Bilgune Feminista: “Aldaketa gehiago, sozialagoa eta feministagoa behar dugu”

NAFARROAKO GOBERNUAREN BALORAZIOA

2016ko aurrekontuak beren arloan epelak izan zirela deritzote. 2017an bestelakoa izango omen da, baina honen garapena ikusi beharko dute. Diotenez, gobernuak irmo egin beharko du emakumeen eskubideak defenditzeko azaroan ateratako dekretuarekin, Osasunbidearen sustraiak atzerakoiak direlako.

Nola baloratzen duzue Nafarroako Gobernuak 16 hilabetetan zuen esparruan egin duen lana?

2016ko Nafarroako aurrekontuen legea epelegia izan zen, UPNren gobernuaren norabidearen jarraipena kezkaz begiratu genuen. Emakumeok eremu guztietan pairatzen dugun bereizkeria aintzat harturik, aurrekontuak hura orekatzeko politika publikoen oinarrizko tresna beharko lukete. Baina 2016ko aurrekontuek ez dute genero ikuspegia txertatu alor bakoitzean, ez dituzte diru partidak emakumeon behar berezietara bideratu, indarkeria legea adabakiz bete dute kontzientziazio, prebentzio eta berdintasun politikei baliabide urriegiak emanez, edota genero formakuntza feminista (esaterako administrazioko langileena eta arloan diharduten profesionalena) eta hezkidetzan gutxiegi inbertituz. Aurreko asteetan datorren sei urteetarako indarkeria matxistaren aurkako plana aurkeztu zuen Foru Gobernuak eta 22,5 milioi euro bideratuko zirela adierazi. Badirudi hainbat hutsune betetzera datorrela plana, baina 2017ko aurrekontuak onartu arte eta haren bilakaera ezagutu arte goiz da balorazioak egiteko.

Abortatzeko eskubideari dagokionez, Nafar Gobernuak egindakoa aurrera pauso garrantzitsua izan da; halere, aurrera pauso motela eta oraingoz paperean materializatu dena bakarrik. Akordio programatikoan Gobernuak Osasunbidean haurdunaldia borondatez eteteko ebakuntza egingo zuela hitzartu zuten. Urte eta erdi pasa denean labetik atera berri dugu 103/2016 Foru Dekretua, azaroaren 16koa, sexu eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioen antolamendua ezartzen duena.

Dudarik gabe dekretu honek aurrera pauso handiak eta sakonak ekarriko ditu martxan jartzen denean: abortoak osasungintza publikoan burutzea, edozein emakumek –egoera zibila kontutan izan gabe– ugalkortasun-tratamendua eta laguntza bidezko ugalketa teknikak erabili ahal izatea, sexu hezkuntza eta curriculum bidezko programak martxan jartzea, transexualitate kasuei arreta eta berariazko prestazioak eskaintzea…

Dekretua berandu dator eta paperak dena onartzen du, dekretuak baditu itzal eta zirrikituak, kasu honetan egun dugun klinika kontzertatura kasuak bideratzea adibidez. Legeak honela dio:

“…Beste prestazio batzuen artean, arau honek haurdunaldiaren borondatezko etendura egiteko aukera bermatzen du: lehentasunez, bitarteko berekiekin eginen da, eta aipatutako 2/2010 Lege Organikoan ezarritako berme guztiak beteta, emakumeen intimitatearen eta konfidentzialtasunaren errespetua aintzat hartuz, baita gai honekin zerikusi zuzena duten osasun arloko profesionalen kontzientzia eragozpena ere…”

Nork ezarriko du zer den lehentasuna? Kontzientzi eragozleak badaude zerbitzua bermatuko du Osasunbideak? Zirrikitu legal horrek klinika kontzertatuari ateak parez pare irekitzen dizkiola uste dugu. Ez dugu zoritxarren-igarle izan nahi, baina mesfidantza pittin bat badugu. Jakin badakigu ez dela erreza izango honen garapena eta materializazioa. Osasunbidearen sustrai atzerakoiak, sakonak eta sendoak dira. Beraz dekretua aurrera eraman ahal izateko Nafar Gobernuaren borondate irmoa behar izango da.

Zuen esparruan nora heldu beharko litzateke gobernua gelditzen zaion legealdi denboran?

Orokorrean Nafarroako Gobernuan eman den aldaketa politikoa, aldaketa sozial sakona bihurtzea nahi dugu. Aldaketa gehiago, sozialagoa eta feministagoa behar dugu. Horretarako, oraindik eskuinaren erregimen patriarkala ordezkatzen duten botere guneetan aldaketak eman beharko dira. Horrekin batera, borondate politikoa behar da jendartea egituratzen duten genero botere harremanak eraldatzeko sakoneko politika feministak egiteko: bizitzaren sostengarritasuna erdigunean jarriz, hezkidetza plan integralak sustatuz, emakume guztientzako indarkeriarik gabeko bizitza bermatuz. Bide horretan Mugimendu Feministarekiko interlokuzioa ezarri eta hura mintzakide politikotzat hartzea ezinbesteko izanen da, eta hau ez da oraindik gertatu.

103/2016 Foru Dekretua sexu eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioen antolamendua ezartzen duena, modu txukunean garatu eta txertatu, lan merkatuan kontratazioak berdintasun irizpideekin arautu, hezkuntza eta prebentzioan gehiago inbertitu, indarkeria matxistaren aurkako plan integrala garatu eta baliabideez hornitu eta kultur arloan, osasunean zein bestelako eskubide sozialen arloan, edota ekonomiaren garapenerako neurrietan emakumeen errealitate eta behar bereziak kontuan hartuko dituzten politikak ezartzea izan daiteke hurrengo urteetarako bide-orria.

Jarriko diozu nota bat 0tik 10era?

Bost.