Katalina Erauso pastorala: libre izateko borrokatu zen emakumearen bizitza
Lehenengo aldia da emakume baten inguruko pastorala emakume batek idatzia dela eta hainbat emakumek zuzentzen dutela. Maite Iturbidek idatzitako lana Pantxika Urrutik eta Maitena Lapeyrek zuzendu dute.150 pertsonako lantaldea aritu da pastorala prestatzen. 80 arizale dira, musikariak, Azkoitiko eta Azpeitiko Sahatsa dantza taldekoak, eta jostunak.
Iturbide zuzendariak Katalina Erausoren berri 2005ean izan zuen eta han eta hemen pastorala idatziko zuen norbaiten bila ibili zen, helburua lortu ez bazuen ere. Azkenean, berak idaztea erabaki zuen. Donostiako pertsonaiak pastoralerako osagai guztiak zituela pentsatu zuen.
Info 7 irratiak elkarrizketa egin dio Iturbideri eta hango pasarte batzuk idatzira ekarri ditugu, pastoralaz eta Katalina Erausoz zehaztasun gehiago emate aldera.
Pastoral femeninotzat hartu dute askok, subjektua, idazlea eta errejentak emakumezkoak dira.
Bai, zergatik ez? Katalina Erauso ezagutu nuelarik, harriturik nintzen lehenik, eta ikusi nuen bazituela gai guztiak pastoral batentzat: emaztea, euskalduna, borroka anitz, armada, eliza, eta tragikomedia anitz ere bai. Ni ez nintzen pastoral idazle sentitzen, ate joka ibili nintzen, baietz… ezetz…, emazte baten gainean ez zuela gizon batek idazten ahal. Gogorrena lehen bertsoak idaztea izan zen, baina ikusi nuen gai nintzela, eta horrela segitu dut, baina aitzinaz izan da desafio bat niretzat.
2005ean ezagutu zenuen liburua, munduan eta nazioartean ezaguna zen emakume hori, baina hemen inork gutxik ezagutzen du.
Historia gordea da, erran nezake gure historia beltza dela, Katalina gure ardi beltza da.
Donostiarra, armadore familiakoa, laugarren alaba, hiru ahizpekin ezarri zuten dominikanoen komentuan, gaur egun Miramar Jauregia den horretan. Hamabost urtetan botoak eman aitzin, serorarengandik kolpe txar bat hartu zuen, ez onartu, oldartu zen, lortu zuen ihes egitea, bere biloak moztu zituen, bere serora arroparekin gizon arropa jantzi zuen. Horrela egonen da 24 urtez, harrapatu arte. Erregearen zaintzaile izan zen, Pasaiara joan zen eta itsasontzia hartu zuen joateko mundu berrira. Panamatik Txileraino korritu zuen Hego Amerika guztia. Pirata eta saltzaile izan zen, eta bere anaia aurkitu zuenean sartu zen armadan.
Pastoralean bizitzako zein pasarte azaltzen dira?
Pastoralean ez dugu dena kontatuko zeren 18 aldiz lortu zuen ihes egitea eta anitzetan nahi izan zuten ezkondu, militar eta saltzaile ona zen. Komentuan ikasia zen irakurtzen eta kontuak egiten eta anitz estimatua zen bere nagusiengandik. Ezinezko amodioa kontatu dugu. Holandesekin pirata nola izan zen kontatu dugu. Katalinari pena handia ekartzen dion gauza da nahigabe bere anaia hiltzen duela, gauez izan zen, ez zuen parte hartu nahi borroka horretan, baina hala gertatu zen eta bere anaia hil zuen. Utzi zuen armada, ihesi, beti ihesi, eta joan zen Andeetara. Basamortuan mila kilometro baino gehiago egin zituen, bere lagun guztiak hil ziren hotzarekin eta berak kausitzen du pasatzea eta norbaitek babesten du. Aipatzen dugu nola itzultzen den Erregearengana, 1625ean. Erromara joaten da eta aita santuak baimena ematen dio gizonez bizitzeko.
Emazteekin zuen harremanaz teoria bat baino gehiago dago. Ipar Amerikako lesbianek ikono gisa hartzen dute.
Ez gara sartu horretan, ez dakigulako zuzen. Niretzat komedia bazen, behar zuen bere burua salbatu. Ez gara urrunago joan gure historian.
Irailaren 4an Donostian eskainiko dute Iturbidek idatzitako Katalina Erauso pastorala.