BERRIA: Feminismoa aldaketan oinarrizko izango dela aldarrikatuko dute
«Euskal Herria feminismotik eraikitzen ari gara». Aldarri horrekin aurkeztu zituen atzo Lore Lujanbiok Martxoaren 8ko mobilizazioak. Baikor eta mugimendu feministak egin duenaz harro: «Berriz ere, erakutsi dugu borroka eta presioaren bitartez garaipenak lortzeko ahala dugula». Igandean, Emakumeen Nazioarteko Egunean, kaleak hartzeko deia egin dute Euskal Herriko talde feministek, aldaketa feminismoan oinarrituko dela aldarrikatzeko.
«Ederki dakigu gure gorputzen kudeaketaz baliatu nahi dutela. Horregatik, eraikitzeko, eragiteko dugun ahalmenaz jabetuta, borroka feministan jarraituko dugu», ohartarazi du Lujanbiok. Asteon Bilbon, Getxon eta Durangon izandako sexu erasoak salatu ditu. «Gure bizitzak ospatu nahi ditugu, horiek guztiak erdigunean ipiniz, eta merkatuen bortizkeria salatuz», azaldu du Idoia Arraizak. Sistema kapitalistaren murrizketek prekarizazioa eragin dutela dio, eta emakumeen eta baztertuen aurkako indarkeria areagotu dela. Ahalduntzean dago irtenbidea, haren ustez.
Modernitatearen «prozesu konplexuak» azaleratzeko proiektu feminista «ezinbestekoa» dela nabarmendu du Lujanbiok.Euskal Herria feminismotik eraikitzen lelopean egingo dituzte mobilizazioak igandean. Deialdi hauek egin dituzte: Hazparnen (Lapurdi), 11:00etan, plazan; Iruñean, 12:00etan, Gazteluko plazan; Donostian, 12:30ean, Bulebarrean; Gasteizen, 12:30ean, San Antonen; eta Bilbon, 13:00etan, Arriagan.
Prozesuaren erdigunean
Euskal Bidea prozesuan emakumeek izango duten rola eztabaidatzeko deia egin du EH Bilduk. «Dudarik ez dugu emakumeak erdigunean egongo diren prozesua izan behar duela».
Nafarroako Gobernuak, bestalde, genero bereizketekin amaitzeko duen «konpromiso politikoa» goraipatu du, adierazpen instituzional baten bidez.