Ama naturalak
Geu ere, bazkaritan bildutako adiskideok, boteprontoan, iritzi ildo berean lerratu gara; zera aldarrikatu dugu: zentzua zentzua dela. Eta aipatu dugu zer paradero izango duten lauki gaixo horiek urruti baino lehen amari indarrak xahutzen zaizkionean edota, okerrago, hiltzen denean. Hots, zentzuak agintzen duela amak gazte eta sasoiko behar duela —bai, sinbiosian, amentzako sasoiko izatea gazte izan gabe posible ez balitz bezala—. Eta jendeok erotuta gabiltzala zientziarekin eta bioteknologiekin. Hortan bukatu dira ama-amona eta haren laukiekikoak.
Baina gaueko pentsamendu eta ametsen arteko muga horretan berpiztu zait Raugnik, eta haserre bota dizkit zenbait galdera: adibidez, zergatik pozten garen hainbeste 80 urteko jendea maratoiak egiten ikusita, eta zergatik sortzen digun halako espantua 65 urterekin haurrak izateak. Eta ez al diren asko, eta gehinetan boteretsu, ilustre, intelektual eta izen onekoak aitondu eta gero aita egiten diren gizonak. Eta ez al daukan berak familia sare zabal-zabala indarrak urritzen zaizkionean edo hiltzen denean umetxoez arduratzeko, esaterako, 20 urteko askok baino askoz ere zaintza egitura sendoagoa. Eta zergatik iruditzen zaigun zilegi zientzia eta bioteknologia erotzeko muturretaraino eramatea hilezkortasunaren bila bada. Mutu laga nau, neure aurreiritzietan aztarrika.
Eta ezinbestean akordatu naiz giro ezkertiar, alternatibo eta, are, feminista batzuetan ernalkuntza lagunduaren kontra eratzen ari den mugimenduarekin, kapitalismoaren azken deabrukeria eta bizitza merkantilizatzea dela iritzita. Urrutira joan gabe, Emazteek Diote talde feministak gai hori izan du Martxoaren 8ko aztergai izar, eguneroko indarkeriak, prekarizazioak eta nor bere buruaren jabe izateko ezintasunak «amatasunaren desnaturalizazio» hori baino arazo txikiagoak balira bezala. Eta ahaztuta bioteknologiarik gabe ere bizitza aspalditik merkantilizatua duela kapitalismoak; are, horixe dela kapitalismoa: bizitzaren merkantilizazioa. Eta begi bistatik kenduta, obuluekin eta sabelekin ez ezik, gure gorputz osoarekin egiten duela negozioa: esku, burmuin zein kontzientzia; muinean gure denborarekin.
Eta gogoratu naiz, nola ez, Beatriz Preciado filosofoarekin: nola ohartarazi duen ezagutzaren zein bioteknologien bilakaerak hainbeste ahuldu duten sexu binarismoaren hezurdura epistemologikoaren —hots, gure sexu/genero sistemaren oinarriaren— irauteko azken aukera dela emakumea amatasunaren bidez, amatasunean, naturalizatu eta esentzializatzea.