Espainiako LGTBI legea «desblokeatzeko» eskatu dute 49 elkartek
Espainiako gobernu aldaketa eta hori ahalbidetu duen gehiengo politikoa baliatu nahi ditu LGBTI kolektiboak. Lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen berdintasun sozialerako lege proposamena zuzenketen fasean dago Kongresuan. Kolektibo horretako 49 elkartek —tartean Euskal Herriko Gehitu—tramitazioa «bizkortzea» nahi dute. Eskaera hori egiteko, prentsaurrekoak eta mobilizazioak egin zituzten atzo Espainiako Estatuaren menpeko herrialdeetako sei hiritan, talde horiek biltzen dituen FELGTB federazioak deituta.
Lege egitasmoa Unidos Podemosek aurkeztu zuen, 2017ko maiatzean, eta, PPren osoko zuzenketa atzera bota ostean, aurrera egin zuen. Dena den, Gehituko kide Jesus Estonbak kritikatu du «talde batzuk» ez direla betetzen ari «hartutako konpromisoak», eta beste batzuen «uzkurkeriak» direla-eta «atzeratzen» ari dela legea onartzea. Hala ere, «baikor» azaldu da, ziur baitago gehiengoaren babesa izango duela. «Bat egite politiko zabal bat lortzeak, gainera, eragin pedagogiko handia izango luke herritarrek gai hauekiko duten iruditerian», azpimarratu du.
Gehituko bozeramaileak jakinarazi duenez, bi atalek sortzen dute eztabaidarik handiena: zigorrak ezartzeko aukerak eta transexualen eskubideekin loturikoak. Lege egitasmoan, besteak beste, iritzi LGTBIfobikoak zigortzea aurreikusten da, eta, «talde batzuen» ustez, horrek «talka» egin dezake adierazpen askatasunarekin. Gehituko Ander Prolek azaldu duenez, «ohikoa» izaten da eztabaida hori «gutxiengo sozialak babesteko legeetan». «Gure ustez, baina, zigortu egin beharko lirateke iritzi eta jarrera horiek».
Lege proiektuan jasotzen diren transexualen eskubideei buruz, berriz, osasun neurriekin loturikoa da punturik gatazkatsuena, Estonbak jakinarazi duenez. LGTBI taldeen aspaldiko eskaera da 16 urtetik gorakoek askatasun osoa izatea erabakiak hartzeko, gurasoen-eta baimenik gabe, gainerako herritarrek bezala. Transexualekin ere, eztabaidan dagoen beste puntu bat da pertsona horiek genero berdintasun politiketan integratzearena.
Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan badaude LGTBI kolektiboaren eskubide batzuk jasotzen dituzten legeak —baita Espainiako Estatukoak ere—, baina, Gehituko kideen arabera, «oso garrantzitsua» litzateke «estatu mailako lege integral» bat egitea; Estonbak azpimarratu duenez, Kongresuan dagoena bere hartan onartuko balitz, «berrikuntza sakonak» ekarriko lituzke Hego Euskal Herriko legezko esparrura. Besteak beste, familia eremukoak, lan alorrekoak, hezkuntzakoak eta asilo eskaerekin loturikoak.