BERRIA:JOSEBA ERREKALDE. HARRIBELTZA ELKARTEKO LEHENDAKARIA «Sexualitatea ondo bizi ez dugun heinean, beti gaizki ibiliko gara»

Sexu harreman askoren atzean dauden tabuak eta lotsak ikusten ditu GIBa saihesteko eragozpen handienetakoak; urterik gogorrenetatik ari da infekzioaren aurka, eta oraindik ere lan handia egiteko dagoela dio.

JOSEBA ERREKALDE

JOSEBA ERREKALDE

Gizon barea da Joseba Errekalde (1963, Oiartzun, Gipuzkoa), GIBdunen babeserako lanean diharduen Harribeltza elkarteko sortzaile eta lehendakaria, baina badira asaldatzen duten hitzak. Kutsatu da horietako bat; atzean duen zama ilun eta baztertzailearengatik. Azken urteotako abenduaren 1 guztietan ohikoa den eran —Hiesaren Kontrako Nazioarteko Eguna da— elkarrizketaz elkarrizketa eman zuen eguna atzo, eta kabitu-ezina eragin zion hitza sarri-sarri aditzeak. «Goiz osoa daramat GIBa kutsatu egiten dela entzuten, eta ez, GIBa ez da kutsatzen: transmititu egiten da». Hogei urte bete berri ditu Harri Beltzak, eta zifra biribilaren harira gogoeta egitea dagokie: ikusitakoaz, eta datorrenaz. Izan ere, azken datuek argi uzten dute ezin dela bazter utzi GIBaren gaineko arreta. Hego Euskal Herriko osasun zerbitzuek egunotan 2013ko datuak eman dituzte: 187 diagnostiko berri izan ziren.

Eztabaidarako bide asko ireki dituzte egunotan emandako zifrek. Jaurlaritzak, esaterako, ohartarazi du gizonen arteko sexu harremanen ondorio izaten direla diagnostiko berri asko, horren inguruan berariazko lana egin behar dela. Arrisku taldeei buruz mintzatzen ezingo da ba hasi berriz ere, ezta?

Ez, inondik inora ere ez. Egia da: kolektibo batzuk, egon, badaude. Baina ondo jorratu nahi badugu gaia, ezin dugu esan kolektibo bakar batzuei dagokienik ardura hori; denok dakigu preserbatiboa erabiltzen ez duen edonork izan dezakeela atea irekita infekziorako. Hala ere, nik ez dut uste gaizki dagoenik esatea kolektibo konkretu batekin lan egin behar dugula, betiere argi esan badugu atea guztiok daukagula irekita, eta guztion arazoa dela. Gainera, adi, administrazioa ez da ari kolektibo homosexualaz: gizonen artean babesik gabeko sexu harremanak dituztenez mintzo da. Izan ere, badira tartean beren burua homosexualtzat ez duten gizonezkoak ere; noizean behin izaten dituzte gizonekin harremanak, eta hor gertatzen ari da benetan transmisio kopuru handia.

Eta zer egin behar da?

Lan asko. Kolektiboa estigmatizatu gabe, zuzenean egin behar da lan talde horrekin, eta hor asko sartu behar du LGTB mugimenduak, hurbiltasunak asko laguntzen baitu. Gaur egun,elkarteetan laguntzen da, adibidez, test azkarrak egiten. Hemen, Donostian, Gehituren egoitzan, esaterako, kalitate handiko testak egiten dira; kalitate handikoak harrera eta aholkularitza ona egiten delako, denbora handia hartzen delako pertsona bakoitzarentzat. Eta gero sexu heziketari garrantzi handiagoa eman behar diogu; pertsonak ahaldundu egin behar dira beren osasunaren ardura izateko. Zenbat eta osasuntsuagoak izan harremanak, orduan eta osatuago egon pertsona sexu harremanetan ere, orduan eta ardura handiagoa izango du osasunaz.

LGTB kolektiboak behar adinako kontzientzia badu arazoaz?

Gertatu zaiguna da oso ikasle aurreratua zela, oso ondo ikasita zeukala, eta erlaxatu egin dela. Eta atzera egin da. Eta, gero, belaunaldi gazteak etorri dira: lezioa ikasi gabe. Eta probabilitate hutsa ere badago: gizonekin sexu harremanak dauzkaten gizon askok —ez denek, ezta gutxiago ere— heterosexualek baino hiru aldiz sexu harreman gehiago dituzte, eta, probabilitate hutsez, handitu egiten da arriskua. Hori hor dago. Gizonen arteko sexu harremanak askoz ere antolatuagoak daude modu horretan, eta erlazioak ugariagoak dira. Baina hor ere oso garrantzitsua da sexu arloko heziketa: sexualitatea ondo bizi ez dugun heinean, osasun aldetik ere, beti gaizki ibiliko gara.

Harribeltzara helduko zaizkizue diagnostikatu berri asko. Egin daiteke horien soslai bat?

Bai. Nik aipatu nahi nuke askotan gazteez hitz egiten dela, baina estatistikek behin eta berriro erakusten digute test positibo gehienak 35, 36, 37 urte arteko jendean izaten direla. Bestalde, argi eta garbi dago sexu harremanen bitartez transmititzen dela gaur egun, oro har, birusa.

Ez da heriotzarekin lotzen egun hiesa: eritasun kroniko bat dela esaten da. Nola hartzen dute diagnostikatu berriek albistea? Garai batean baino lasaiago?

Diagnostikoa berdin-berdin: beldur eta mamu guztiak agertzen dira. Bitxia da: orain dela 20 edo 25 urte, niri tokatu zitzaidan garaian, bagenekien diagnostikoak ezinbestean heriotzara eramango gintuela. Orain ez da horrela. Baina baiezkoa jakindakoan jendeak uste du segituan gaixotuko dela, eta bat-batean bere sexu bizitza amaitu egingo dela. Berehala lotzen da, gainera, estigmarekin: ‘Zer pentsatuko dute nitaz?’, ‘Zer esango dute nitaz?’… Denborarekin bizipenak aldatu egiten dira: dena beltz ikusteari uzten diote, birusarekin bizitzen ikasten dute.

Estigma aipatu duzu. Datu arras kezkagarriak badira zentzu horretan ere. Moral hertsiko sexualitate baten ikuspegi itogarria bada horren atzean, ezta? 

Bai, bueno, guztian dago hori. Bekatu bat egin dugu’, ‘Zerbait gaizki egin dugu’… Hori, adibidez, GIBdun berriek askotan partekatzen dute gurekin: ‘Zerbait egin dut gaizki’. Eta zer egin duzu gaizki? Bale, beharbada, babes neurririk ez erabiltzea, baina norbaiti sexualitate mota bat, edo maiztasun bat, edo taldean sexua praktikatzea gustatzeak ez luke inolako bekatu kargarik izan behar. Baina gizartean dago hori. Eta prebentzio lanetan ere bai asko; ez gara konturatu oraindik XXI. gizaldian sexualitatea erabat ezberdin bizi dugula denok. Halako paternalismo batekin gabiltza oraindik, zeinean esan behar den gauzak nola egin. Eta ez: egin behar da jendea ahaldundu, eta preserbatiboaren erabileran jartzen dugun arretaz harago, garrantzia eman behar zaio testak egiteari. Sexualki aktiboak bagara, beti kontrolatu egin behar dugu. Eta azkenaldian errespetua galdu zaio hiesari; beste era batera bizi da. Gertatzen den arte: orduan agertzen dira mamu guztiak.

Hiesaren inguruko taldeak azkenaldian dezente mugitu zarete C hepatitisaren inguruko aldarriekin, eritasun hori ere bai baitute GIBdun askok. Administrazioak botika bat, Sovaldi, ematen hasteko hainbat eskari egin ziren —botika konpainiak aski salneurri handia jarria zion—. Ondo bideratu al dira?

Egin da egin behar zen guztia? Ez dakit. Nik errespetatzen dut beharrean dagoena; norbait hedabideen aurrean ateratzen bada esaten halako botika behar duela, ni haren inguruan egongo naiz. Hala ere, egia da horrelako borroketan sarri elkarteak sentitu garela mugituta beste batzuen interesen arabera, eta ez gaitu ondo sentiarazi horrek. Finean, konturatzen zara sufrimenduak erabiltzen direla bigarren intentzio batzuekin. Gure elkartean, arazoarekin daudenak, lasai daude; badakite erkidegoan ja hainbat laguni eman zaiela tratamendua, eta soluzio ona emango zaiela.