BERRIA: Euskalduntasuna eta sexufobia. Azurtzarekiko elkartasunez
Iñigo Bilbao, Imanol Alvarez, Jose Ignacio Sanchez eta Jaime Mendia
EHGAMkideak
Politikari askok izaten dituzte arau heterosexualetik eta moral kristautik kanpoko harreman sexualak, gehienetan ezkutuan. Horiek ere albiste izan zitezkeen, gertatu direlako eta, ia seguru, gertatuko direlako berriro. Guk geuk, asko ezagutu arren, izenik sekula emango ez badugu ere. Ez dugu izenik emango, arestiko albisteak ez daukalako segidan doanarekin batere loturarik. Horregatik, eta zitala litzatekeelako gauza biak nahastea, biak egia biribila eta osoa diren arren.
Zitalkeria, horixe dario hainbat hedabideri, New York hiriko Euskal Etxean jazotakoaren ondoren, Aitzol Azurtzaren gainean argitara emandako albisteari. Albistea? Horra hor gakoa… Ez baitago hor albisterik. Esango digute Azurtzaren gogo sexualak aipatzea ez dela homofobia, eta haren ogibideaz hamaika sarbide aurki daitekeela sarean. Egia. Egia den bezala argazkian ageri den besteak ere seme-alaba andana egina duela, eta horiek guztiak emaztearekin larrua jotzen egin dituela, eta ez mezetan belaunikatuz. Baina kazetariak ez du halakorik aipatzen. Politika ez baita sexu jarduera heterosexualekin nahastu behar.
Homosexualitatea Azurtzaren «bihurrikeria» gaitzesteko erabili du ustezko kazetariak; lehendakariari egindako «itsuskeria» ordainarazteko, alegia. Azurtza emakume atzerritarrak etxeko lanetarako oso baldintza kaskarretan kontratatzen dituen enpresako burua balitz, eredu litzateke hedabide horientzat, eta seguru ez luketela halakorik aipatuko Euskal Etxearen aferaren gaineko albistean. Jakina, Azurtza esplotatzaile madarikatu horietakoa izan balitz, ez litzateke albiste izango, ez behintzat Urkullu jauna muturrarazteagatik. Azurtzak, baina, bere gorputzaren erabilpen autonomoa egin du sos batzuk irabazteko. Hori bai, sexuaz baliatu da inoren menpe egon barik eta inor esplotatu barik. Ezin barkatuzkoa, alegia. Eta horretan datza, hain zuzen, egunkarion homofobia eta sexufobia.
Azurtzaren gaytasuna ezaguna zen New York hiriko Euskal Etxekoak ezagutzen dituen edonorentzat. Horren ezagunak, NABOk ere —North American Basque Organizations (Ameriketako Estatu Batuetako Euskal elkarteak), hori izena, hori… alajaina!— arazoak izan dituela sagartzulo hartako txokoan gay jendeak izan duen harrera eta festarako aukeragatik. Hori bai litzateke albiste, New York edo Bartzelonako euskal etxeetan gay jaiak egin izan direla jakinaraztea, euskalduntasunak ez duelako tupust egiten gizon bik edo emakumezko bik dantza egin edo larrua jotzearekin. Euskal Etxean maritxuak bildu izan zirenean Azurtzari elkarrizketa egin eta Harri-ren gainekoak galdetuz gero, bapo! Baina ez, hedabide horiei. Gakoa hemen ez baita ageriko egitea homosexualitatea, eta, are gutxiago, sexu gogo horiek euskal emakume eta gizonon artean duten xarma. Bai zera! Asmoa Azurtzaren «gaiztakeria» agerian uztea zen, eta azaltzea zergatik egin zuen egin zuena. Zergatik? Gay delako, jendaurrean popatik hartzen duen aktore pornoa gainera. Azurtza ez da, haien iritziz, euskaldun peto-petoa; horregatik egin dio lehendakariari egin dion itsuskeria.
Horregatik guztiagatik, EHGAMkideok gure elkartasunik zintzo eta gozoena bidali nahi diogu Aitzol Azurtzari. Hainbat mediok egin diotena lotsagarria, zitala eta zerrikeria hutsa dela uste dugu, eta horrela, hitzez hitz, argitu nahi diegu euskal herritarrei. Homofobiak eta sexufobiak hamaika aurpegi higuingarri ditu, eta hau horietako bat da.