Iraultza gorpuzten postpornografiaren eskutik
Joan den uztailean, Medeak talde transfeministako kideok jardunaldi postporno batzuk antolatu genituen Donostian. Gure helburua askatasunean oinarritutako sexualitate eredu berriak Euskal Herrira helaraztea zen. Auskalo lortu genuen ala ez! Baina, dirudienez, erronka hori mahai gainean jartze hutsak jakin-mina sortu zuen, edo agian porno hitza entzuteak, nor daki! Ukaezina da herri borrokalaria dela gurea, baina isileko hierarkia bat existitu izan da beti hemen borroka gaiekiko. Iraultzarako bidean, gorputza buruaren euskarri soila bilakatu da maiz.
Feministontzat, ordea, gorputza lehen mailako tresna eta mintzaidea izan da beti. Gorputzetik hitz egin dugu, eta gorputza erabili izan dugu borrokarako. Lehenik eta behin, jakin badakigulako ez dagoela bi elementu hauen arteko banaketarik. Eta, bigarren, egunero jendarteak gure bizitza arautzeko ezartzen dituen debekuak gure gorputzean mugak inskribatzen dituelako. Emakume izateak modu zehatz batean eseri behar dudala esan nahi du, hankak ondo itxiz eta nire bizkar hezurra urratuz. Txikitatik ikasi nuen, eta hainbestetan errepikatu dut, dagoeneko nire gorputzean inskribatu dela. Orain, ikasitakoa deseraikitzea da esku artean dudan lana, ez baitago esanahi gabeko gorputzik ezta gorputzean markak uzten ez dituen gertakizunik. Barbara Krugerek zioen moduan, my body is a battleground.
Beraz, gorputza borrokarako tresna izanik, sexualitateak erdiguneko gaia izan behar luke. Euskal Herrian irekiak garen heinean, maiz esaten dugu sexualitatea gure egunerokotasunaren atal garrantzitsua dela. Hau da, pentsamendua, kirola, elikadura eta beste hainbeste atal jorratzen ditugun era berean landu beharko genukeela. Baina zer gertatzen da postpornografiari buruz hitz egiten badut? Hau da, sexu eredu eta pedagogiari buruz hitz egiten badut? Orduan masailak gorritzen zaizkio orori, eta txantxetako gaietara bueltatu garela dirudi.
Masail gorri horiek beste behin konfirmatzen dute sexualitatea esparru pribatuan kokatzen dugun gai bat dela. Ezkutukoa eta norbanakoa balitz bezala. Baina ideia hori guztiz faltsua da, gure gorputza beste hainbeste gaitan domestikatzen den era berean sexualitate eredu zehatz bat izan dezan hezten da, baita sexualitate eredu hori egoera eta modu zehatz batean gauzatu dadin ere. Domestikazio prozesu horretarako, askotariko tresnak ditu estatuak: lege zibikoak, komunikabideak… eta, nola ez, pornografia.
Pornografia gure sexualitatearen pedagogia bihurtu da, eta bertan agertzen diren gorputzak besteak beste zuriak, klase ertainekoak, heterosexualak eta gazteak dira. Beraz, eredu horietatik at dauden gorputzak sexualitaterik ez izatera kondenatuta daude. Mugimendu aniztasuna duten gorputzei, gorputz lesbianoi, gorputz nagusiei… beraien bizitzaren atal bat lapurtu zaie, ez baitute eredu koitozentratu heteropatriarkal horretan errepresentaziorik.
Seguruenik, masailak oraindik gorrituta dituztenek ez liekete sekula hainbesteko boterea emango pornografiari. Agian ez dute inoiz pentsatu pornografia gure gorputzarekin zuzenean mintzatzen den hizkuntza dela, hau da, beldurrezko filmek egiten duten modu berdinean sentsazioak sortzen dituela, gure gorputza sofatik mugiaraziz. Ba, jakin ezazue gorputzak sentsazio horiek barneratzen dituela ordegailuaren disko gogorra balitz bezala, esanahiak inskribatuz. Barneratze prozesu horrek oso modu eraginkorrean funtzionatzen du, pornografiaren eskutik ematen zaigun sexuaren narrazioa berdina baita beti: lehenengo ukitu, gero lau hanketan, gero sexu orala eta azkenik, noski, eiakulatu. Gure sexualitateari imaginaziorik gabeko bidexka bat marrazten dio.
Baina sexualitatea beste zerbait izan daiteke, gorputzetik sortzen den grina eta desioa milaka modutan gauzatu daiteke, milaka koloretan eta milaka momentu edo kidelagun desberdinekin. Beraz, postpornoaren sortzaile den Anny Sprinklek esan zigun moduan, dagoen pornografiak islatzen ez bazaitu, sortu ezazu zure pornografia propioa do it yourself.
Helburua beste pertsonaren desioan barrena hausnartzea da, gorputza entzutea, ez modu mekanizatu eta heterokoitozentratu batean jokatzea; gorputzak, zakila eta aluaz beste, azala du, izerdia, ilea, pultsioa. Beraz, gorputzarekin elkarrizketan jarri behar gara pornoak egiten duen bezalaxe, baina beste hizkuntza bat hitz eginez: postpornoaren hizkuntza, non gorputzak milaka zulo dituen, nahiz eta agian gure desioa gaur ez den horietako bat bera ere penetratzea.
Izan dezagun ba elkarrizketa hori gozatzen dugun gorputz bakoitzarekin, praktika koitozentratu hegemonikoetatik haratago. Hitz egin dezagun bere azalarekin, bere mila zuloekin, bere ilearekin, bere izerdiarekin, eta ponpatu dezagun bere pultsioa. Agian horrela, gorputz guztiek, edozein jatorri, mugikortasun edo sexu identitate izanda ere, bizirik daudela eta legitimoak direla sentitu ahalko dute. Ez dago ilegala den pertsona ez desiragarria ez den gorputz edo praktikarik, gurea topatu besterik ez dugu.
Beraz, bada garaia noizbait dezagun desira eta plazerra mahai gainean jarri eta gorputza borroka gune bilakatu.