Homofobiaren erroaren kontrako borrokan
Qiu Bai bere ezizena da, «gerra izena», dio neska gazteak. Qiu berezko abizena du, eta Bai, berriz, Baimax Marvelen pertsonaia famatutik hartu du, gaitzen bat duen edonor besarkatuz sendatzen duen pertsonaia zuri handi potoloa. «Baimax bezalaxe, ni bola zuri sendatzaile bat naiz», dio Qiu Baik, brometan. Sarritan gizarteak bizkarra eman dion arren, Qiu Baik maitasun asko omen dauka eskaintzeko.
Ekintzaile gazteak bi urte daramatza testuliburu homofoboen aurkako borrokan: aurten, Hezkuntza Ministerioaren aurka ere salaketa jarri du. Haren ustetan, homofobiaren erroa testuliburu horietan dago, hain zuzen ere.
Ile motza dauka, laranjaz tindatua; ibilera azkarra, urduri xamarra dela agerian uzten duena, eta begirada tristea, baina oso zuzena. Ez du gerra hau gustura hasi, egin behar zuen zerbait zela dio: «Ez nuen nahi gazte gehiagok nik pasatu nuen beldur bera pasatzerik. Norbaitek liburu homofoboen aurkako borroka hasi behar zuen, eta norbait hori ni izatea erabaki nuen. Unibertsitatean hasi nintzenean, neska batez maitemindu nintzen, eta orduan ulertu nuen lesbiana nintzela. Galduta nengoenez, unibertsitateko liburutegira jo nuen informazio bila. Han irakurri nuenak guztiz beldurtuta utzi ninduen».
Homosexualitatea buruko gaitz bat dela irakurri zuen liburuetan. Eta shock elektrikoen bidez senda daitekeela. Txinan homosexualitatea 2001. urtetik gaixotasuntzat hartzen ez den arren, LGTB mugimenduko ekintzaileek salatzen dute oraindik testuliburu askotan kontrakoa ziurtatzen dela.
Errenditu gabe
Galdu duen borroka bakoitza umorez hartzen du Qiu Baik. Mehatxu eta porroten aurrean kikildu ordez indartu egiten dela dio. Lotsatia izan arren, ez du inolako beldurrik izan zarata egiteko, eta, 22 urte baino ez dituen arren, asko bizi izan du, baita momentu arraro xamarrak ere: beldurra eta ausardia, gertukoen mespretxua, mehatxuak… baina geroz eta gehiago ere fama eta hitz politak. Pekingo LGTB lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarte edo tabernetan edozeini galdetu, eta denek ezagutzen dute Qiu Bai.
«Unibertsitatean azalpen homofoboak zituzten hamar testuliburu baino gehiago aurkitu nituen. Idazle eta argitaletxeei eskutitzak idazten hasi nintzen, beren liburuetan zeuden akatsak zuzentzeko eskatzeko. Ez zidaten kasurik egin. Unibertsitateko errektoreari ere idatzi nion, liburutegitik testuliburu horiek kendu zitzala eskatzeko. Orduan, unibertsitateak mehatxu egin zidan: aurrera jarraituz gero nire gurasoei deitu eta lesbiana nintzela esango zietela esan zidaten».
Beldurtu ordez, urrunago joatea erabaki zuen: zuzenean Txinako Hezkuntza Ministerioa salatu zuen, liburu homofoboak argitaratzeagatik.
«Gurasoei bilera batera deitu zieten, eta lesbiana naizela esan. Ospitalera eraman ninduten, eta txundituta geratu nintzen medikuak ere gaixotasun bat daukadala esan zidanean. Nola da posible? Medikuak ere! Ezin nuen sinetsi. Gero ulertu nuen azken finean mediku horrek unibertsitatean liburu homofoboak irakurri zituela, hori zela ikasi zuena… Ulertu nuen medikua ez zela errudun, liburuak baizik. Arazoaren erroa horrelako testuliburuetan dago».
Dagoeneko hiru salaketa jarri ditu Qiu Baik. Bere probintziako auzitegian kasua aztertzeko ezetza jaso zuenean, Pekinera bidaiatu zuen hiriburuko Auzitegi Nagusian Hezkuntza Ministerioaren aurkako salaketa jartzeko. Hilabeteak erantzunaren zain igaro ondoren, azkenean Auzitegi Nagusiak jakinarazi du bere erabakia: ez duela kasua aztertuko.
Qiu Bairen abokatu Wang Zhenyuren ustez, ezezko borobila eman dute argumentu luze eta ulertezinetan murgildurik: «Banekien auzia galdu egingo genuela. Abokatu batentzat ez da erraza galtzea. Hala ere, nik ez daukat dudarik: Qiu Bairi lagundu nahi diot. Auzitegi Nagusiaren erantzunak argi uzten du Txinako erakundeak ez daudela oraindik prest horrelako kasu bati aurre egiteko; ez dakite nola jokatu, besterik gabe. Beren argumentuak ez du zentzurik; falazia bat da».
Auzitegi Nagusiaren hitzetan, Qiu Baik salaketa jartzeko erabili duen oinarria ez da berari pertsonalki dagokion eskubide bat, LGTB guztiei dagokien eskubide bat baizik, eta Qiu Baik ezin du LGTB guztien izenean eskubide kolektibo bat aldarrikatu; hau da, ezin da izan legearen aurrean lesbiana, gay, transexual eta bisexual guztien ordezkari. «Guztiok dakigu egia oso erraz adieraz daitekeela, baina, norbaitek okerra denari egiaren itxura eman nahi badio, oso zaila da azaltzea», dio abokatuak.
Auzitegi Nagusiak ere argudiatu du testuliburu homofoboek ez diotela Qiu Bairi kalte pertsonalik egin. Wang Zhenyu haserretu egiten da honako hau pentsatuta: «Nola esan dezakete ez diotela kalterik egin? Jingshenbing da testuliburuetan erabili duten hitza: gaitz mentala. Txineraz oso konnotazio negatiboa dauka hitz horrek; ez da bakarrik gaixotasuna, zerbait gehiago baizik: identitatearen ukapena. Jingshenbing gisa sailkatua izatea bizitza guztirako zama izugarria da».
Gizartea, aldatzen
Wang Zhenyuren adineko askok ez dute onartzen oraindik homosexualitatea. Azaldu du berak ere duela urte gutxi homosexualitatearekiko mesfidantza sentitzen zuela: «Ez zen gorrotoa, ezjakintasuna baizik. Ez nekien homosexualekin nola jokatu, nola hitz egin… Ez nuen ulertzen, homosexualak edo bisexualak, heterosexualak bezalaxe, pertsona normal-normalak direla. Orain lotsa ematen dit lehen zein ezjakina nintzen onartzeak. Oraindik lanbro gehiegi dago Txinan gai horren inguruan, ezjakintasuna».
Urrunera joan gabe, Qiu Bairen gurasoak dira horren adibide: oraindik ez dute onartu beren alaba lesbiana dela. «Zaila da, bereziki nire gurasoen adinekoen artean ez dut babesik aurkitu. Gazteen artean, ordea, bai: unibertsitatean, adibidez, ikasgelako guztiak daude nire alde; denek jarraitzen dute nire borroka, eta asko animatzen naute. Gizartea aldatzen ari da Txinan, eta urte batzuk barru ez dugu homofobiarik izango».
Orain arte izan dituen auzi guztiak galdu dituen arren, Qiu Baik aurrera jarraitzen du. «Ez dut uste galdu dugunik. Auzitegiak bizkarra eman digu, bai, baina orain, Txinan denek ondo ezagutzen dute nire kasua, eta batzuk erantzuten hasi dira. Hilabete honetan idazle eta argitaletxeei beste hamar eskutitz bidali dizkiet, eta bik erantzun didate, eta esan akatsak zuzenduko dituztela», dio poz-pozik. Qiu Baik eta bere abokatu Wang Zhenyuk argi utzi dute Pekingo Auzitegi Nagusiaren ezezkoa ez dela borrokaren amaiera. Orain, salaketa Auzitegi Gorenera eramateko prestatzen ari dira.