Konta niezazueke…
Konta niezazueke orain gutxi Bilboko Udalak hartu duela erabaki polemiko bat: Egirleta mendatearen ingurumarian gizonezkoen arteko ligea (cruisinga) debekatzea. Ziur aski urtetan hartu duen deliberorik surrealistena da, esperpentotik asko daukana. Izan ere, ezina baita non eta mendian mutiletan ibiltzea, edo zirriak edota txortan egitea bera ere debekatzea. Debekatzea akaso bai, baina eragoztea ez. Esan gabe doa: frankismoak lortu ez zuena ez dute orain lortuko PPk (proposamena aurkeztu zuena) eta PNVk (aldeko botoa eman zuen alderdi bakarra).
Konta niezazueke azken boladan antza gehitzen ari direla eraso homofoboak, zeintzuk hipokresiaz salatzen baitituzten arestian aipaturiko debekuak gauzatzen dituztenek eurek. Hipokresiaz diot, zeren holako galarazteekin pertsonon askatasuna murrizteaz gain, gizarteari helarazten dioten mezua baita sexu berekoen arteko harremanak ez direla zilegi eta, nolabait, hainbati justifikazioa ematen baitiote iseka egiteko edota fisikoki erasotzeko ere.
Konta niezazueke nola politikari batzuek euren homosexualitatea modu partidistan erabiltzen duten solidario eta moderno itxura eman gura izateko, gero jokamolde xenofobo eta arrazista izaten badute ere. EAEn azkenaldian ezagutu dugu armairutik publikoki irtetea sinpatia politikoak eragiteko erabili duenik; are gehiago, irudi publikoa leundu nahian, bere ezkontza ere erabiltzeko gauza izan denik ere izan da.
Konta niezazueke, beste arlo batera salto eginez, nola askotxotan, gero eta gehiagotan tamalez, etsita sentitzen naizen euskaldunok euskarari benetan zer estimu txikia diogun ikusirik, behin folklorekerietatik irtenda behintzat. Adibidez –eta adibidea baino ez da– Aitor Mazo zendutakoan profesiokideek egin zioten omenaldian ia dena izan zen erdara hutsean. Mingarria suertatu zitzaidan noren eta Carlos Paneraren ahotsetan (Aitor antzerkigintzan hasi eta euskara hutsezko antzerkia egiteko sortu zen Maskaradako zuzendaria) laudoriozko hitzak erdara hutsez entzun behar izatea, edota Aitorren lankide eta lagun min Asier Ormazarenak… Ene aburuz, duintasuna erakutsi zuen bakarra haren alaba Nerea izan zen, aitari gutun hunkigarria irakurri baitzion euskara hutsez.
Ene! Oraindik zertaz idatzi ebatzi gabe amaitu zait espazioa!