LUIXA REIZABAL. PSIKOLOGIAN DOKTOREA: «Sexismoa transmititzen du hezkuntza sistemak»
Eskolak sexismoa transmititzeko dituen moduak aztertu ditu Reizabalek. Dioenez, hezitzaileek eduki eta balio «maskulinoak» lehenesten dituzte.
Luixa Reizabal Arruabarrena (Donostia, 1964) Psikologiako doktorea eta EHUko Donostiako Psikologia Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da. Iaz,Genero berdintasunean hezteko gida. Familia, irakasle eta bestelako hezitzaileentzat liburua argitaratu zuen. Emakundek eskolako sexismoaz antolaturiko jardunaldietan izan zen atzo.
Zer da hezkidetza?
Emakume eta gizonek eskubide, aukera, betebehar, lan… berdinak izan ditzaten lortzea helburu duen hezkuntza mota da. Matxismoa, sexismoa eta antzekoak baztertuta.
Egungo hezkuntza sistema matxista al da?
Androzentrikoa da. Hau da, gizonetan jartzen du arreta. Gizonezkoen eredua da ardatz nagusia, eta, gainera, sexismoa transmititzen du.
Zein modutan transmititzen da sexismo hori?
Eskoletan lantzen diren edukiak gizonezkoei eman ohi zaien ekoizpen rolarekin dute zerikusia. Eta beste eduki batzuk baztertu egiten dira; hain zuzen ere, emakumezkoei eman ohi zaizkien rolekin zerikusia dutenak: emozioekin, afektuarekin, bizikidetzarekin… Didaktika eta irakaskuntza metodologia boterean oinarrituta dago, eta ebaluaziorako probak askotan sexistak izaten dira. Lantzen eta transmititzen diren ereduak maskulinoak dira: lehia, irabaztea, mendekotasun harremanak… Eskoletako apaingarriak: arrosa neskentzat, urdina mutilentzat… Jolastokiak antolatzeko moduak: erdian, mutil kirolariak, eta neskak, bazterretan. Lanbide orientazioa: hezkuntzarekin eta zainketarekin zerikusia duten lanetara bideratzen dira neskak, eta mutilak, aldiz, bestelako zientzia batzuetara.
Hezitzaileek neskengan edo mutilengan jartzen dituzten itxaropen eta helburuak desberdinak dira?
Neska edo mutila izan, gauza bat edo beste bat espero da zutaz. Irakasleek ere onartzen dute hori. Hezkuntzan eta jendartean, oro har, neskengandik espero da txukunak, zintzoak, otzanak, mendekoak… izatea. Mutilengandik, berriz, indartsuak, independenteak, bizkorrak… izatea. Horrek eragina dauka haurrekiko dugun tratuan. Neskak modu batera hezten ditugu, eta mutilak, beste batera.
Zein da familien eginkizuna?
Familiek hezkuntza sistemaren pareko garrantzia edo handiagoa dute. Gurasoek generoaren ikusmolde sexista eta estereotipatua transmititzen badute, nahiz eta hezkuntza sisteman hezkidetza landu, ez du ezertarako balio. Izan ere, hezkidetzak prozesu integral bat izan behar du: familietan, eskoletan, komunikabideetan eta gizartean, oro har. Oraingoz ez da horrela, baina zorionez hezkuntza munduan hasi dira urratsak egiten.
Baina askotan inkontzienteki eta nahi gabe egiten ditugu horrelako bereizketak, ezta?
Oso barneratuak ditugu jokabide horiek, eta askotan zaila da konturatzea sexismo jarrera batzuez. Baina badago horretarako tresna erabilgarri bat: inbertsioaren edo itzulgarritasunaren araua. Demagun ume batekin gaudela eta neska dela. Pentsatu behar dugu ume hori mutila balitz gure tratua berdina izango litzatekeen edo ez. Erantzuna baiezkoa bada, ondo ari gara. Baina erantzuna ezezkoa bada, eta mutila balitz beste tratu bat emango bagenio, orduan ez gabiltza ondo: gure jokabidea sexista da.
Emakumezko erreferenteak falta dira eskola irakaspenetan?
Historia gizonek idatzi dute, eta gudan oinarrituta edo ekoizpen moduen arabera idatzi izan da beti. Ez da inoiz kontuan hartu jendarteek irauteko egin behar izan dutena: ez da jasotzen haurrak nola zaintzen zituzten, zer jaten zuten, nola antolatzen zituzten etxeak… Hori horrela, emakumeen lorpenak historiatik at geratu dira. Eredu maskulinoa errepikatu duten emakumeak bakarrik agertzen dira: boteretsuak, gerlariak… Historia oso modu lerratuan eta maskulinoan kontatzen da. Ikusmolde integral eta egokiagoa bultzatu behar da.
Haurtzaroan garatzen diren tratu desberdin horiek gerora zein neurritan markatzen dute pertsonaren izaera?
Neurri handi batean. Haurtzaroak eragin handia dauka gure izaeraren eraketan. Esaterako, harreman afektiboak eragina izango du gure etorkizuneko jokabidean. Adibidez, neskak ahulak eta babesgabeak omen diren ideiaren arabera tratatzen baditugu eta asko babesten baditugu, gero heldutasunean ere norbaiten babespean bizitzeko beharra sentituko dute, bestela ahul eta babesgabe sentituko direlako. Bestalde, ezarritako genero eredutik kanpo gelditzen direnek —homosexualak, transexualak…— baztertuak izateko arriskua daukate.