«Haurrei ez dizkiegu ezta genitalen izenak ere irakasten»
Gurasoen eta haurren sexualitatea. Hori landu zuen Aingeru Mayor (Donostia, 1972) sexologoak Hondarribian (Gipuzkoa) larunbatean emandako tailerrean. Haren arabera, haurrei sexualitatea irakatsi behar zaie, gastronomia edota biologia irakasten zaien bezala. «Haurrei ez dizkiegu ezta genitalen izenak ere irakasten». Hala ere, sexualitateari dagokionez, ona da gurasoak haurren heziketaz arduratzea, baina gurasoek euren burua begiratzera animatzen ditu. Plazerarekin eta erotikarekin gustura biziz zoriontsuagoak izango baitira, eta hori haurrei transmitituko dietelako.
Maiz erabiltzen den hitza da sexualitatea. Ondo erabiltzen al da? Nola definituko zenuke?
Sexualitatea da bakoitzak bere sexua nola bizi duen. Hau da, bakoitzak nola bizi duen bere gizon edo emakume izate hori. Sexualitatea, niretzat, ez da ugalketaren sinonimoa, ez genitalena, ezta larrua jotzearena ere, komunikabideetan agertzen den bezala.
Ikastetxeetan nerabeei eskaintzen dizkiete sexualitate ikastaroak. Zer iruditzen zaizkizu?
Ikastetxeetan nerabeekin sexualitateaz jarduten denean, askotan antisorgailuei eta arriskuei buruz hitz egiten da. Hau da, ugalketa, genital eta larru jotzeari buruz aritzen dira. Nire ikastaroetako helburua da guraso eta hezitzaileekin hainbat ezagutza konpartitzea, gurasoak haurren bidelagun izan daitezen euren sexualizazio prozesuetan.
Haurrekin sexuaz hitz egiteko zailtasunak egoten dira, tabuek indar handia baitute.
Inork ez du hitz egiten gorputza, plazera eta erotikari buruz. Orduan haurrei hutsune bat uzten diegu. Gainera, zerbait esaten denean, sekretu kutsua du. Beraz, apurka-apurka haurrak barneratzen hasten dira ez dela gai horien inguruan hitz egin behar. Aztertu daiteke nola haurrek euren gorputza esploratzen duten txikiak direnean. Beste umeekin jolastean, esplorazioa konpartitzen dute. 5, 6 edo 7 urterekin, gizartean dagoen debeku kutsu hori barneratzen dute.
Zein ondorio ditu ezkutukeria horrek?
Sexualitatea eta erotikaren mundua ulertzeko zailtasunak dakartza. Beste zenbait gaitan, gastronomian edota biologian, oinarrizko ezagutzak eta alfabetoa ematen dizkiegu. Ordea, haurrei ez dizkiegu ezta genitalen izenak irakasten. Euskaraz esaten den bezala: izena duen guztia omen da, eta izenik ez duenik ez da existitzen. Beraz, sexu organoak ezkutatzen dira, eta jakintza hori hutsa geratzen da. Noski, huts hori betetzen saiatuko dira.
Nola beteko dute?
Askotan pornografiarekin. Gero, harrituko gara zer eragina duen pornografiak gazteengan. Baina, askotan, hori da nerabeek duten iturri bakarra. Nerabeak erakartze erotikoak sentitzen hasten direnean, euren gorputzarekin ezjakin hutsak dira. Gazteek dakiten bakarra filmetan ikusitakoa da: mutilek zakila sartu behar dutela nonbait, eta neskek zerbait sartu behar dietela. Hori bai, guk emandako antisorgailu pila batekin.
Haurren sexualitatea garatzeko zer garrantzi du gurasoen jarrerak?
Haurrentzat erreferentzia nagusia dira gurasoak. Baina umeek ez dute horrenbeste ikasten esaten diegunagatik, baizik eta egiten dugunagatik. Horregatik aipatzen diet gurasoei agian komeniko litzaiekeela euren buruaz arduratzea, haurren sexualitateagatik hainbeste kezkatu beharrean. Gu zoriontsu bizi bagara plazerean, eta gure erotika gustura bizi badugu, hori guztia haurrei transmitituko diegu.
Gai hauek lantzean zeintzuk dira aurkitu dituzun erresistentzia nagusiak?
Norberak bere gorputza nola bizi duen, horretan lan handia dago egiteko. Inposatutako irudi baten tiranian bizi gara, bereziki emakumeak. Irreala den prototipo bat saldu dute, eta horrek emakume asko eraman ditu euren gorputza ez onartzera. Bestalde, koitoa erotikarako eredu bakartzat ezarri dute. Maitaleek aurretik idatzitako gidoi bat antzezten dute. Horrek eragozten du nork bere maitatzeko moduak aurkitzea.