LGTB jendeak bere historia ezagutu behar du
LGTB komunitatekook ezagutzen al dugu gure historia? Hemen dugu adibide argi bat: Sam Smith […]. Bere azken hanka sartzea hauxe izan da: Oscar saria irabazi ondorengo mintzaldian adieraztea bera dela Oscarra irabazi duen lehen gizon gay agerikoa. […] Baina gauzak okerrera egin zuen. Esan ziotenean Howard Ashamek ere (gizonezko gay-a) Oscarra irabazi zuela, Smithek hau erantzun zuen: «Ezagutu egin beharko nuke; elkartzekotan geratu beharko dugu». Ashman hiesaren ondorioz hil zen, 1991n.
Dustin Lance Black gidoilari estatubatuarrari ere —bai, Oskarra irabazi zuen beste gizonezko gay bat— ez zitzaion Smithen mezua gustatu […]. Blackek gauza garrantzitsu bat nabarmendu zuen: «Gure LGTBQ historia ezagutzea garrantzitsua da. Bidea ireki ziguten gizon eta emakume askoren bizkar gainean gabiltza oinez». Funtsezko gogoeta da: LGTB komunitatekoek zorigaitz eta neke asko jasan zuten guk orain ditugun eskubideak eta askatasunak izan ditzagun. Adibidez, Ashman moduko pertsona batentzat abesti-idazle arrakastatsua eta ageriko gay-a izatea nabarmen zailagoa izan zen garai hartan egun baino, are gehiago hiesaren sasoirik mingarrienean. Haren moduko pertsonek erraztu zizkiguten gauzak gero etorriko ginenoi, Smith barne […].
Harrotasun eguneko gertaerak enpresen festa bihurtu dira, eta politika baztertu egin dute. […]. Iraganeko heroiak gogoratu beharra dauzkagu, bi arrazoirengatik: lehenik, egin dezakegun gutxienekoa delako gure eskubide eta askatasunen alde borrokatu zirenak gogoratzea, eta historiaren bidez goratzea bere garaian jazarriak eta baztertuak izan zirenak; bigarrenik, horrek bultzatzen gaituelako edozein zapalkuntza edo aurreiritzi garaitzeko ohiturarekin jarraitzera, kaltetua dena delakoa izanik ere.[…]