«Sexualizatuta gaude eremu publiko orotan»

ATZEKOZ AURRERA. NAGORE ITURRIOZ. MEDEAK TALDE TRANSFEMINISTAKO AKTIBISTA

Euskal Herriko lehen postporno jardunaldiak egiten ari dira atzotik Donostian. Sexualitatearen eredu hegemonikoen aurkako borroka politikoa egiteko zimenduak finkatuko dituzte bihar arte, solasean.

NAGORE ITURRIOZ

NAGORE ITURRIOZ

Gora eta behera, hara eta hona ibili da egunotan Medeak talde transfeministako aktibista Nagore Iturrioz (Ordizia, Gipuzkoa, 1979); atseden hartzeko astirik gabe kasik. Buru-belarri ari da Euskal Herriko aurreneko postporno topaketen prestaketan, eta aireportura joan-etorrian igaro du astea: «Pixka bat erotuta». Atzerritik datozen hizlariei harrera egin —maletak galdu dizkiete zenbaitzuei— eta jardunaldiei azkeneko ukituak eman berritan mintzatu da BERRIArekin, gogoeta feministez zipriztindutako solasaldi pausatuan. Medeak-en izenean hitz egin du.

Euskal Herriko lehenbiziko postporno jardunaldiak. Beldurrak, aurreiritziak eta tradizioak apurka-apurka hausten ari diren seinale?

Seinale baino gehiago, nolabait gogoaren isla dira topaketok. Medeak-en aspaldi hasi ginen horrelakoetan lan egiten, eta Euskal Herria sexualizatzen; txantxetan esan ohi dugu euskal gatazka sexualitatearekiko jarrerarekin eduki dugula hemen. Badaude tabu moduan geratu diren gauzak, eta garrantzi handia dutenak politikoki. Agian bada unea, lasaiago gaudela, horri heltzeko? Baliteke. Baina, jendea prest delako ez, burugogor jarri garelako egin dugu.

Lizun eta zikin leloa aukeratu duzue. Euskal herritarrek, ordea, garbi eta lotsatien ospea omen dute…

Iruditzen zaigu badela garaia postpornografiak esan nahi duena jendeari helarazteko; ez da horrenbeste sexual herria iritsi denik. Egia da aurreiritzi franko daudela, eta izuak ere bai: bortizkeriaz hitz egingo bagenu zalantzarik gabe etorriko liratekeenen aurpegietan horixe igarri dugu: «Jo egingo gaituzte?» edota «Txortan egin beharra dago?» galdetu digute. Postpornoaren ikuspegi politikoa Euskal Herrira gerturatzea da jomuga. Jendea ausarta izan behar da, baina, bai, beldurrez dira.

Tabu lehen, plazer gozagarri orain. Zergatik kostatu da ikusaraztea?

Bidea egiten ari da apurka-apurka, baina sistemak —erlijioak, erruak, medioak…— irabazi egin digu nolabait. Postpornoaren bidez joera hori iraultzea eta geure gorputzez jabetzea da asmoa: sexualitatea kudeatzen dugun neurrian, askeago gara.

Zer-nolako inguruak irabazi ditu?

Sexualizatuta gaude eremu publiko orotan. Iruñeko sanferminetan lizunkeriak eta ukituak pairatzen dituzten andreen kasuak, adibidez, normaltzat dauzkagu. Kalean egoera sexual batean agertzeak, ostera, lotsa ematen digu. Kontraesana da.

Porno tradizionala iraultzen duen mugimendutzat duzue postpornoa. Politikoki zer eragin dauka?

Estatuak sortu dituen andre kikildu horietatik aldentzen gaitu, besteak beste. Txortan egitea oso garrantzitsua da, osasunarentzat eta buruarentzat. Guk, alabaina, testuinguru jakin batean txertatzen dugu postpornoa, aldarrikapen politiko batekin. Alde batetik, pornografia izan da urteetan sexualitatearen pedagogia bakarra. Sexu esplizitua ikusteko aukera bakanena izan da, eta gehiengoak hortik ikasi du: gorputz normatiboak, pertsona zurien arteko harreman heterosexualak…

Eta horrek bazterketa dakar…

Erabatekoa. Sexualitatearen eredurik ez dutelakoan, asko eta asko geratzen dira bazterrean. Noizbait kudeatzen da dibertsitate funtzionala dutenen sexualitatea? Ikusezina eta estigmatizatua da. Gainera, sexualitatea ulertzeko modua estatuaren heteroarauaren menpekoa da.

Postporno propioa edukiko luke balizko euskal estatu feministak?

Sexu eredu ireki bat, behintzat, bai. Do it your self (Egin ezazu zuk zeuk) filosofiarekin bat dator postpornoa; hori du premisa. Estatuak ez du disidentziatik ezer sortuko; geuk sortu behar ditugu eredu errealak. Eta nahi dugun pornoa existitzen ez bada, beste bat egin beharko dugu denok irudika gaitzan. Feminismoaren ikuspegi anitz eta bateratzailea aintzat hartuta, betiere.

Eta posible al da euskaraz egitea?

Guztia da posible; baita Euskal Herrian ere. Gehiegi sinistu dugu sexualitaterik ez dugula, eta politikoki oso zorrotzak izan gara. Argi eta garbi eduki dugu egin beharrekoa, baina desioa, plazera eta gorputzarekin loturiko kontuak ahaztu zaizkigu. Horrek ez du esan nahi euskaraz egin ahal ez denik. Horretan gabiltza; egin daitekeela soilik ez, egin behar dela sinesten dugu. Edozein iraultza egiteko, bizipoza behar da, eta, hortaz, postpornoak ere euskararen biziberritzean lagun dezake.

Bizikleten piezekin egindako jostailu sexualak, sokak eta pintzak. Lantegi bateko tresnak dirudite…

Normalean bizitzen ez dugun emozio aldaketa bat sortzen du postpornoak gorputzean, baina sarri ez du minik eragiten; sexualitateaz gozatzeko erremintak erabiltzen jakitean datza. Beldurra ezjakintasunetik dator; tabuak tabu, korapiloekin eta immobilizatuz goza daiteke.

Azken egunean ere festa bat egingo duzue. Lantegietan trebatutakoa praktikan jartzeko asmorik?

Baliabideak jarriko ditugu, baina ez dugu inor derrigortuko txortan egitera, ez eta biluztera ere. Feminismoak ez du ezertara behartzen.