BERRIA: UDAKO SERIEA. Gurasotasuna eta zaintza (III) Andoni Etxebarria Mendiburu Bat, aski
Amets heldu berritan, eskolatik ateratzean bere zain nengoela, emakume bat hurbildu zitzaidan: ‘Esan didate gure ikasgelan badagoela maritxu bat, umea adoptatu duena, eta ni begira eta begira nabil, baina ez dakit nor izan daitekeen’. Erantzun nion parez pare zuela, eta sentitzen nuela, soinekoa eta abanikoa etxean utziak nituela. Oraindik gorritzen da ikusten nauenean». Pasadizoa barrez kontatzen du Andoni Etxebarria Mendiburuk (Errenteria, Gipuzkoa, 1965), baina halako erasoez betea du aitatasunari buruzko kontakizuna. Dioenez, denboraren poderioz ohartu da familia «oso desberdina» osatu duela: guraso bakarra da, gizonezkoa, homosexuala, eta adoptatutako seme bat du. Aitatasun eredua sortu egin behar izan du, orotariko iruzkinez inguratuta, baina zaintzaz gozatuz.
Polita hitza erabiltzen baitu semearen hazkuntzarekin lotutako esperientzia laburtzeko. «Poliki-poliki eta egunero-egunero» ikasi du guraso izaten. «Ez da erraza, baina oso polita da: egun txarrak eta gogorrak ditu, baina konpentsatzen du, guztiz, gauza on askoz gehiago dituelako». Gaztetan ohitu zen umeez inguratuta egotera, familia handi bateko iloba zaharrenetakoa izaki. «Asko gozatzen nuen senide txikien hazkuntzaren lekuko izaten: ibiltzen eta hitz egiten ikastea, jolastea…». Hartara, gazte jakin zuen aita izango zela: «Ondo pentsatutako eta sentitutako nahi bat zen, baina ez zen ezinbestekoa».
Duela hamabi urte gauzatu zuen desioa, adoptatuz: Ukrainatik ekarri zuen Amets, 7 urterekin. «Haur txikiagoa ekartzeko aukera izan nuen, baina nahastu egin zen auzia. Guraso gehienek umetxoak hobesten dituzte; haur koskorrak ez ditu inork nahi. Baina haurra ikusten duzun unean, zure semea denean, dena berdin zaizu». Guztira bi urte iraun zuen adopzio prozesuak; orduan antzeman zuen berez konplexua zen bide hari oztopo asko erantsiko zizkiola bikotekiderik gabeko gizona izateak. «Homosexualitatea ez zuten baloratu; beti diot horren inguruan ez nuela egia osoa esan, baina gezurrik ere ez: ez nuen zuzenean aipatu, baina uste dut argi geratu zela. Segur aski, traba izan zen gizona izatea; bakarra nintzen, prozesuan zeuden gainerakoak bikote heterosexualak ziren». Adoptatzeko egokitasuna lortze aldera, eskakizun gehiago eragin zizkion baldintza hark: garai hartan, guraso bakarrek psikiatraren txostena aurkeztu behar zuten.
Ukrainako bizipenak ere ez ziren samurrak izan: «Umezurtzen etxeak egoera latzean zeuden: ez zuten urik, ezta argirik ere; haur pila bat zeuzkaten, oso emakume helduen zaintzapean, janari gutxirekin». Ondorioz, oso ahul heldu zen Amets Euskal Herrira: hamabi kilo besterik ez zuen pisatzen. «3 urteko haur baten tamaina. Hezurrak baino ez zituen». Abiapuntua zaila izan arren, azkar egokitu zen: «Oso ondo hartu zuen pisua, eta bi hilabetean euskara ikasi zuen».
Erabakietan, bakarrik
Orduan hasi ziren aita-seme harremana garatzen. «Oso mutil erraza izan da Amets. Heldu zenean, txukuna zen, adibidez, bere ohea egiten, arropa jasotzen… Eguneroko lantxo horietan asko lagundu zuen. Oso gauza gutxi edukitzera ohituta zegoen; beraz, dena asko zaintzen zuen». Halere, atzera begira, zorrotza izan dela aitortu du: «Oso txikitatik adierazi diot biak bakarrik ginela, eta gauzak azkar ikasi behar zituela». Kontzienteki ebatzi zuen Etxebarriak aitatasunari bikotekiderik gabe ekitea, eta erabakia ez da zama izan, oso gutxitan sentitu izan baitu bakardadea. Zalantza uneetan soilik: «Batzuetan ez dakizu nola jokatu, edo ondo ari zaren. Batzuetan, eguna amaitzean, zerbait nola egin hausnartzeko norbait alboan edukitzea, bai, faltan izan dut».
Izan ere, erabaki konplexuak hartu behar dituzte guraso guztiek, baina adoptatutako haurrekin lotutakoek berariazko buruhausteak ekar ditzakete. Adibidez: jatorrizko hizkuntza ikasi behar dute? «Donostian bazegoen errusiera ikasteko aukera, baina uko egin nion. Zalantza asko izan nituen, baina ume batzuen prozesuak ikusita, pozten naiz hartutako erabakiaz: zentzua gal dezake inoiz erabiliko ez duen hizkuntza bat irakasteak. Izan ere, gure seme-alabak errusiarrak, ukrainarrak edo txinatarrak al dira? Bizi osoan mantendu behar dute haiena ez den kultura bat?». Izena ere euskalduna jarri zion semeari: «Jatorrizkoa ahoskatzea oso zaila zen; ni ez nintzen gai, eta Euskal Herrian gutxik asmatuko zuten. Zentzugabea zen mantentzea». Umeak ez zion aldaketari eragozpenik jarri, eta aitari ez zaio erabakia damutu: «Egunerokoa lasaiago pasatzen duzu».
Erabakiak hartzean ez ezik, zaintzari aurre egitean ere eragin handia izan du aita bakarra izateak. Amets heldu zenean, gainera, laguntzeko sarerik ez zuen Etxebarriak gertuko familian: gurasoak hilda zeuzkan, eta anaia, espetxean. Egunerokoa ondo antolatzeko aukera izan zuen, ordea, lantokian haurraren ikastetxeko ordutegi bera lortu baitzuen. Hala, Etxebarriak berak eramaten eta jasotzen zuen. «Denerako zu bakarrik zaude, gauza onetarako zein txarretarako. Nekagarria da, arduratsua, eta zure bizitza bihurtzen da aita izatea».
Hala ere, ez du muga edo sakrifiziotzat hartu: «Asko lagundu zidan semeak 7 urte edukitzeak. Gainera, nik banekien hazkuntza prozesua laburra izango zela, eta gozatu nahi nuen. Ez nuen bizitza propioaren beharrik sentitu: lau urte pasatu zirenean konturatu nintzen denbora horretan ez nuela parranda bat ere egin, baina ez nuen faltarik sumatu. Horrek dena erraztu zuen».
Gizartearen begietara, ordea, rara avis dira aita bakarrak. Gurasotasunaren eta bikotearen arteko loturak guztiz errotuta jarraitzen du iruditegian; areago, gurasotasunaren eta bikote heterosexualaren artekoak. Etxebarriak onartu du askotan galdetu izan diotela non dagoen umearen ama, eta semeari ere behin baino gehiagotan esan diotela ogitarteko goxoa prestatu diola amak: «Jendeak ez du inondik inora pentsatzen guraso bakarra izan naitekeenik; bururatzen zaie alarguna izatea, edo banandua, edo bestelako egoera berezi batekoa, baina inoiz ez aita bakarra».
Ondorioz, eredu propioak sortu behar izan ditu; aitatasun eredua bai, baina gizontasun eredua ere bai. Amei eta aitei ezarritako genero rolen bereizketa urtu egiten baita guraso bakarren kasuan: denetarik egin behar izaten dute. «Baina bitxia da: Ametsek lagunekin aita-amei buruz hitz egiten duenean, ez nau inoiz kokatu aitaren lekuan, amaren rola betetzen omen dudalako. Gizon diferentea naizela esaten dit». Harreman estua dute aita-semeek, konfiantzazkoa. Haurrek amekin izan ohi dutena, Etxebarriaren arabera: «Horrek zer pentsatua eman beharko lieke aitei».
Homofobiaren itzala
Hain justu, gizonek, beste aitek, izan dute Etxebarriaren egitekoa auzitan jartzeko joera handiagoa. Ispilu efektua dagoela uste du: «Haiek ez dute lan hori egiten, eta euren emazteek konparazioen bidez ikusarazten diete». Baina, batik bat, aita bakarra izateak nahasmena eragiten die guraso heterosexualei, genero rolak oso barneratuta dauzkatenei bereziki: «Ez dakite non kokatu nire figura. Parkera ni joaten naiz, eta futbolera ere ni joaten naiz. Orduan, ni nora gonbidatu behar naute, parkeko bazkarietara ala futboleko afarietara? Emakumeekin ala gizonekin egotera?».
Aurreiritzi eta iruzkin homofoboak ere jasan ditu, baina semearengan izandako eragina eraman du okerren: telebista saio batean Etxebarria aita homosexual gisara agertu ondotik, eskola jazarpena pairatu zuen haurrak, eta ikastetxez aldatu behar izan zuen. «Adoptatua izatea baino arazo handiagoa izan zen aita homosexuala edukitzea. Nire minik handiena da semeak ez zuela ezeren errurik, baina hark ordaindu zuela». Homosexualitatearen eta aitatasun arduratsuaren gaineko onarpena azalekoa dela antzeman zuen orduan. «Egoerak engainatzen zaitu: inguruak goraipatzen eta eroso sentiarazten zaitu, baina horren azpian ez dago benetan halako sentimendurik».
Ez du orokortu: ez du uste mundu guztia halakoa denik, baina direnak oso krudel mintzatu izan zaizkio. «Lagun batek behin galdetu zidan: ‘Zuk zer duzu mutiko honi eskaintzeko?’. Bada, arazoak arazo, nik uste dut Amets zoriontsua dela: mutil alaia da, sentibera. Beti pentsatu dut nire semea oso maitatua izan dela; berak ondo daki maitasuna jasotzen eta ematen».