MAIATZAK 17: Homofobiaren eta Transfobiaren aurka, lantokietan ere defenda dezagun aniztasun sexuala

Aurreiritziak, estigmatizazioa eta desberdintasuna oso present daude lantokietan. 10 LGTB pertsonetatik 7-k onartzen dute modu bateko edo besteko diskriminazioa jaso izana. Eta horri gehitu behar zaizkio lan munduan dauden nagusien autoritarismoa eta alde bakarreko boterea, lan baldintzen kaxkartzea, prekarietatea, …

m17

Itxura batean, legeek ez dituzte diskriminazioak onartzen sexu orientazioa eta nortasuna direla medio. Teorian inor ez litzateke inongo erasoren biktima izan beharko bere aukera sexuala adierazteagatik. Baina eguneroko bizitzan lesbianek, gayek, bisexualek eta transexualek (LGTB) beste errealitate bat erakusten digute. Ideologia heterosexuala jaun eta jabe da, eta ondorioz, homofobiak indarrez dirau kalean, eskoletan, familian,… Homofobiak mespretxatzen, zokoratzen eta jazartzen segitzen du.

Zenbat langilek adierazi ahal dute bere aukera sexuala, stressa eta antsietaterik gabe, lan ingurune erasokor batean? Zenbat enpresek onartzen dituzte, normaltasunez, sexua aldatzen duten pertsonak? Zenbat enpresek planak martxan jarri dituzte aniztasun sexualaren alde eta sexu diskriminazioen kontra? Zenbat enpresetan langileek adierazi ahal dute haien noratsun sexuala askatasunez?

Homofobia eta transfobiaren aurkako nazioarteko egunaren atarian, LAB sindikatuak jendartean eta lantokietan homofobia, lesbofobia, transfobia eta orohar, sexu orientazio zein genero identitate ezberdinen aurka ematen diren eraso eta diskriminazioekin amaitu eta desagertarazteko konpromisoan berretsiz, jendarte anitzaren aldeko apustua egiten du. Apustu honen atzean dago, heteropatriarkatuak bultzatzen dituen estereotipo, aurreritzi eta oztopoak gainditzeko aldarrikapena eta LGTB pertsonen zapalkuntza eta eskubide ukapenen aurkako borroka. Lan munduan ere, gora aniztasun sexuala!