BERRIA: HOMOFOBIAREN AURKAKO LEGEA Isuna homofobiari

Onartu dute Kataluniako Parlamentuan homofobiaren aurkako legea; aitzindaria da Europan. Jarrera homofobikoak ez dira ezerezean geratuko: zigorgarriak izango dira.

1524853_563448283761119_5471947074101752192_n

Lesbiana, gay, bisexual eta transexual kolektibotako kideak, legea onartu dutela ospatzen. / Alejandro Garcia, Efe

Pixkanaka hil zaitzaketen jokabideak” saiheste aldera, Homofobiaren Kontrako Legea prestatu du Kataluniako Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexualen kolektiboak. Hala definitu du Eugeni Rodriguez Kataluniako Homofobiaren Behatokiko eledunak. Borroka luze baten ostean, parlamentuko ibilbidea amaitu du, eta gaur bertan bozkatu eta atera da aurrera. ERC, PSC, ICV, Ciutadans eta CUPen babesa jaso du; Unio eta PP bakarrik geratu dira legearen kontra. Legea aitzindaria da Europan.

Hitz hutsetatik harago iritsi nahi zuen legeak, eta lortu dute homofobia salaketek ondorio bat izatea erasoa egin duenarengan. Erkidegoak duen eskumenen baitan, isun administratiboak jarriko dituzte. Zein kasutan? Bi emakume elkarri musu emateagatik taberna batetik botatzen badituzte, bota dituenak zigorra jaso dezake; hotel batean sexu bereko bikote batentzat ohe bateko logela ukatzen duenak zigorra izan dezake; ostadarra duen bandera balkoian jartzeagatik protesta egiten duen komunitateak zigorra jaso dezake… Helburua, homofobia keinurik txikiena ere zigorrik gabe ez geratzea izango da.

Iazko urtean bakarrik, homofobiaren aurkako Kataluniako behatokiak 385 salaketa jaso zituen, era guztietakoak: erasoak, laidoak, laneko diskriminazioak. «Argi dago eraso bat izan denean beranduegi iritsi garela», dio Katy Pallàsek, Kataluniako Gay eta lesbianen kolektiboko familien alorreko presidenteak. Horri aurrea hartzea du helburu legeak. Erasoak gerta ez daitezen, prebentzio mailako neurri sorta jasotzen du. «Salaketak jasotzen ditugu, ikastetxeetan haurrak ez dituztelako onartzen beren amak lesbianak direlako, edo aitak homosexualak; edo gazteen beldurrak jasotzen ditugu, suizidioan pentsatzen dutenak sexu aukera ez-normatiboa den adierazpena dutelako… Legeak errotik moztu nahi ditu beldur eta sufrimendu horiek».

Hezkuntza

Prebentzioari garrantzi handia eman diote legea lantzerakoan. Horretarako, funtsezkotzat dute hezkuntza. Legearen arabera, ikastetxeek curriculumetan txertatu egin beharko dituzte aniztasun sexualaren gaia jorratzeko materialak. «Informazioa eta ezagutzaren alde egiten dugu homofobiari aurre egiteko. Nola lortu? Eredu baikorrak erakutsiz testu liburuetan, heteroarauetatik kanpokorik ageri ez delako».

LGBT mugimenduak asko lortu du, baina lan nekaezinaren ondorioz. Pallasek gogora ekarri duenez, «LGBT mugimenduak borroka historia luzea du Katalunian, eta nahi dugu ikustea eta dagokion garrantzia ematea. Aitortzekoa da 70eko hamarkadan, askatasunaren aldeko gay mugimendua, 80ko eta 90eko hamarkadetako hiesaren aurkako borroka, egun dagoen taldeen ugaritasuna eta denak plataforma kolektibo batean egoteko batasun indarra». Ziur da lan eskerga horri esker lortu dituztela, hein handi batean, egungo eskubideak.

Rodriguezek gogora ekarri du ia atzo arte ez dela homofobiaren biktimentzako erreparaziorik egon. Pauso bat emateko ordua bazela gogoetatu zuen LGBT mugimenduak 2005ean, ezkontzaren legea onartu ostean. Traba ugari izan dituzte bidean, baina argia ikustear du legeak. Bi puntu nabarmendu ditu Rodriguezek: batetik, frogaren karga hutsegitea egin duen pertsonaren gain geratzen da, ez hori pairatu duenarengan. «Esate baterako, taberna batean, elkar musukatzeagatik bi mutilen kontra egin eta tabernatik botatzen baditu, tabernari horrek berak eman beharko dio kontu justiziari, ez laido hori jasan dutenek. Zintzoen eta gaiztoen pelikula irauli egiten du legeak. Lehen, gaiztoa homosexuala izan zitekeen; legearen arabera, falta egiten duena da». Bigarren puntua, «semaforo gorria» inpunitateari. Azken finean, homofoboa izan litekeen jarrera bat jasan duenak salaketa jarri ahal izango du, eta erakunde publikoen eta legearen babesa izango du.

Homofobiaren aurkako behatokiak milaka salaketa jaso ditu ia 30 urteko jardunean Katalunian. Rodriguezen ustez, gainera, jasotzen diren salaketak egunerokoan gertatzen direnaren lagin txiki bat baino ez dira. «Zulo beltz handi bat dago gai honetan, asko fribolizatzen da homofobiarekin, baita ustez aurrerakoiak diren inguruneetan ere, eta konpondu gabeko arazoa zen». Rodriguezek bere azalean pairatu du homofobia: «Eskolatik abiada bizian ateratzen nintzen etxera lehenbailehen iristeko, irain eta erasoetatik ihesi; askok eta askok jasan ditugun erasoak dira».

Zigorgarria

Legearen lorpen handienetako bat, diotenez, zigortzailea izatea da. Isun ekonomikoak izango dira, falta arinak, larriak edo oso larriak sailkatu dituzte, eta isunak horien araberakoak izango dira, 14.000 euro artekoak.

Kataluniako Estatutuko Bermeen Kontseiluak onartu du legea, eta atzera bota du PPk jarritako helegitea. PPk argudiatzen zuen «diskriminazio positibo gehiegi» zegoela legean. Ez dio arrazoirik eman bermeen batzordeak.

Rodriguezek txalotzekotzat jo du Convergenciaren jokabidea gai honetan. Hautsi egin du Uniorekin, eta boto askatasuna eman die CiUko diputatuei.

Kataluniako LGBT mugimenduak lege proposamena taxutua eraman zuen parlamentura, eta CUPen eskutik sartu zen: «Garaipen handi hau haien garaipena da. Ez da zer eramaten den, nola eramaten den ere bada. Etxeko lanak eginda ekarri zituzten. Kolektiboak berak adostua zuen lege proposamena, guk ez genien komarik ere aldatu», esan du CUPeko David Fernandezek.

2007an hasi zen lege hau bidea egiten parlamentuan, baina hainbat tirabira direla medio, baztertuta geratu zen, harik eta legegintzaldi hau amaitzerako ezkerreko indarrek bidea irekitzea erabaki zuten arte. Lege hau salto kualitatibo handia da, Fernandezen esanetan: «Ikusezintasun eta bazterketa urte askoren ostean, homofobiaren aurkako borroka erakundeen parte da; eskubide zibilen defentsa agenda publikoan zegoen, eta, orain, politika publikoan dago homofobiaren aurkako borroka, gobernatzen duenak gobernatzen duela ere».

Orain arte borroka polizial eta juridikoan bakarrik aritu da homofobiaren aurkako borroka. Lege honek bere barnean biltzen du arazo honen funtsa, Fernandezen ustez: «Etika, hezkuntza eta pedagogia da funtsa, eta legean jasota dago maitatzeko moduen aukera ugariekiko errespetua».

Legea indarrean jarri ostean, LGBTtik jarraipen zehatza egingo diote betetze mailari. «Urriaren 3an hasten da lan mardulena», dio Eugeni Rodriguezek, Behatokiko eledunak. Gertutik kasu egingo diote.