Ehunka lagun bildu dira Miarritzen sexu askatasunaren alde
Hamabosgarren aldiz egin dute Miarritzen lesbiana, gay, transexual eta bisexualen aldeko martxa koloretsua, sexu askapen egunerako astebete falta dela. Les Bascos elkarteak antolaturik jende ugari hurbildu da goizetik Lapurdiko kostako itsasargira, eta hainbat elkartek informazio postuak ezarri dituzte bertan. 16:00etan hasi dute kalejira adin, sexu, genero eta desira aukera anitzeko pertsonek, eta norbera bere identitateaz harro dagoela erakutsi dute. Nazioarteko LGTB komunitateari eta bertzelako zapalkuntzak jasaten dituztenei ere helarazi diete elkartasuna.
Antolatzaileek salatu dutenez, homofobia eta transfobia kasuak ugariak dira oraindik ere Euskal Herrian, eta are nabarmenagoak hemendik kanpo. Hain justu, gogoratu dute 76 estatutan LGTB pertsonak “espetxeratuak, torturatuak eta behartutako lanak egitera zigortuak” direla. Frantziako Gobernuari ere luzatu diote deia: transexualen eskubideak aitortu eta bikote homosexualentzako ernalketa lagundurako sarbidea erraztea galdegin dute, bertzeak bertze.
Elkarteen sostengua
Itsasargian postuak ezartzeaz gain, mota anitzetako elkarteek ere egin dute bat LGTB harrotasun martxarekin. Bertan izan dira, erraterako, NPA eta PC ezkerreko alderdiak, zenbait sindikatu, Euskal Herriko mugimendu antifaxista, Euskal Herria Zuzenean festibala, Amnesty International, Aides eta Planning Familial elkarteak. Miarritzeko erdigunea zeharkatu ondotik itsasargira itzuli da kalejira: zenbait ikuskizun prestatu dituzte han.