Zilegitasuna eta esentziak
Ondo bidean, irlandarrek baietz esan zioten atzo sexu bereko pertsonen ezkontzei. Uhartean ditudan adiskideek adore emateko mezuak zabaldu dituzte egunotan sare sozialetan, eta irribarretsu ageri ziren argazkiak jarri zituzten atzo. Baietzak alde handiz irabaziko duen seinale izatea espero dezagun. Sinn Fein-etik Fine Gael kontserbadorera, denek bat egin dute.
Alderdiek Parlamentuan zuzenean ebatz zezaketen auzi bat herritarrei pasa diete (badira Konstituzio-aldaketak halabeharrez erreferenduma behar zuela diotenak ere), eta masa-mobilizazio ederra ekarri du, gizarte osoa kolektibo baten eskubideen defentsan, eskubideak gizarte osoarenak direlako azken baten. Baietz bozkatzeko eskatu dute elizako zenbait kargudunek. Era berean, sektore atzerakoi beldurgarria ere agerian utzi du, katolikoak eta protestanteak muturreko ideietan batzeko gai.
Baina mobilizazioak bestelako eztabaida bat ere ekarri du: eta ezetzak irabaziko balu, zilegi ote da gutxiengoaren eskubideak ezabatzea gehiengoak hala eskatuta? Euskal Herrian ere izan da kezka hori. Gurean behin baino gehiagotan galdetu da, zaborrez, zikintzeaz edo hizkuntzaz ari garela, dena ote den bozkagarri. Bada independentzia ere galdetzerik ez dagoela dioenik. Bistan da galdera egiten duena ezetz erantzuten ari dela, badirela oinarrizko gauza batzuk berez dagozkigunak, herritarren artean uneren batean gehiengorik lortu ez arren. Bizitza-eskubidea, pertsonen berdintasuna… ez dirudi zilegi, esaterako, emakumeei, beltzei, euskaldunei, homosexualei, gura dugun kolektiboari boto-eskubiderik ken dakiekeenik, ezta? Hau da, horrelakorik planteatzea ez litzateke zilegi, ez eta herritarren erreferendum baten esku uztea ere (bidenabar, boto-eskubidea kentzea eskatzea inoiz ez litzateke zilegi izan behar. Euskararik ez dakitenei ere ez, inork halakorik planteatuko balu).
Batzuentzat oso argi dago: oinarrizko eskubideak ez dira bozkagarri. Beste batzuetan herritarrek beti behar dute hitza izan, elkarbizitza ere herritarren hitzarmenetik datorrenez gero. Badakit jarrera arriskutsua izan daitekeela, baina esentzietan goxo geratu ordez, herritarrengan konfiantza izan behar delakoan naiz. Parte-hartzea ahalbidetu. Eta horrek izan ditzakeen kontraesanez jabetuta ere, herritarren ahalbidetzea bermatu.
Sexu bereko pertsonen ezkontza legeztatzearen lehen ondorioa eskubide hori indartsu sartzea izango da, herritarren zilegitasun handiz. Kontraesana dagoela jakitun, baina hari itzuri gabe. Baietzak auzia konpontzen du. Txikia izan arren, ezetzaren arriskua ere badago, bistan da. Baina ez du auzia ixten, borroka atzeratu baizik. Auzia ezkontzak zein Eskoziako independentzia izan.
Irlandakoa baino askoz esanguratsuagoa zait Hego Afrikakoa: 1992ko martxoaren 17an konstituzio aldaketari buruz bozkatuko zuten erreferendumean. Funtsean, apartheid sistemaren amaiera zekarren aldaketa zen, baina horretarako, paradoxikoki, zuriek baino ez zuten bozkatzerik izan galdeketan. Hau da, teknikoki, zurien esku uzten zen pribilegioak galtzea etaapartheid-a gainditzea.
Ordurako Mandela kalean zen, Namibia independentea zen eta lurren jabetzea eta herritarrak arrazen arabera bereizten zituzten legeak abolituta zeuden. Baina tentsioa gora zihoan, Gobernuaren oposizioa (zuria) indartzen ari zen eta talde paramilitar arrazistek geroz eta indar handiagoa zuten kalean. Frederik De Klerkek, orduan, erreferenduma antolatu zuen ordura artekoari babesa eskatzeko, eta funtsean, zilegitasuna irabazteko.
ANC Afrikako Kongresu Nazionala, noski, kritiko agertu zen hasieran segregazioa gainditzeko zuriek baino bozkatzerik ez zuten erreferendum harekin. Baina laster jabetu ziren moralki zilegitasuna erraz uka zekiokeen galdeketa hark zeukan garrantziaz, eta zer nolako atea irekitzen zuen. Erantsi horri irabazteko aukera guztiak zituela baietzak: hedabideak, gobernua zein nazioartea. Eta baietzaren alde egin zuen kanpaina hasieran.
Hego Afrikako zurien %85ek parte hartu zuen erreferendumean. Ia bi milioik, boto emaileen %68k, baietz bozkatu zuten. Eta Frederik De Klerk-ek esan zuen: «Gaur apartheid-aren liburua itxi dugu». Nelson Mandelak «egiaz, oso pozik» zegoela esan zuen. Oraindik bi urte falta ziren ANCk hauteskundeak irabazteko eta Madiba lehendakari izateko. Baina asmatu zuten galdeketaren garrantzia ulertzen, legitimitaterik gabeko erreferendum bat izan arren abiapuntua.