BERRIA: Homofobia salatu dute Donostian, elkarretaratzean
HOMOFOBIA ETA TRANSFOBIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA
Gaurko egunez, 1990ean, Osasunaren Mundu Erakundeak buruko gaitzen zerrendatik kendu zuen homosexualitatea.
“Homofobiarik ez hemen, ez inon!” lelopean elkarretaratzera deitu du EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak beste hainbat eragilerekin batera. Manifestu laburra ere atera dute elkarrekin.
Eusko Jaurlaritzak eta Arartekoak Amnesty Internationalek egindako adierazpenarekin bat egin dute. Sexu orientazio eta identitatea urraketak salatu, eta gizarte eragileei dei egin die horien alde lan egin dezaten, normalizaziorako bidean.
Lan munduan “aurreiritziak, estigmatizazioa eta desberdintasuna” oso presente daudela salatu du LAB sindikatuak. Horren arabera, lesbiana, gay, bisexual eta transexualen artean, hamarretik zazpik aitortzen dute hainbat motatako diskriminazioak jasan izan dituztela. “Zenbat langilek adierazi ahal dute bere aukera sexuala, estres eta antsietaterik gabe, lan ingurune erasokor batean? Zenbat enpresek onartzen dituzte, normaltasunez, sexua aldatzen duten pertsonak? Zenbat enpresek jarri dituzte martxan planak aniztasun sexualaren alde eta sexu diskrimazioen kontra? Zenbat enpresetan langileek adierazi ahal dute haien nortasun sexuala askatasunez?”. Sindikatuak jendarte anitzaren aldeko apustua egiten duela baieztatu du, eta diskriminazioak amaitu eta desagertarazteko konpromisoa hartu.
Gazte Abertzaleek ere Euskal Herrian LGTBfobia errealitatea dela salatu dute. “Homofobiak, lesfobiak eta transfobiak lasai asko jarraitzen dute gure herrietako kaleetan, eta botere publikoek beste aldera begiratzen jarraitzen dute”. Horrez gain, eskoletako diskriminazioa gaitzetsi dute, eta hezkuntza alorreko arduradun eta agintariei eskatu diete neurriak hartzeko “berehala”. “Euskal Herrian homofobian oinarritutako eskola-jazarpena da euskal gazteriak bere buruaz beste egietko kausa nagusia”.