Gay inperioa
RIKARDO. ARREGI
ELIZA katoliko erromakoaren jende batzuek harridura, haserrea edo barre algarak sortzeko duten trebetasuna amaigabea da, agintzen duten paradisua eta infernua bezala; milaka astakeria en-tzun badugu ere, beti egongo da norbait prest aurrerapauso berri bat emateko, torlojuari koska estuago bat egiteko. Orain dela egun gutxi Cañizares artzapezpikua eta kardinala izan da: haren ustez, familia kristaua arriskuan dago zenbait politikari familiaren kontra aritzen direlako gay inperioaren eta hainbat ideologia feministaren laguntzarekin (kontuz ibili feministok, badirudi Cañizaresentzat feminismo onak eta feminismo gaiztoak daudela). Gay inperioarena mundiala da. Niri berehala etorri zait burura Star Wars filmetan agertzen den inperioa. Ez dakit zergatik. Bizantzioko inperioa edo austrohungariar inperioa izan zitezkeen, baina ez, Star Warseko Inperio Galaktikoa izan da bururatu zaidan lehen inperioa, agian inperio guztien artetik txarrena, okerrena, krudelena eta maltzurrena delako, inperio benetan gaizkiñebat.
Cañizares jaunaren argazki batzuk ikusi ondoren, pentsatu dut beharbada berari benetan gustatuko litzaiokeena, gauza guztien gainean, balizko gay inperio horren enperadorea izatea dela: hierarkia katoliko erromakoaren agintari gehienek ez bezala, berak (janzkera arruntak nahikoak izango ez balira) “cappa magna” deiturikoa erabili du, hamabost metro luze duen kapa gorri zetazkoa, atzetik beste pertsona batek eutsi egin behar duena, zeinarekin, zalantzarik gabe, Yogurinha Borovak gauza zorragarriak egingo lituzkeen.
Jai dauka Yogurinhak, Cañizaresek ez dio kapa handirik utziko, eta jai dauka Cañizaresek, ez dago enperadore bat behar duen gay inperiorik. Dagoena da homofobiari aurre egin behar dion jendea, lanean, lagunartean eta familietan (oso kristauak askotan) zailtasunak dituen jendea, eskoletan jazarpena pairatzen duen jendea, irainak eta arbuioak jasan behar dituen jendea, egunero begirada etorkorrak agoantatu behar dituen jendea. Gay inperiorik? Bai, eta laser ezpatak.