ALICIA IZAL “Genero identitateari egokitu behar zaio gorputza, biak armonian egon daitezen”
Lizarrako (Nafarroa) Cafe con Letras taberna da Alicia Izalen (Atarrabia, 1959) negozioa; taberna ez ezik, kultura eta sorkuntzarako gunea ere bada. Urtebete darama negozioak martxan, eta kontent da emaitzarekin. «Nire transexualitatea dela-eta hasieran arazoak izanen genituela pentsatu genuen. Baina oso polita izan da tradizionala dela dioten gizarte honek egindako harrera eta erakutsitako maitasuna», esan du. Elkarrizketa bitartean denetariko bezeroak aritu dira sartu-irtenean, eta haiekin duen harremana estua dela antzeman liteke. Izalendako garrantzitsuena zera da: besteek emakume gisa onar dezatela. «Maskulinoa ateratzen zaienean kakazten dute; sastakai txiki bat antzematen dut».
Noiztik zara Alicia sistemarendako?
Ofizialki, 2013ko uztailaren 24tik naiz Alicia.
Baina Alicia zara lehenagotik ere.
Jaio aurretik naiz Alicia. Onartuen dauden azkenengo ikerketen arabera, transexualitatea haurdunaldiaren seigarren astean gertatzen da. Kromosomak garatzen hasten dira, eta baita burmuineko zelulak ere. Normalean, gorputzeko zelula guziak bide berean garatzen dira kromosoma kateen bidez, baina beti daude haustura txikiak. Horri disforia deritzo, baina inondik inora ez du esan nahi tara bat denik. Haurdunaldian denek ditugu kromosoma haustura txikiak, eta, transexualen kasuan, haustura horiek eragin bat izan dezakete: sexu fisikoa modu batera garatzea, eta garuneko sexua, hau da, genero identitatea, beste batera. Ni gizon gorputzarekin jaio nintzen. Baina gorputza aldatzen ahal da, eta genero identitatea ez. Gorputza genero identitatera egokitu behar zaio, biak harmonizatu daitezen eta pertsona askeago eta osoago bizi dadin.
Jaiotzean denak dira haurrak, ez dago banaketarik. Zein momentutan konturatu zinen inposatu zizuten generoa ez zela zurea?
Gizarte honetan, hasiera-hasieratik banatzen gaituzte gizon eta emakume gisa. Nortasun agirietan eta jaiotze agirietan, guzietan, generoa dator; gainera, sexua balitz bezala. Sexua animalia guziek dugu, baina gizakiek genero identitatea ere badugu. Normalean, pertsona transexualetan agerikoa da bizpahiru urterekin; lau, asko jota. Hor hasten da genero disforiaren benetako karakterizazioa. Bi urte nitueneko oroitzapen oso biziak ditut. Gogoan dut komunean sartu eta amaren zapiak janzten nituela. Ile luzea nuela irudikatzen nuen; hori zen nire jolasik gogokoena. Orain dela 53-54 urte, hori seinale erabat femeninoa zen, gizonek ez baitzuten ile luzerik. Nire jolasik gogokoena neska izatera jostatzea zen.
Zer sentitzen du neskatiko batek inguruko guziek mutiko baten gisan tratatzen dutenean?
Ez da erantzuteko erraza. Mundu guzia aurka duela sentitzen du, bere onetik kanpo dagoela, eta ez daki nola eginen duen bizi ahal izateko. Nire gurasoek ez zekiten horri buruz, eta ezin zuten jakin, transexualitatea ez zegoelako gizarteraturik. Neska gisa jantzi edo ile luzea izatera jostatzen zen mutiko bat, asko jota, maritxua izanen litzateke. Eta ez du horrekin deus ikustekorik. Ez da afera sexual bat, baizik eta generoari dagokiona. Gainera, bai gizartea eta bai nire familia oso erlijiosoa zen. Familia oso ezkerrekoa nuen, militantea alor sozial, politiko eta sindikalean, baina, era berean, oso sinestuna. Auzoko neska-mutikoekin mutikoa izan behar nuen, eta futbolean jokatu behar nuen. Egiazki, azaltzeko oso zailak dira egoera horiek, sentimendu horiek: hainbeste min, etsipen, hainbeste gau Jainkoari erreguka biharamunean munduak neska gisa ikus nintzan. Zure feminitatea onartzea agian gauzarik inportanteena da transexualendako, gorputz aldaketa, operazio edo hormonatzeak baino askoz ere garrantzitsuago. Hori gizarteak sentitzen zaren bezala ikustearen arabera egiten da.
Haurra nintzelarik, hori guzia ezinezkoa zen: gizartean gaixotasuna, familian eromena edo erabateko hondamendia, eta erlijioan bekatua. Aukera bakarra neure burua egoera horretan bizitzera derrigortu eta nire aurka borrokatzea zen. Garapen intelektuala oso zaila da egoera horretan: nerabezaroan ez nintzen hazten; zerbaitek biziki estutzen ninduen. Negar egiten nuen titiak hazi beharrean zakila hazten zitzaidalako. Nola liteke? Bizi osoa horrela bizitzea, norberaren aurka, oso-oso zaila da. Edukazio eta fedea nuen, eta aurrera egitea lortu nuen. Gerora oso zoriontsua izan naiz mundu honetan.
Gazte zinelarik, frankismoan bizi zinen. Gaur egun asko aldatu da transexualitatearen afera gizartean?
Dena aldatzen da. Batzuetan arazoa da denak berdin jarraitzeko egiten direla aldaketak. Nafarroako transexualen eskubideei buruzko 12/2009 foru legea itzela da, Espainiako Estatuan eta Europako toki batzuetan eredugarria. Baina gutxienekoa garatu da bakarrik. Osasun alorretik kanpo, ez da deus egin, ez hezkuntzan, ez justizian, ez eskubide zibil batzuetan, ez lan alorrean, ezta diskriminazio positiboan ere. Osasunari dagokionez, UNATI Nafarroako Transexualitate eta Intersexu Unitatea sortu zen. Garrantzitsuena artatze psiko-psikiatrikoa eta endokrinologikoa da; horrek oso ongi funtzionatzen du, eta profesionalek konpromisoa dute. Baina hortik aurrera ez da batere garatu. Osasun alorrak transbertsalagoa beharko luke, hormonatzeak gorputzaren atal askori eragiten baitie, era askotara, gainera. Adibidez, ni orain ahotsaren errehabilitazioa egiten ari naiz. Emakume gorputza dut, eta ahotsa da emakume gisa identifikatzeko dudan arazo bakarra. Ezin dut hogei hilabetez zain egon errehabilitazioa hasteko. Noski, ez dago beste aukerarik, Nafarroan bi foniatra daudelako, baina horrek ere zerikusia du gobernuarekin. Beraz, lege itzela dugu, baina ahanzturaren tiraderan gordea; gainera, giltzarekin ederki itxita dago, badaezpada ere.
Amerikan izan zinen, lehenbizi El Salvadorren. Zergatik joan zinen?
Misiolari bokazioa esaten zitzaion. Egiazki, Seglar misiolari elkartean nintzen. Pertsona laikoa nintzen, baina elkartasunerako eta laguntzeko gogoa nuen. Gaur egun, GKEek egiten dute lan hori, baina orduan ez zeuden hain garaturik eta erroturik. Sentimendu oso euskaldunak eraman ninduen, bizitza partekatzeko gogoak. Neskatila nintzela, militantzia bizi izan nuen; 1970ean, aldaketa bultzada garrantzitsua eta nahiko orokorra izan zen Latinoamerikan. Nikaraguako gerra eta sandinisten garaipena izan zen, eta beste herrialde askotan herritarren erakundeak sortu ziren pobreziaren aurka. Nire gogoen batuketa sinbiotiko bat izan zen, eta iraultzaren amoreagatik bizitzeko hautua egin nuen, zalantzarik gabe.
Han hasi zinen teologia ikasketekin. Apaizen munduan sartu nahi zenuen, baina emakumeek ez dute sarbiderik han.
Urte bat egon nintzen Hondurasko errefuxiatuekin lanean, eta beste bat FMLN Farabundo Marti Nazio Askapenerako Frontea erakundearen menpeko lurretan. Gero herrialdea utzi behar izan nuen; Euskal Herrira itzuli nintzen, eta nire etorkizunari buruz hausnartzen hasi nintzen. Han zoriontsu nintzen; hura bizitzen jarraitu nahi nuen. Hausnarketa prozesuaren ondorioz, apaizgoaren alde egin nuen, herriaren eta herritar txiroen alde egiteko. Apaiza izan nahi nuen, baina modu horretara. Bordak errez. Apaiz izatea ongi iruditzen zitzaidan, sinestuna nintzelako eta joan behar nuen herria izugarri sinestuna zelako, eta horrek lana errazten zuen. Gainera, indigenekin aritu nahi nuen, eta Chiapaseko San Cristobal de las Casas elizbarrutiarekin lan egin nahi nuen, haien oinarriari jarraiki: pobreak dira beren buruak askatu behar dutenak, eta Eliza askapen horren zerbitzura jarri behar da. Premisa horiekin, San Salvadorko UCA Erdialdeko Amerikako Unibertsitatean teologia ikasten hasi nintzen, eta, lehen maila bukatzean, nire irakasle guziak hil zituzten, Ellakuria eta. Ikasketak Mexiko Hirian egiteko esan zidan nire gotzainak. Zazpi hil egin nituen han, eta gainerakoa, Chiapasen. Parrokia baten buru jarri nintzen, mendian barreiaturik chol etniako 40 herrixka zituen haran batean. Teologia bukatuta, apaiz izendatu ninduten, eta Sabanillako parrokian geratu nintzen; 18.000 biztanle zituen. Mexikoko Gobernuak sobera molestatzen nuela erabaki arte egon nintzen han.
Mugimendu zapatistarekin lotu zintuzten. Egia da?
San Cristobal de las Casas elizbarrutian oso argi genuen aldaketa premiazkoa eta behar-beharrezkoa zela herritar indigenendako, txirotze progresiboa baitzuten. Esan zuten 500 urtez eutsi ziotela mahaian kolpea eman aurretik, eta gobernuari eta armadari gerra deklaratu zieten, haien kulturen pobretzearen erantzule zirelako. Elizbarrutiak ez zuen altxamendu militarra bultzatu, baina bai antolaketa. Pobreen bizitza aupatu dugu; intelektualki haz zitezen lagundu dugu, alfabetizazioarekin, kooperatibekin eta herritar zein herri gisa zituzten eskubideak ikasiz. Mexikoko Gobernuak beti sinatzen ditu eskubide horiek. Bereziki bi gauza defendatzeko altxatu ziren: bizitza eta ama lurra. Lurrari dioten atxikimendua izugarria da. Lurra lantzen dute, bizi dute, harengatik bizi dira. Haiek diote hiltzean lurrak baizik ez dituela hartzen. Giza Eskubideen Gutunean eskubide oinarrizkoenetako bi dira horiek, baina haiendako askoz ere gehiago da. Lurrik gabe ez da bizitzarik. Beraz, sentimendu horren parte baginen, noski, baina horrek ez du esan nahi ni Marcos komandanteordea nintzenik –Gobernuak esan zuen bezala–. Elizbarrutiak ez zuen armen alde egin, baina ulertzen genuen Mexikoko Gobernuaren itxikeriaren eta errepresio basatiaren ondorio logikoa zela.
Horregatik bahitu eta kanporatu zintuen Mexikoko Gobernuak?
Bai. Mexikoko Gobernuak zioen elizbarrutia EZLNren sustatzaile zela, antolatzaile eta abar. Hori, noski, ez zen egia, baina aitzakia horren bidez elizbarrutiko langile oro eragile eta antolatzaile ginen. Marcos komandanteordea hiru lagun zirela esan zuten: bat, komunikatuetan agertzen zena; bestea, barne antolaketaz arduratzen zen jesuita –horrela elizbarrutiarekin lotu zuten–; eta hirugarrenak nire izena zuen. Nazioarteko harremanez arduratzen omen zen, eta, batik bat, ETArekikoez, euskal herritarra izateagatik. [Irriak]. Hori harrigarria zen. Kanpaina ez zen nire aurkakoa; ni ez nintzen ardura handi hori zuen pertsona, eta hiru Marcos horiek ez ziren existitzen. Helburua elizbarrutiaren lana deuseztatzea zen, eta atzerriko lekukoak kanporatzea, Actial, Ocosingo eta halako tokietan egin zuten errepresio basatiari ekiteko, eta horrela askapen gogo oro azkar deuseztatzeko. Gobernuak zioen –eta baliteke egia izatea– Sabanillako bileran erabaki zuela EZLNk gerra deklaratzea. Beraz, Sabanillak ordaindu beharra zuen nahitaez. Apaizaren bahiketa, desagerpena eta kanporaketa zigor oso gogorra zen herriarentzat.
Horren guziaren ondoren itzuli, eta zure gorputza aldatzeko erabakia hartu zenuen.
Latinoamerikan esan ohi da urgenteak ez diola tokirik uzten garrantzitsuari. Niretzat emakume izatea oso garrantzitsua zen, baina urgenteena hurrengo minutua bizitzea zen. Nire transexualitatea hor geratu zen, lotan. El Salvador eta Chiapasen nomada nintzen, nahiz eta etxeren bat izan han edo hemen. Itzultzean sedentarizazio fisikoaren beharra sentitu nuen –espirituala ez, barnean nahiko nomada naiz oraindik ere–. Egoera horrek nire gogoak are indar handiagorekin loratzea ekarri zuen, sumendi bat bezala, barne uhar izugarria. Sentitzen nuena bizi beharra nuen. Ordura arte horren aurka egin nuen, egoerak ez zidan uzten horri heltzea. Nola azalduko nion munduari apaiza eta emakumea nintzela? Azaldu ezinezkoa da hori. Baina zegokidan bizitza bizitzeari uko egin nion, eta momentu horretan ezin zen gelditu. Orain ezin dut ulertu nola bizi izan nintzen nire transexualitatea bizi gabe.
Onartu beharra dut nire bizitzan dena nahiko probidentziala izan dela. Denak zuen bere arrazoia edo ondorio saihestezina. 2011. urte hasieran medikuak hipotiroidismoa nuela esan zidan, eta endokrinologian artatu behar nindutela. Bidenabar, transexualitatearena komentatzeko aholkatu zidan. Txostena egin zuen, eta dena primeran joan zen. Ekainean, UNATIko paziente nintzen. Dena azkar igarotzen da. Niretzat batzuetan motel, baina nire bikotekidearentzat dena oso azkarra zen, berak ere onartu behar zuelako. Ordura arte nire transexualitatea intimitatean bizi genuen, eta orain jendaurrean bizi behar genuen. Baina nik berehala zabaldu behar nuen gogo hori.
Nire lagunek zioten armairutik atera beharrean armairua txikitu egin nuela. Egia esan, generoa egokituz geroztik –ez da sexu aldaketa– oso onartua eta maitatua sentitu naiz. 2012ko ekainean hasi eta 2013ko uztailean bukatu zen tratamendua. Orduan onartu zidaten izen eta ‘sexu’ aldaketa nortasun agirian.
Zure generoa onartzeko beharrezkoa da zure sexua genero horretara egokitzea?
Tratamendua hasi eta bi urtera, ziurtagiri batekin.
Tratamendurik gabe ez lizukete onartuko?
Ez.
Beste eragin bat badu: ofizialki emakumea zara; beraz, gizartean behera egiten duzu, are gehiago transexuala izanda.
Bai. Egiazki piramidean emakumeak gizonen azpian daude; beraz, nire aukerarekin behera egin nuen. Horrek bazterketa handitu dezake. Are, hala sentitu izan naiz feministen artean ere. Emakume taldeen bileraren batean gertatu zait norbaitek emakumeen askapena eskatzea, baina emakume-emakumeena, talde gutxituei eta beste arazoei bere garaian helduko zitzaiela esanez, garrantzitsuena matxismoa bukatzea zelako. Eta bai, egia da. Baina ni emakume bat naiz, emakumeek ere baztertzen duten emakumea. Hori ezin da ahantzi. Edo prostitutak, horiek ere emakumeek baztertzen dituzte, edo elbarriak. Beraz, emakumearen benetako askapenik ez da izanen talderik baztertuenak aintzat hartzen ez badira. Zalantzarik gabe, emakume transexualak gizartearen estratifikaziorik baxuenaren eta marjinatuaren parte gara kasu askotan. Transexual gehienek prostituitu behar izan dute, gorputza aldatzea oso garestia delako. Edo beheren dauden lanak egin.
Lan munduan antzeman duzu bazterketa?
Nire lehengo lanetik bota ninduten. Enpresako ordezkari izanda nagusiari aurre egin niolako bota ninduten, egia da, baina egia da Madrilgo nagusiak ez zuela nire transexualitatea jasaten, nahiz eta hori ez zen haiek emandako arrazoia. Langilerik onenetakoa nintzen; urtero sariak irabazten nituen, eta enpresako bezerorik garrantzitsuenak nire esku zeuden. Nirekin nahi zuten, ez beste inorekin. Kaleratu nindutenean, bezero horiek zuzendaritzarekin bildu ziren prezioa jaisteko, ez baitzien kasu egiten haiek nahi zuten pertsonak. Langile oso ona nintzen, baina nagusiak ez zuen jasaten transexuala izatea eta hari aurre egin izana.
Momentu gogorrak pasatu izan dituzu. Oztopoei aurre egiteko helduleku onak izan dituzu?
Fedea dut, eta beti izan dut indar espiritual bat lagun, bultzatu egin nauena. Baina pertsona oso garrantzitsuak izan ditut inguruan. Orain, armairua lehertzean erabat lagundu nauena nire bikotekidea izan da. Nik sufritu dut gizartearen aurrean ezagutzen ez ninduten bezala azaltzean, baina, era berean, nire genero identitatea gozatzen dut, emakume gisa bizitzea. Niretzako bizitzen jarraitzea gozamena da, emakumea naizelako beti nahi izan dudan moduan. Prozesua gogorra izan da, baina gozatu dut. Baina nire bikotekideak bazterketa, begiradak, komentarioak… sufritu ditu nirekin batera, eta gozatu du niregatik, baina ez da haren aldaketa, ez da haren genero egokitzapena. Gainera, haren herrian bizi gara, ez nirean. Hori beste zailtasun bat da. Baina tira: beti ateratzen da eguzkia. Ez dago betiereko tunelik. Batzuetan luzeak dira, bai, baina bukatzen dira, eta berriz ere argia ikus liteke.