BERRIA: Formazio integrala eta LGTB ikasleak
IRITZIA 2014-05-17 / Kepa Yécora, Zuriñe Estivariz, Mikel Lopez eta Jesús Palomo
Azken urteotan, Euskadin, Estatu eta Europa mailan hainbat ikerketa egin dira DBH eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen aniztasun afektibo-sexualaren egoera aztertzeko. LGTB nerabe eta gazteek sufritzen duten jazarpen homolesbofobikoa eta buru-hiltze arriskua aztertzeko egin diren ikerketetan honako hau ondorioztatzen da: egoera kezkagarria da benetan.
Berdinen arteko tratu txarrek biktimaren eskubideak urratzen dituzte, eta bereziki osotasun fisiko eta psikikoa. Ez da, beraz, kontu pribatua; hezkuntza kontua da, publikoa —ahaztu gabe publikoa ere politikoa dela—. Euskadiko Irakats-Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko Erakundeak 2012. urtean egindako ikerketan azpimarratzen da arazoa ez dela banako batzuen portaera sorta; arazoa ikasleen garapen pertsonal eta sozialean eragina duten bizikidetza arazoen adierazpena da, eta eskolako emaitzetan, norbere izaeraren garapenean eta geroko integrazio sozialean zerikusia du. Ez dugu Nafarroan ikerketarik egin ote den berririk, baina datuak eta ondorioak Euskal Herriko eskola guztietarako baliagarriak direlakoan gaude.
Estatu Espainoleko datuen arabera, asko dira dira noizbait tratu txarren egoera batean egon diren ikasleak, erasotzaile edo erasoa jasandakoaren moduan. Gainontzeko jazarpenekin alderaturik, jazarpen lesbohomofobiko eta transfobikoak hainbat ezaugarri ditu: hezkuntzan dagoen homosexualitate, lesbianismo eta transexualitatearen ikusezintasuna, estigmaren kutsatze-arriskua —eta ez soilik ikaskide gay eta lesbianentzat, baita laguntzen dutenentzat ere— eta homolesbofobiaren normalizazioa, eta horrek norbere kontzeptuaren eraketan eragin negatiboa du. Biktima edozein izan daiteke. Ez da beharrezkoa ezaugarri jakin batzuk izatea; aski da eraso egin nahi duen horrek diferente ikustea.
Bortizkeria sinbolikoa ikusaraztea garrantzitsua da, tratu txar leunak eta askotan erasotzat hartu izan ez diren portaerak ere bai —zoritxarrez hainbatetan «normaltzat» hartzen direnak—. Ikasleak ez dira egoeraren larritasunaren jabe, eta ez dute ikusten ikaskideek bazterkeria eta bortizkeria jasaten dutela. Legeak zehazten duena beteko bada, ikasleen formazioak integrala behar du izan, eta gai guztiak jorratu behar ditu; maitatzeko eta desiratzeko aniztasuna —eta horiekiko errespetua ere— ezinbesteko langaiak dira, beraz.
Hala ere, genero identitatea eta sexu aniztasuna gutxitan lantzen dira ikasgeletan, irakasleek ez baitute gaia jorratzen modu zuzenean. Bestelako hezkuntza eredua behar dugu, aniztasun sexualari modu transbertsalean heltzen diona, ikasgelan ere gaia lantzen duena, eta edozein bortizkeria, bazterkeria eta jazarpen mota ekiditeko behar adina neurri hartu eta esku hartzen duena. Irakasleen etengabeko formazioa ezinbestekoa da ikusten eta antzematen ikasteko —teknika pedagogikoen ezaguera hutsetik haratago doana—, baita gure eguneroko jardunean ere.
Homolesbofobia eta edozein bazterkeria detektatzea eta gelditzea, baliabide eta formazioaren menpe daude neurri handi batean. Irakasleak garen heinean, berdintasunean hezteko erronkari egoki erantzuten ote diogun galdetu behar diogu geure buruari. Jakin badakigu irakasle eta orientatzaile askok LGTB ikasleentzat hoberena egingo luketela, baina ikastetxeetan ez dituzte beharrezkoak diren bitartekoak eta laguntzak aurkitzen. Neurriak hartzen diren ikastetxeetan, jazarpen kasuek behera egiten dute nabarmen.
Hezkidetzaren aldeko apustua egin dugu urte luzeetan. Gaur, Homofobia, Lesbofobia, Bifobia eta Transfobiaren Nazioarteko Eguna da, eta momentu egokia da ikasleekin batera eskoletan dugun aniztasun sexuala lantzeko.
LGTBI kideek hezkuntza sisteman duten egoerak berariazko lanketa behar duela ikusi dugu EILASen, eta LGTBI taldea sortu dugu sindikatuan. Datozen egunetan unitate didaktiko berria igorriko dugu ikastetxeetara, aniztasuna, enpatia eta laguntza eskatzeko eta emateko edozein pertsonak izan behar dituen baliabideak lantzeko. Gure helburua da, azken finean, ikasleen garapen pertsonal eta sozialean trebatzen laguntzea.