Ez da fikzioa; LGTB+ klase harrotasuna da
Ez da ohikoa sindikalismoan eta ELAn zinemaz hitz egitea! Baina oraingoan badugu motiborik. Film hori, kritikari batzuen arabera, «feel good movie» bat da, rollo ona ematen duena, alegia. Haren bidez, hainbat gaitan sakon daiteke, hizkuntza zinematografikoa bitarteko, gai horiek agenda politikoan eta diskurtso kontestatario ofizialetan lehenagotik hor bazeuden ere.
Filmak gogora dakar, besteak beste, moldea edukia bezain garrantzitsua dela, garrantzitsuagoa ez bada. Izan ere, Pride-k biltzen dituen mezu anitzen artean, oinarrizkoa da «batasunak indarra ematen duela» eta borroka komunen arteko solidaritatea beharrezkoa dela. Batzuk Disney faktoriako produktu baten kutsua hartuko diote horri, edota, kontrara, La vida de Brianfilmeko Frente Popular de Judea-ren parodiarena. Film hau oso gomendagarria da gizartea eraldatzeko helburua duten militante sozialentzat ere. Halako haize freskoak tarteka on egiten du.
Harrotasunaren eguna bihar delarik, mugimendu sindikalaren eta LGTBI+ mugimenduaren arteko aliantza ezinbesteko bihurtzen da, bakoitzak klase-borroka edota hetero-arauaren eta lesbo-gay-bi-trans-fobiaren aurkako borroka posizio eta ikuspuntu desberdinetik ulertzen duen arren. Subjektu politikoak etengabe ari dira formulatzen eta eztabaidan.
Beste mezu garrantzitsu bat ere badago, ezkutuan bada ere: filmean klase-dominazio eta heteronorma sistemaren ondorioak lehen planora ekarrita ere, emakumeek bigarren mailako rola dute historia ofizialean eta gaur egun, teorian agerikoa izan arren sukaldeak eta etxeak funtsezkoak direla borroka batean.
Halaber, parodia gisa, lesbianen eta borroka feministaren errepresentazioa gerorako utzi beharrekoa dela agertzen da, borroka nagusiak urgenteak baitira, eta hauek gizonen buru eta gorputza dute… Che Guevara presente dago, konpai! Patriarkatuaren aurkako borrokak bere txanda itxaron beharko du lehentasun politikoen mailan egoteko.
Zenbaiten ustez zientzia-fikzioko film bat izan daitekeen arren, ezin da ahaztu garrantzi handia duela borroka kolektibo desberdinek ibilbide bat elkarrekin egitea, batik bat itxuraz agenda eta helburu bera ez duten kolektibo eta pertsonei dagokienez. Zaila da oso, bai, baina ez ezinezkoa.
«Bat ukitzen dutenean, guztiok ukitzen gaituzte», aldarrikatzen du mugimendu feministak. Hain zuzen, horixe da filmaren mezua: pertsona edo kolektibo baten oinarrizko eskubideei eraso eginez gero, domino-efektua gertatzen da, arrazoia edozein dela ere (klasea, sexu edo genero hautu-identitatea, nazio-, kultur edo erlijio-jatorria, aniztasun funtzionala, adina, etab.). Galesko laurogeigarren hamarkadako langile-mugimenduaren zati batek eta Londresko LGTB mugimenduko pertsona batzuk horretan asmatu egin zuten orduan. Gaur, Euskal Herrian, kolektibo, pertsona eta gizarte-mugimendu batzuk ere horretan gaude, eta egundoko balioa duela uste dugu, dominazio sistema askotarikoak gure bizitza eta borrokak indibidual bihurtzen saiatu arren.