Sexua askatasunez bizitzeko mugimendu politikoa
Urtarrilaren 31n aurkeztu zuen bere burua Kitzikan gazte antolakundeak. Bergarako (Gipuzkoa) gaztetxean elkartu ziren hamarnaka lagun. Norbanakoen eta talde gonbidatuen artean ziren LAB sindikatua, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Medeak talde feminista eta Ernai. Gazte deitu diote beren buruari, baina ez diote adinari begiratuko, gazte espiritua da nabarmendu nahi dutena. Hego Euskal Herrian zabaldu nahiko lukete, oraingoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ari dira lanean. Eskualdeka antolatu dira eta Donostialdean, Gasteizen, Bilbon, Ezkerraldean eta Uribe-Kostan sortu dira taldeak, besteak beste. Eskualdeko batzarrek egitura orokorraz gaindi, autonomiaz jardungo dute.
1969 hura gogoan
Sexu askapenerako mugimenduaren hasierako erroak berreskuratu nahi dituztela diote. Hasiera 1969an kokatzen dute, New Yorken (AEB), Stonewall taberna ospetsuan izandako istiluetan. Sexu langileek, transexualek, trabestiek eta homosexualek poliziari aurre egin zioten, eta hainbat egun iraun zuen matxinadak.
Batzuen ustez ordea, eztanda hark ez zuen asko iraun. 1980ko urteetan, sexu askapenaren mugimenduan haustura egon zen, eta queer mugimendua piztu zen. Pentsaera hori LGBT ideologiaz harago doa, heterosexualitateaz, heteronormatibitateaz eta emakume-gizon binomioaz gaindiko gutxiengo sexualak hartzen ditu bere barnean. Queer diskurtsoaren iritziz, 1969ko espiritua galdu egin zen eta eredu heterosexuala hura irensten ari zen. Kitzikanek ez du bere burua queer mugimendutzat, ez du izendapenik hartu, baina aipatu mugimendutik oso gertu kokatzen da.
Ekaitz Herrero Kitzikaneko kidearen aburuz, azken urteetan kontuan hartu beharreko beste zenbait gertakari izan dira: “Krisi ekonomikoa hasi zen 2006an; sexu askapenerako mugimendua berriro kokatu nahian zebilen; eta tokian tokiko arazoak sortu dira, Ukrainan, Udaberri Arabiarraren ondorioz Turkian, eta abar”. Nazioartean azken urteotan sortutako mugimendua gainbegiratu du Herrerok: Errusiako eta Ukrainako Kaos GL, AEBetan arrazakeriaren ildotik queer mugimendua, Turkian queer intifada, Palestinan ere bai…
Giro horretan sortu da Kitzikan, sistema heteropatriarkalaren kontrako jarrera politiko erradikala berreskuratzeko asmoz.
Hutsunea betetzera
Euskal Herrian Kitzikanek nahiko lukeen moduko mugimendurik ba al dagoen galdetuta Herrerok honela erantzun du: “Euskal Herriko egoera soziopolitikoa, antolatzeko eta borrokatzeko modua, kontzientzia kritikoa kontuan hartuta, beste leku askotan baino mugimendu gehiago egon da, eta horietan, sexu askapenean ere bai, egiteko moldeak koherenteagoak izan dira. Hasiera hartan behintzat bai”. Euskal Herriko mugimendua erradikalagoa, politikoagoa, botere guneetatik ez hain gertu irudikatzen du Herrerok. EHGAM jarri du adibide. Hasierako aldarrikapen haietatik, oraindik ere, nahiko hurbil dabilela uste du. Hala ere, gorakadaren ondoren, bertan goxo egitea edo zahartzea datorrela uste du, eta indarrik eta aukerarik gabe geratzen direla mugimenduak haien nahiak betetzeko.
Homofobiaren Aurkako Eguna ospatu behar al da?
1990ean, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenetik atera zuen. Erabaki hori oinarri hartuta, Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna prestatu zuten. Lehenengo aldiz 2005eko maiatzaren 17an egin zen. Herreroren ustez, ez dago zertan ospatu munduko erakundeek homosexualitatea buru gaixotasunen zerrendatik atera izana. Maiatzaren 17a antolatzen duten berberek transexualitatea zerrenda berean egotea ez dutela zalantzan jarri dio Herrerok: “Transexualitateak heterosexualitatearen erregimena ezbaian jartzen du, jada ez daude gizonak eta emakumeak soilik, hirugarren pertsona bat aldarrikatzen da”. Izatekotan, borrokarako baliatuko dute Homofobiaren Aurkako Eguna, gogoratzeko oraindik badirela izate eta praktika ugari gaixotasuntzat hartzen direnak.
Ekainaren 28an bai
Sexu Askapenerako Eguntzat du ekainaren 28a LGBT (Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transgenero) mugimenduak. Kitzikaneko kidearen ustez, egun hori oso garrantzitsua da mugimenduarentzat: 1969ko ekainaren 28 hartan sistema heteropatriarkalaren aurrean, orduko hartan, poliziaren aurrean, ez makurtzea erabaki zuten. Herrerok gaineratu du zoritxarrez egun hori ere despolitizatzea lortu dela, eta tabernaz eta enpresaz betetako erakusleiho bihurtu dela. Ez ordea Euskal Herrian. Hemen borrokarako eta aldarrikapenerako eguna izaten segitzen du.