Lesbianen eskubideen aldeko alegatua
Stacie Andreek pentsioa jaso zezan Andreek eta Laurel Hesterrek eginiko borroka jaso du Peter Sollettek ‘Freeheld’ filmean
Filmaren hasierako errotuluak adierazten du: «Istorio hau benetako gertaeretan dago oinarrituta». Hasiera-hasieratik adierazi nahi izan du Peter Sollett (New York, 1976) zinemagile estatubatuarrak Freeheld-en kontatutakoa egiazkoa dela eta bertan agertzen diren pertsonaia nagusiek beren oinordekoak izan dituztela errealitatean. Amaierako irudietan filmaren oinarrian dauden bi pertsonen argazkiak agertzeak berretsi egiten du hori bera.
Borroka baten istorioa da Freeheld. Laurel Hester (Julianne Moore) New Jerseyko polizia da, eta minbizi terminal bat diagnostikatzen diotenean, haren helburu bakarra izango da hiltzen denean bere bikotekide gazteak (Stacie Andree / Ellen Page) pentsioa jasotzea eta partekatzen duten etxearen hipoteka ordaindu ahal izatea. Ezkonduta ez daudenez—2003an gertatu zen kasua, artean sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legeztatu gabe zegoenean—, ukatu egingo diete aukera hori, eta hor hasiko da beren borroka. Lehendabizi ingurukoak —Poliziako lankideak bereziki— kausara gehitzeko, eta, bigarrenik, agintarien gaineko presioa egiteko.
Ellen Pagek benetako Stacie Andree ezagutu zuen filma egin aurretik, eta, atzo adierazi zuenez, hark asko lagundu zien filmaketan: «Zaurgarria, zintzoa eta eskuzabala izan da gurekin. Beti egon da prest laguntzeko, nahiz eta harentzat traumatikoa eta mingarria izan den». Pagek orain dela gutxi adierazi zuen publikoki lesbiana dela, eta filma kolektibo horren «pelikula» bihurtuko den itxaropena agertu zuen.
Moore eta Pagerekin batera, Michael Shannon eta Steve Carrell dira filmeko beste protagonista nagusiak. Carrellek Steven Goldstein gayen eskubideen aldeko elkarteko presidentearen rola jokatzen du filmean, eta istorio dramatikoari umore ukitua ematen dio, etengabe Hester eta Andreeren aldeko alegatuak eginez. «Baina benetako Goldstein askoz urrutiago joaten da!», adierazi zuen Sollettek umorez. Goldsteinek zirikatu egiten zuen Carrell histrionikoagoa izan zedin, eta aktoreak bere burua kontrolatu behar izaten zuen.