Gay eta lesbianen ezkontzen gaineko galdeketan baiezkoa nagusitu da Irlandan
.RTE Irlandako kate publikoaren arabera, gay eta lesbianen ezkontzak legeztatzearen inguruan egindako galdeketan ez da ezustekorik izango. Baiezkoaren alde egin dute alderdi politiko nagusiek eta komunikabide handiek, eta baita herritarrek ere. Botoen lehen kontaketen arabera, baiezkoa nagusituko zaio ezezkoari. %60ren inguruan ibil daiteke erreferendumean baiezkoa eman dutenen kopurua.
Irlandako Konstituzioa aldatzeko, erreferendumera deitu behar dute lehenago, eta atzo zuten botoa emateko eguna herritarrek. Parte hartzea “aktibotzat” jo zuen atzo Irish Times egunkariak. 3 milioi irlandarrek eman zezaketen botoa, eta %55-%60 inguruko parte hartzea aurreikusten zuten.
Beste urrats bat
2010etik izatezko bikote izan daitezke gay eta lesbianek osatuak. Hala ere, 1993ra arte legez kanpokoa izan da sexu berekoen arteko harremana: Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzita legeztatu zuten. Dibortzio eskubidea ere duela gutxi, 1995ean aitortu zitzaien irlandarrei. Oraindik orain, abortua legez kanpokoa da.
Irlandarren %85 katolikoak dira, eta Elizak indar handia du bertan. Eliza da, hain zuzen, gay eta lesbianen ezkontzen aurka agertu den eragile nagusia. Dena dela, hanbait apaizek baiezkoaren aldeko botoa eskatu zuten.