«Jai eredu parekide eta aske baten alde lanean jarraituko dugu»

Emakume talde batek Gasteizko festetan blusen eta nesken ibilbidea eten izanak oihartzun handia izan du. Pozik daude lortutako emaitzarekin: mahai gainean jarri dituzte eztabaidagai batzuk.

MAIALEN SAEZ DE OKARIZ ETA IZASKUN GOIENETXEA. GASTEIZKO NESKA GAZTEEN TALDEA

MAIALEN SAEZ DE OKARIZ ETA IZASKUN GOIENETXEA. GASTEIZKO NESKA GAZTEEN TALDEA

Gasteiztar guztien ahotan dago: emakume talde batek zezenketetatik itzultzeko ibilbidea eten zuen jaietan, hilaren 8an. Geroztik, aurkako iritziak agertu dituzte mugimendu feministak eta Blusen eta Nesken Batzordeak. Hala ere, eragileen arteko tirabirak bertan behera utzi eta eraso sexisten aurka lanean hasi behar dela uste dute Maialen Saez de Okarizek (Gasteiz, 1993) eta Izaskun Goienetxeak (Santurtzi, Bizkaia, 1990). Blusen ibilbidea eten zuten emakume haietako bi dira. Ekintzaren zergatiak azaldu dizkiote BERRIAri.

Abuztuaren 8an zezenketetatik itzultzeko ibilbidea eten zenuten. Nondik dator ekinbidearen ideia?

IZASKUN GOIENETXEA: Blusen jai ereduaz nazkatuta gauden neska talde bat jaien aurretik batzen hasi ginen. Ekinaldiak bi helburu nagusi zituen: beste jai eredu bat aldarrikatzea, eta azken hilabeteotan Euskal Herri osoan gertatutako eraso sexistak salatzea. Blusen ibilbide tradizionala etetea otu zitzaigun; izan ere, Gasteizko jai ereduaren adierazle nagusia dira. Irain sexistaz betetako abestiak kantatzen dituzte, une oro, jaietako egun guztietan. Horren adibide hutsa da abuztuaren 5ean blusa talde batek emakume bati egindako eraso sexista.

Zabaldu da Jatorrak kuadrillakoek egindako eraso sexista hori salatzea zela zuen ekinbidearen helburua.

MAIALEN SAEZ DE OKARIZ: Jendeak hala ulertu zuen, tamalez, blusa talde batek eraso sexista bat egin zuelako. Baina blusen jarrera orokorra salatu nahi genuen. Ibilbidea etetea izango zen ekintza. Horretarako, bidearen puntu bat eta, beraz, kuadrilla bat hautatu behar genuen. Jatorrak kuadrilla aukeratu genuen, soilik gizonez osatuta dagoena. Tamalez, erabakia jada hartua genuelarik, kuadrilla horretako kide batzuek eraso bat egin zuten abuztuaren 5eko gauean. Eraso hark berekin ekarri zuen gure erabakia inoiz baino sutsuago berrestea. Izan ere, soilik gizonez osaturiko kuadrilla batean errazagoa da salatu nahi genituen eraso sexistak gertatzea: elkar elikatzen dute.

Jatorrak kuadrillaren ibilbidea eten aurretik, uste al zenuten zuen ekintzak hainbesteko oihartzuna edukiko zuela?

I.G.: Ez, baina pozten gara. Mahai gainean hainbat eztabaidagai jartzea lortu dugu: eraso bat zer den, blusen jai eredua, jaietako harreman ereduak, feministon legitimitatea eraso sexistak salatzeko… Baina eraso sexistez hitz egin behar da, eta ez mugimendu feministaren eta Blusen eta Nesken Batzordearen arteko tirabirez. Ez dugu ulertzen zergatik ez den hitz egiten, esaterako, jaietan eta jaien biharamunean gertatu diren eraso sexistekin lotutako lau atxiloketez.

Batzordeko presidentearen esanetan, blusak erasanak sentitzen dira. Zer pentsarazten dizue horrek?

M.S.O.: Ez dira erasanak sentitzen. Suminduta eta ikaratuta daude, neska talde bat haien aurrean ahaldundu delako. Gasteizko jaietan eraso sexistetan izaten duten zigorgabetasuna mahai gainean jartzea lortu dugu.

Jaien bezperan, mugimendu feministak, txosnek eta Blusen eta Nesken Batzordeak eraso sexisten aurkako protokoloa sinatu zuten. Hor, erasotzaileak kuadrilletatik bota behar zirela jartzen zuen. Jatorrak kuadrillako sei kidek emakume bati eraso ziotela onartu zuten. Zergatik uste duzue batzordeak ez zuela protokoloa bete?

M.S.O.: Ez zen egun bateko gauza izan: oro har, batzordeak ez du protokoloa betetzen. Are gehiago, blusen eguneroko jarduerek jarrera sexistak elikatzen dituzte. Horren adibide dira kuadrilla askok dauzkaten pankarta sexistak, kantatzen dituzten abestiak, ibilbideetako jarrerak…

Aspaldi hasi zen mugimendu feminista blusen jarrera horiek gogor kritikatzen, jai eredu maskulinoa erakusten dutelakoan.

I.G.: Oro har, Gasteizko jaietako jarrera sexisten erakusle gorena dira blusak. Baina blusa batzuek ez dute jarrera horiekin bat egiten. Horren adibide dira blusa eta neska kuadrilla batzuk eta norbanako moduan batutako blusa eta neska asko ere bai: mugimendu feministaren alde eta eraso sexisten kontra agertu ziren abuztuaren 9ko bueltako ibilbidean, batzordearen ibilbide ofizialari uko eginez.

Zer aurreikusten duzue etorkizunera begira?

M.S.O.: Jai eredu parekide eta aske baten alde lanean jarraituko dugu, gurekin lan egin nahi duten eragileekin elkarlana bultzatuz.