Transexualitateari arreta «integrala» emateko gida bat aurkeztu dute
«Transexualitatea ez da desoreka bat, ez buruko gaixotasun bat, ezta soziopatia bat ere; aniztasun gertaera bat da». Hala jaso du Eusko Jaurlaritzak transexualitate egoeran dauden pertsonei arreta emateko gidako sarreran. Arreta hori modu «integralean» emateko irizpideak zehaztu dituzte bertan. Hezkuntza, eremu soziala eta osasun arreta hartzen ditu aintzat, eta hainbat jardunbide aholkatzen ditu transexualitatea ez patologizatzeko edo estigmatizatzeko.
Eusko Legebiltzarrak 2012an onartu zuen transexualak genero identitateagatik ez baztertzeari buruzko legea. Bertan, osasun arretarako gida bat aurreikusi zuen, baina Eusko Jaurlaritzak beste esparru batzuetara ere zabaldu du. Hori dela eta, hiru sailetako ordezkariak egon ziren gidaren aurkezpenean atzo: Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordea, Lide Amilibia Gizarte Politiketarako sailburuordea eta Guillermo Viñegra Osasun sailburuordea.
Osasun eremuari dagokionez, Viñegrak nabarmendu du transexualitatea «despatologizatzeko» lehentasuna: hau da, ez dadila tratatu gaixotasun moduan. Edonola ere, «eskubide oinarrizkoenak» baliatu ahal izateko behar dituzten osasun zerbitzuen beharra aitortzen du. Edonola ere, osasun zerbitzu horiek jaso ahal izateko, transexualitate egoera egiaztatzeko probak aurreikusi ditu Osasun Sailak.
Tratamenduak Gurutzetako erietxean bilduko dira (Barakaldo, Bizkaia), Genero Nortasunaren Nahasteetako Unitatean. Transexualitate egoeran dauden pertsonak hara bideratzeko aholkuak jasotzen ditu gidak, dela osasun arloaren eremuan, dela hezkuntzan. Halaber, unitatean abiarazi beharreko pausoak ere jasotzen ditu: lehen mailako arreta, harrera egiteko prozedurak, kasuak identifikatzea…
Irakasle prestakuntzarik ez
Hezkuntzan, «eskola inklusiboaren» ikuspuntutik heltzen dio gaiari gidak. Lan horretan ikastetxeen, familien eta komunitateko beste eragileen arteko koordinazioa eta lankidetza nabarmendu du Aurrekoetxeak: egoerak antzemateko komunikazioa, erabakiak hartzea, ikastetxeko antolaketa neurriak, diskriminazioa saihesteko prozedurak… Elkarteek, baina, irakasleei prestakuntza falta zaiela jakinarazi dute.
Gizarte Politiketako Sailak Berdindu zerbitzu publikoaren balioa nabarmendu du. Edonola ere, hor ere kritika egin dute elkarteek: administrazioan ez dago zerbitzurik transexualitate egoeran daudenen familiei arreta emateko. Gaur egun hirugarren sektorea arduratzen da informazio hori emateaz, baina egiteko hori administrazioari dagokiola uste dute eragileek.