ZURINE BAZTAN Malgutasuna ahotan

Oztopo ugari gainditu behar izan zituen Baztanek gorputza bere identitatera egokitzeko. Egun, argi du generoa emakume edo gizon izatea baino zabalagoa dela: «binarismo basatia» dagoela deitoratu du.

zurine_baztan_malgutasuna_ahotan

Zuriñe Baztan

Oraindik neska ala mutila den galdetzen diote haurrek lantokian, Zuhatza irlan (Araba). Zurine Baztanek (Iruñea, 1964) barre artean kontatzen du estereotipoak auzitan jartzen saiatzen dela: «Gizon ahotsa dudala esaten didate, eta nik erantzuten diet ea ez duten ezagutzen ile laburra duen neskarik. Pentsarazten die». Urte asko dira trantsitoa egin zuenetik, eta bere gorputzarekin adiskidetu dela dio: «Jada ez nau gogaitzen maskulinoan tratatzeak, ez badut eraso gisa ikusten. Argi dut ez naizela ez gizon ez emakume, generoa hori baino zabalagoa eta pluralagoa dela; baina gizon ala emakume gisara sozializatu behar dut, binarismo basatia dagoelako».

Haurra zela hasi zuen gogoeta, ahizparekin nebarekin baino gehiago identifikatzen zela konturatu zenean: «Lau gorputz mota zeudela uste nuen: ni ahizpa bezalakoa nintzen, baina zakila neukan, nebak bezala; beraz, uste nuen baginadun eta zakildun neskak eta mutilak zeudela. Azkar markatu zidaten ezetz, bi gorputz bakarrik daudela. Eta ezkutatu beste aukerarik ez zitzaidan geratu».

Hala ere, zoriontsu izaten saiatu zela nabarmendu du: «Suertatu zitzaidan gorputzean, eta suertatu zitzaidan rolean». Urte askoren ostean hasi zen jendeari esaten ez zela gizonezkoa. «Lagun batek galdetu zidan ea nola nekien emakumea nintzela; erantzun nion ea nola zekien berak gizona zela, zakilaz gain: zer sentitzen zuen. Bere gorputzarekin gizon gisa sozializatu zuten, eta berak onartu zuen, baina ni ez nengoen eroso rol horretan».

1995ean hasi zen hausnartzen trantsitoa egiteko aukera: intsumiso izan zen, eta espetxeratu egin zuten. «Zer egin behar zuen andre batek armadan?». Bizipen batek ireki zizkion begiak: «Ia hil egin ninduten kartzelan. Ohartu nintzen nire bizitza bizi behar nuela; niri zegokidana, ez gizarteak erabakitakoa».

Garai hartan ez zegoen legezko tratamendurik Euskal Herrian. Malagan (Espainia) artatu zuten: «Hilabeteak eman nituen bidaia akigarriak egiten, lanegun bakarra galtzeko, ordu erdi pasatzeko endokrino eta psikologoarekin». Hormonak hartu ostean, ebakuntzak egin zituen: mamoplastia eta baginoplastia. «Despatologizazioaren aldeko mugimenduan sartu nintzen; gorputza edozein izanda ere, genero identitatea errespetatzeko eskatzen genuen. Beraz, zergatik operatu nintzen? Erabaki pertsonala izan zen: une hartan behar nuen. Oso zaila da zeure burua islatuta ikustea zurea ez dela esaten dizuten gorputz batean».

Trantsitoaz oroitzapen onak ditu, baina salatu du genero nahasmenduen unitateetan ikuspuntu biologizista dutela. Andre eta gizon eredu muturrekoak eskatzen dizkiete transexualei: «Emakume batzuei ez diete hormonaziorako baimena eman nahi izan, ez dituztelako inoiz soineko batekin edo makilatuta ikusi. Denok egin ditugu halako itxurak». Prozesuaren amaieran ere, oztopoak izan zituen: auzitara jo behar izan zuen izena aldatzeko, legeztatua ez zegoenean: «Sasiemakume izaera aitortu zidaten; ez nuen ezkontzeko eta adoptatzeko eskubiderik».

Lasai bizi da egun. Etxean, lantokian, kalean ondo joan zaiola dio. «Arazo bakarra izan dut: behin jipoitu ninduten». Transexualitatea «gutxi gorabehera» onartuta dagoela uste du: «Irtenbide medikoa duen arazoa dela uste du jendeak». Ez, ordea, trabestismoa: «Generoa malgua dela azaltzeko, diskurtsoa indartu behar dugu, besteen aurrean nahi dugun itxura fisikoa hartu ahal izateko».