«I’M ORLANDO, BUT I’M NOT GAY»
AITZIBER PZ. KARKAMO
Orlandoko gertaerek astindua eman dio Mendebaldeko ikuspuntutik mundu deitzen diogun errealitateari. Sarraskiaren egileak marikoiak gorroto zituela jakin zen arren, Texasko gobernadoreorde ultrakatolikoak erailketak justifikatu bazituen ere, hildakoei azken agurra emateko behar duten tanatorioetan ultraeskuindar homofoboak bildu baziren ere, triskantzaren arrazoi zehatzak ahaztuz, bortizkeriarik gabeko mundua aldarrikatzen duten mezu inozo bezain hutsez bete dira sare sozialak eta I’m Orlando leloaren ordez, I’m lesbian, trans and gay hitzak iritsiko zain egon naiz.
AEBetako diskotekan jazotakoak kutsu berezia duelako eta ez delako soilik Frantzia eta Belgika kolpatu dituen fanatismoaren beste eraso bat; izateko, desiratzeko eta maitatzeko era jakin baten aurkako erasoa baizik, gure Mendebaldeko mundu aske eta garatu honetan ere sarri babesa duen fanatismo baten ondorio, hain barneratua dugun kultura judeokristauaren seinale. Ohikoa ez bada ere, gure inguruko hainbat instituziok aurrea hartuz, azkar atera dute ostadar bandera udaletxeetako balkoietara, eraso armatuaren oinarri ideologikoa agerian utziz. Ekainaren 28a gertu dugunean, egun honen zergatiari buruz urtero errepikatzen diren galdera antzuen aurrean, erantzuna Orlandon dago. Eta Errusian, Mexikon, Kenyan, Sirian edo gurean.