ARGIA: Lumak eta mozorroak
Homofobiaren eta lesbofobiaren adierazle leuna dugu lumafobia: “Nik homosexualak errespetatzen ditut, baina hain esajeratuak diren maritxu horiek gogaitzen naute”. Edota: “Beitu zein mari-mutil den neska hori. Ezin al du lesbiana eta femeninoa izan?”.
Askok diote luma ez dela naturala, mozorroa dela, armairutik atera diren gay eta lesbianek euren homosexualitatea adierazteko behar gehiegizkoa daukatela. Maritxuegiak direla, mari-mutilegiak. Nabarmenegiak. Nork epaitzen du zenbat luma den gehiegizkoa? Gizarte heterosexistak, jakina. Antza, sexu aniztasuna onartzen –toleratzen– da, baina beti ere euren generoko pertsonak desio eta maite dituztenak heteroarauean “integratzen” badira: monogamia aukeratu, familia nuklearra sortu, kapitalismoaren eta patriarkatuaren arauak bete. Luma ateratzen duten pertsonek euren diferentzia, arau horien apurketa, argi eta garbi uzten dute. Homosexualitatea onartzen da, nabarmena ez bada. “Nork bere etxean nahi duena egin dezala” esaera gu armairuan giltzapetzeko saiakera besterik ez da.
Nire lagun lesbiana batek logela bat erreserbatu behar zuen Bartzelonan. Neskalagunarekin zihoala esan zuenean, jabearen erantzuna “ondo, baina diskrezioz jokatu” izan zen. Nire lagunak pikutara bidali zuen eta bere blogean gertakaria kontatu zuen, baita bidaia horretan kalean musukatzen ari zirela bizitako eraso ugari kontatu ere. Neska batek eurengana jo eta “hori azken boladan ikusi dudan keinurik apurtzaileena da” esanez, txalotu zituen. Nire lagunen erantzuna: “Gure muxuak apurtzaileak direlako ustea gizarte moderno honen osasun tamalgarriaren adierazle da”.
Bestalde, lumaren kontura itzuliz, gizonek euren maskulinitatea erlaxatzen dutenean (sentimenduak adieraziz, esaterako) maiz kuadrilaren epaia eta kontrol homofoboa jasotzen dute. Era berean, nik ilea moztu eta takoiak edo makillajea erabiltzeari utzi diodanetik, hainbatek esan didate orain soropilaren itxura daukadala. Horrek frogatzen du luma baino, feminitatea dela egiazko mozorroa, feminitatearen artifizioak alde batera uztea eta ni neu izatea lesbianismoaren adierazle bezala ulertzen baita.
AEBetan queer (ingelesez, arraro) mugimendua jaio zen, normalkuntzaren bidea onartzen ez zuen LGTB mugimenduaren sektoreak bultzatua. Maritxu, mari-mutil eta pertsona trans-en kontra erabiltzen zen iraina mugimendu honek bereganatu eta aldarri bihurtu zuen. Aldi berean, queer teoriak diskurtso feminista berritu eta aberastu zuen. Judith Butler filosofoak, esaterako, “genero performatibitatea”ren kontzeptua garatu zuen. Laburbilduz, haur bat medikuak “neskatila/mutikoa izango da” dioen momentutik aurrera gizarteak inposatzen duen “emakume” edo “gizon” ereduak baldintzatuta haziko da. Gero, familiak, lagun taldeak edota komunikabideek argi utziko diote zer den bere generorako aproposa, eta “performance”a zuzen antzezten ez badu, presioak, epaiak eta irainak jasoko ditu. Esparru lesbofeministetan drag king teknika erabiltzen da generoarekin jolasteko, deseraikitzeko, ustez naturalak diren feminitatea zein maskulinitatea jantzi eta erantzi ditzakegun mozorroak –Butlerrek dioen bezala– performance hutsak direla frogatzeko: emakumeak gizon bihurtzen dira egun batez, bai fisikoa eraldatuz zein jarrera maskulinoak praktikatuz.
Zer esan nahi dut horrekin guztiarekin? Noizbait gay edo lesbiana baten luma epaitzen baduzu, jarraian pentsa ezazu zein den zuk daramazun mozorroa, ea erabiltzea erabaki duzun eta ea zoriontsu eta libre sentitzen zaren.