzearen aurka borrokatzen.

–         Gobernuek milaka milioi gastatu dituzte finantza erakundeak erreskatatzeko eta ez diete ezer eskatu horren truke. Bien bitartean murrizketa sozialen politikekin jarraitzen dute, urtetako borrokaren ostean lortutako eskubideak urratuz, zerbitzu sozial publikoak pribatizatuz, errenta eta kapital handienentzat onuragarriak diren politika fiskalak aplikatuz eta, beraz, zerga bilketaren pisua klase langileen gainean ezarriz eta, besteak beste, konpondu gabe utziz zerga iruzurraren arazoa. Hori ez da konponbidea.

–         Doikuntza politika horien ondorioz hazi egin dira langabezia, prekarietatea, bazterkeria eta emakumeenganako diskriminazioa; berriro itzuli dira politika autoritarioak, pertsonen zirkulazio librea eragotzi da eta ahaztu egin dira herrialde pobretuetako zein gure gizarteetako pobrezia desagerrarazteko konpromisoak. Datuak argiak dira: 2012an milioi bat lagun gehiago, hots, %9,2 gehiago sartu ziren munduko aberatsenen multzoan. Aldiz, Europan pobrezian eta bazterkeria sozialean erortzeko arriskuan daude biztanleen %24,2, eta Euskadin, 2012an, 435.000 (%19a) lagun bizi dira pobrezian.

Aldarrikatzen dugu:

–         Joko-arau asko goitik behera aldatuko dituen eredu berri bat. Eredu alternatibo bat, hazkunde, kontsumo eta lehiakortasunaren mitoetatik ihes egiten lagunduko diguna. Gizarte eta ingurumen aldetik sostengarria izango den sistema bat nahi dugu, zoriona eta ongizatea lortzeko balioko diguna. Hitz batez, bizitza eredu berri batzuetarantz aurrera egin nahi dugu, eredu berri horien bidez aberastasuna berdintasunez banatzeko, ingurumena errespetatzeko, genero ekitatea sustatzeko eta bizitza duina lortzeko pertsona guztientzat.

–         Pobrezia eta desberdintasunak ez dira ez justifikagarriak ez ezinbestekoak: borondate politikoa behar da horiek desagerrarazteko. Hiritar guztiek egin dezakete bat pobrezia eta desberdintasuna  ezabatzeko aldarriarekin, dela salaketen bitartez, dela mobilizazioetan parte hartuz, edo eguneroko bizitzako hautu eta jarreren bitartez.