BERRIA: UDAKO SERIEA. Gurasotasuna eta zaintza (II) Alberto Santisteban eta Iñaki Alonso Oztopoak, erakundeetan

Elkar ezagutu zutenean, emakumeekin ezkonduta zeuden: bi neskaren aita zen bat, eta mutil batena bestea. Auzitegietan gatazka luzea gainditu ondoren, alabekin bizi izan dira, urteetan.

iñaki-alberto

Alberto Santisteban ezkerrean eta Iñaki Alonso eskuinean, Bilboko kaian, Ikatz eta Entxo zakurrekin pasieran. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Kezkatuta geratu zen Alberto Santistebanen (Trapaga, Bizkaia, 1958) semea, 13 urte zituela, aitak esan zionean amarengandik banandu eta beste gizon batekin bizitzera joango zela. «Arduratuta zegoen, bera ez zelako ni bezalakoa: konturatzen hasia zegoen neskak zituela gustuko». Aitaren joera sexuala ez da oztopo izan Iñaki Alonsoren (Barakaldo, Bizkaia, 1960) bi alabentzat ere: urteak egin dituzte bikotearen etxean. Haurrak heldu bihurtuta, «zoriontsu» mintzatu dira gurasotasunaz: «Poz-pozik gaude seme-alabekin». Baina bidean izan dute trabarik; garai ilunagoen arrastoak, Alonsoren arabera: «Homosexualok aske bizi gaitezen eta familiak sor ditzagun erabat prest dago gizartearen gehiengo handi bat, naturaltasunez onartzen dute; baina erakundeetan arazo gehiago dago: sistemaren isla dira, oraindik barneratuta dauzkate homosexualen aurkako legeak».

Egun, 26 eta 29 urte dituzte Alonsoren alabek, eta 27 urte Santistebanen semeak. Bikotekide ohiekin bihurtu ziren guraso, emazteekin. Ohituraz, ia-ia gizartearen aginduz. «Garai hartan, ohikoa zen soldadutzatik itzultzea, urtebete itxarotea, gazte ezkontzea, eta haurrak edukitzea», azaldu du Santistebanek. 11 anai-arrebako etxean ikusi zuen hori: «Mutilak zein neskak, ia denak antzera jardun ginen». «Orain egin daiteke, baina 1970eko urteetan ia ezin zen planteatu bikote batek umerik ez ekartzea», gaineratu du Alonsok. Halere, biek diote haurrak gustuko zituztela, aita izan nahi zutela. Santisteban: «Sei urte egon ginen umerik gabe, askatasun hori gozatzen, eta gero ekartzen saiatu ginen». Alonso: «Beti izan nuen buruan. Bizi proiektu ederra da».

Ezkondu baino lehen ere beste gizonekiko harremanak izan zituzten, gaztaroan homosexualitatea bizitzeko abagune aproposik izan ez zuten arren. «Hura ez zen existitzen». Burgosko herri txiki batean bizi izan zen Alonso hamar urtez, adindun bihurtu arte; gogoratu du han «pentsaezina» zirela sexu berekoekiko harremanak: «Hiri handiago batean agian norbaitekin egin dezakezu topo, baina herritxoetan ez dago inor. Gogoa duzu, eta egiten duzu, inor aurkitzen baduzu, baina oso ezkutuan». Gay da Santistebanen anaietako bat ere: «Gorriak ikusi zituen, anaiekin eta aitarekin. Etxetik alde egin behar izan zuen, Kaliforniara». Halere, ezkontzea ez zen sexu joera ezkutatzeko modua izan. «Ni gustura egon nintzen emaztearekiko erlazioan», dio Santistebanek.

Baina, orain hamalau urte, elkar ezagutu zuten. Aurreko harremanak eten, eta proiektu komuna hasi zuten: hilabete gutxira, elkarrekin bizi ziren. «Erabakia hartzea erraza izan zen, baina etxean esatea askoz zailagoa», onartu du Alonsok. «Oso gogorra izan zen alabekin hitz egitea: eurek eskatu zidaten alde ez egiteko, baina joan behar nuen, beharra sentitzen nuen». Egun, ikuspegi positibotik aztertzen du une hura: «Zure alabei adieraztea nola sentitzen zaren, haiek ikustea erabaki koherenteak hartzen dituzula, ez da irakaspen txarra».

Muturreko banaketa prozesuak izan zituzten. Oso lasaia izan zen Santistebanena; ohiko sistemaren arabera antolatu zuten semearen hazkuntza: amak hartu zuen zaintza nagusia, baina haurra nahi zuenean ikusteko aukera gorde zuen aitak. Alonsoren banaketa, berriz, oso gatazkatsua izan zen, eta gorabehera handiak izan zituen separatu osteko hilabeteetan: «Hasieran egunero ikusten nituen alabak, esfortzu handiak egiten nituen arratsaldeko uneren batean topo egin ahal izateko. Gero distantzia hartu zuten; euren inguruak ez zituen gauzak erraztu». Auzitegietan urte luzeak egin zituen bi alaben zaintzaren inguruko gatazkak. Mingarria zaio garai hura oroitzea, alaben sufrimendua gogora ekartzea: «Neskek 12 eta 14 urte zituzten, eta ikusi behar izan zuten ustez maite zituzten pertsona batzuek ez zietela bidea erraztu».

Azkenean, baina, aiten etxera mugitu ziren alabak. «Eurak gustura zeuden gurekin, argi zuten gure etxean bizi nahi zutela, eta guk argi genuen gurekin nahi genituela, baina gizarteak, oro har, ez zuen egoera hura onartu», esan du aitak. Oztopoak nondik heldu zitzaizkien zehaztu du: «Esparru juridikoak, banaketak positiboan landu eta umeak zaindu ordez, gatazka bultzatzen du. Baina banaketa bat judizial bihurtzen denean, ezagutzen ez dituzun pertsona askok zure bizitzarekin egin behar duzunaz pentsatzen dutenaren mende zaude». Tartean, aurreiritzi homofobo eta sexistak nahastu ziren: «Epaileak alabei galdetu zien ea nork egiten zituen etxeko lanak, uste zuelako neskame gisara nahi genituela. Eta epailea andre gaztea zen; niretzat, sinestezina izan zen hura».

Edonola ere, bikotekide berria sexu berekoa izatea ez zuten iraultza gisara hartu Alonsok eta Santistebanek. Ez dute uste bizikidetza eredurik sortu behar izan zutenik. Eguneroko egitekoak ez baitziren aldatu, Santistebanen hitzetan: «Emazteekin bizi ginenean bezala bizi gara orain». Izan ere, txikitan biek xurgatu zituzten genero rolak, baina joera hautsi egin zuten nagusitan. Santisteban: «Nirean, denetarik egin izan dut: garbitu, plantxatu, josi… Semearen fardela ere nik aldatu nuen lehenengoz». Alonso: «Amari nerbioak dantzan jartzen zitzaizkion harrikoa egiten ikusten ninduenean. Emakumeen lana zen hura».

Aita homosexualak izatea ez zen gatazka gehigarria izan seme-alabentzat ere. «Desberdina agian bai, baina ez gogorragoa». Haurren egokitze prozesua, aiten sexu joerari bainoago, gurasoen banaketei egotzi die Alonsok: «Guk gure bilakaera egin behar izan genuen bezala, haiek eurena egin behar izan zuten. Lehen hilabeteetan arraro sentitzen ziren, adibidez, gurekin kalera ateratzen zirenean. Normala da: amarekin eta aitarekin ibiltzera ohituta zeuden, eta, bat-batean, aitaren bikotekide berriarekin ibili behar zuten. Baina gutxi iraun zuen garai hark».

Bizikidetza «erraza»

Gerora, bizikidetza «erraza» izan zutela nabarmendu dute. Ezinegonak ohikoak izaten dira halako familietan, aurreko harremanetatik ekarritako seme-alaben hezkuntza kudeatzean: irizpide desberdinak, jabetza sentimenduak, jeloskeriak… «Alberto eta ni oso gutxitan haserretu gara», aitortu du Alonsok, «baina gutxi horiek seme-alabekin lotuta egon dira, batek errieta egin dielako bestearen ustez egokia ez zenean, eta halakoengatik. Bikote guztiek dituzte antzeko gatazkak, umeak bienak izan ala ez». Alabekiko harremana oso ona dela berretsi du Santistebanek: «Ez da gatazka esanguratsurik izan. Neskekin oso ondo moldatu izan naiz beti. Semeari emandako tratu bera eman diet haiei». Txantxetan erantsi du harengana jotzen dutela «aitak ez dakizkien gauzak» galdetzera: «Moda gustuko dut, eta aholku eske etortzen zitzaizkidan, ea fraka hauek ondo geratzen diren elastiko horrekin».

Orain, ilobez hitz egiteko garaia aurki heltzea espero dute. «Alaba zaharrenak zioen goiz izan nahi zuela ama, baina unea atzeratzen ari da. Oso zail dago lan esparrua». Aitona bihurtzeko gogoz dabiltza, guraso izateko garaiak ihes egin dielakoan, alaba gazteenak eurekin bizitzen jarraitzen duen arren. «Lehen, gauza asko egiten genituen elkarrekin, baina, orain, bakoitzak bere bizitza du, eta ezer gutxi egiten dugu haiekin. Guraso gehienei gertatzen zaien bezala».