Autobusak
Erakunde ultra baten autobusa etorriko da Iruñerrira bihar-etzi. Ia ezezaguna zen bus horren probokazioari zilegitasuna eta ikusgarritasuna eman diogu. Albiste on bat dago: agian LGTBI kolektiboak gaindituko dituen transfobiaren kontrako mugimendu bat hasi da gurean.
Beste guztia nahiko kezkagarria izan da: berriz ere zentraltasuna eman diogu eskuin muturrari. Markoa berak egin digu. Eta guk, gailentasun moralez, aurreratuagoak garela erakutsi diegu. Hala ere, eskuin muturraren probokazioak 30 urtera jasotzen ditu emaitzak: begira Alemanian eta Frantzian, adibidez.
Gainera, autobusaren kontrako mugimendu hori estetika soil gelditzen bada: «ez esan gauza transfobikorik gaizki ikusia dagoelako baina… jarraitu gizarte transfobikoaren oinarriak eraldatu gabe». Jai dugu. Zeren autobus hau Iruñetik pasako den egunotan supermerkatuetako 18 langile kaleratuko ditu Caprabo supermerkatu kateak Eroskiren bidez. Agian kaleratutako emakumeetako batek izango du alaba zakildun ala seme bulbadunen bat. Nola erosiko dizkio jantziak eta liburuak? Ze zailtasun izango ditu, haztean lan duin bat topatzeko? Gure asmo digital onek emango diote jaten?
18 emakumeok kaleratu dituzten egunotan, 20 minuturo autobus bat abiatu da Iruñeko Vianako Printzea plazatik Gorraizera. Funtsean. Autobus horrek hiriaren zentro pobretutik —Arrosadiatik eta Alde Zaharretik— emakume hego-amerikarrak eramaten ditu Iruñerriko periferia aberatsera: haurrak elikatzeko, agureak paseatzeko, mugikortasun mugatua duten dirudunen hankarteak garbitzeko. Sarritan, —Brecht parafraseatuz— histeriko jartzen gara kapitalismoaren aldaera histerikoaren aurrean kapitalismoari aurre egin gabe. Alegia, gure kontzientzia garbitzen dugu asumi ezina den bus transfobikoaren aurrean. Baina bestea, larunbatetan 60 minuturo Gorraiza doana ez dugu zalantzan jarri ere egiten.