Hiruna urteko kartzela zigor eskaera Mikel Martin EHGAMeko kidearen ustezko bi erasotzailerentzat
Espainiako lau militar epaitzen hasi dira gaur, Donostian. 2005ean izan zen jipoia; konortea galdu arte jo zuten Martin eta 137 egun behar izan zituen zauriak osatzeko.
Gaur hasi dute Donostiako Epaitegian Mikel Martin (Donostia, 1954) Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduko (EHGAM) eta Zutik-eko kidearen kontrako erasoari buruzko epaiketa, eta Espainiako lau militar daude akusatuen aulkian. Martinen defentsak eta EHGAM eta Zutik herri akusazioek haietako birentzat hiruna urteko kartzela zigorra eskatu du eta beste bientzat 7.200na euroko isuna, eta biktimarentzat 18.000 euroko kalteordaina. Fiskalak, berriz, lehen bi militarrentzat hemezortzina hileko espetxea eta beste bientzat 4.200na euroko isuna, eta Martinentzat 6.000 euroko kalteordaina. Gaurko saioaren ondotik, lekukoen eta perituen txanda izango da, eta gaur arratsaldean hastekoak ziren. Epaileak ez du zehaztu noiz bukatuko den epaiketa. 2005eko urtarrilaren 13an jasan zuen jipoia Mikel Martinek. Donostiako Urbieta kaletik zihoala, gauez, lau pertsona ikusi zituen jarrera bortitzean, kale seinaleak jotzen. Hurbildu zenean, irainka hasi zitzaizkion, Martinek berak salatu duenez. Ondoren, konortea galdu arte jo zuten hau, bortizki, ea ETAren eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako orduko lehendakariaren planaren aldekoa zen galdetuz. Martinek 137 egun behar izan zituen erasoan egin zizkioten zauriak osatzeko. “Justizia baino ez dut eskatzen”, esan du EHGAMeko kideak gaur.