«Osasun publikoaren jarrera da okerrena: ez da sexualitateaz hitz egiten»

Sexualitate gaiekiko «isilkeria», eta sexu harremanak plazerarekin ez ezik zoriontasunarekin eta kontsumoarekin ere lotzeko joera: biak, tamalez, arras errotuta daudela uste du Lopezek: «Arriskutsuki».

FELIX LOPEZ. SEXOLOGIAREN PSIKOLOGIAN KATEDRADUNA

FELIX LOPEZ. SEXOLOGIAREN PSIKOLOGIAN KATEDRADUNA

«Institutu batetik hots egin zidaten berriki; kultur aste bat zutela azaldu zidaten, eta joateko hitzaldi bat ematera, gaztetxoei sexualitateaz mintzatzera. Galdetu nien zein hitzaldi gehiago izango ziren, eta esan zidaten alkoholismoari eta droga mendekotasunari buruzko mintzaldiak egingo zirela. Eta ezetz esan nien, konpainia horiekin ez nindoala. Zergatik ez dute jartzen sexualitateari buruzko hitzaldi bat, esaterako, ingurumen gaiekin batera?». Anekdota hori usu oroitarazi zuen, atzo, Donostian, Felix Lopez (1944, Salamanca, Espainia) sexologiaren psikologoak. Izan ere, sexualitatea debekuarekin eta lotsarekin lotuta erakusten jarraitzen den bitartean, ez die aterabide onik ikusten harekin lotura duten gaiei —eta eritasunei—. Salamancako Unibertsitateko katedraduna da; atzo hiesaz Donostian hasi zen kongresuko hizlari nagusietako bat izan zen.

Isilkeria salatu duzu, sexualitatea tapatzeko joera agerikoa…

Bai, ez da argi hitz egiten. Bikote barruan ere ez, usu. Andre batekin mintzatzen, lehengo batean, azaldu zidan 30 urte zeramatzala gustuko ez zuen praktika bat egiten senarrarekin. Eta hitz egiten ausartu ez! Baina hitz egin behar da. Sekretua izugarria da: lohikeriarekin, itsusia denarekin lotuta aurkezten da sarri sexualitatea.

Familia, eskola eta erakundeak. Denak oker ari direla diozu.

Familietan, oro har, ez da hitz egiten, eskolak desastre handi samarra izan dira gai honetan, eta medikuen jarrera da okerrena. Ez da gaiaz hitz egin ere egiten… Nerabeen pediatriari buruzko jardunaldi batzuetan egon naiz berriki, eta aitortzen zidaten oso gutxi hitz egiten dela sexualitateaz.

Alegia, sendagileen kontsultetan ez zaio erreparatzen gaiari?

Osasun publikoaren jarrera da okerrena: ez da sexualitateaz hitz egiten. Ez dago haurdunaldia saihesteko gaiekin zer egin den ikustea besterik: abortu gehienak erietxe pribatuetan egiten dira, eta biharamuneko pilula hartzeko botiketara bideratzen dira neska gazteak: «Doazela bakarrik». Aldiz, egokia litzateke medikuarenera joatea, eta une hori baliatzea sexu erlazioez mintzatzeko: lasai, era naturalean. Erakundeak ez dira ari ondo; kontserbadoreek ez dute ezer egiten, baina ezkerra ere ez da ari asmatzen. GIBa gai mediko bihurtu da, erietxetakoa, farmakologikoa…

Donostiara etorri zara, jendeak sexu harremanetan arrisku praktikak zergatik guztiz baztertu gabe segitzen duen azaltzen ahalegintzera. Zer dago atzean?

Inkoherenteak gara sarritan sexu harremanak izateko orduan, sexua oso erakargarria delako, zinetan desiragarria. Akaso etorkizunean izango den arrisku batengatik plazer horri uko egitea ez da batere erraza. Eta, tartean, alkohol eta droga kontsumoak badaude, oraindik ere zailagoa da. Gizakiak halakoxeak gara; askotan borondate ona dugu, baina gero… Eta sexuaren inguruko isilkeriak ez du laguntzen, jakina.

Deigarria da gizonekin izandako sexu harremanen bidez kutsatzen jarraitzen duten gizonen kopurua. Nola ulertu behar da? Harreman asko isilpekoak izateak eragina izango du, ezta?

Garai batean homosexualek kontzientzia handia hartu zuten, baina erlaxatu egin direla iruditzen zait. Noizean behineko harremanak ere, normalean, ohikoagoak izaten dira gizonen artean, eta, jakina, ez bada argi hitz egiten, kutsatzeko arriskua handiagoa da. Eta, gero, harreman isilpekoak izaten dituzte askotan, eta horrek ere ez du batere laguntzen. Kolektibo hau gizartean duen onespen faltaren ondorioak sufritzen ari da; atera kontuak, zenbait herrialdetan onartu ere ez dituzte egiten. Bikotekideak ezagutzeko-eta arazoak ere izaten dituzte sarritan, eta Internetera jotzen dute, horrek dituen arriskuekin. Horren atzean isilkeriaren eragina dago usu; ildo horretan, lagundu behar zaie bizitza sexual eta afektiboa normalizatzen.

Kritikoa zara, baita ere, sexualitatea kontsumismoaren lotzeko dagoen joera nabarmenarekin…

Bai, eta plazera eta zoriontasuna lotzera jotzen da sarritan. Eta, bai, sexu harremanak plazer iturria dira, zoragarria, baina ezin da hori zoriontasunarekin lotu; askoz ere gauza konplexuagoa da zoriontasuna, eta lortzen zailagoa. Etengabe jotzen da, baita ere, sexu harremanak osasungarriak direla esatera; eta, bai, halaxe da, osasungarriak dira, oso osasungarriak, baina horrek ez ditu derrigorrezko bihurtzen. Izugarrizko presioa dago jendearengan, sexu harremanak izan ditzan. Jendea aske izatea da kontua, eta arduraz jokatzea, deusetara behartu gabe. Baina egungo gizarteak bultzatzen gaitu lan egitera eta lan egiten ez dugunean, kontsumitzera; asko kezkatzen nau horrek. Izan ere, aisialdia modu ero batean bizitzea dakar horrek sarri askotan. Ohiko bihurtu da aste barruan bizimodu gogorra izan, eta asteburuetan muturrera garamatzaten erokeriak egitea. Eta era orekatuago batean bizi behar dugu, harmoniaren bila. Plazera, gozamena, ez dago eromenean; egiteko askatasunean dago.