Gutxienez 50 lagun hil dituzte homosexualak biltzen diren lokal bati eraso eginda, Orlandon
Goizaldean, lokalean dantzan eta festan ari zirenei tiroka ekin die erasotzaileak, eta ondoren han bertan gotortu da. Hasieran hildakoak 20 direla esan duten arren, azken zenbaketaren ostean 50 direla berri eman dute. Poliziak jakinarazi du erasotzailea ere hil dela, tiroketan.
Homosexualak elkartzen diren lokal batera sartu, eta festan zebiltzanen kontra tiro egin du gizonezko batek, rifle bat eskuetan. Zaurituak daudela zabaldu dute berri agentziek, baina ez dute esan zenbat. Orduek aurrera egin ahala, “gutxienez 20 hildako” daudela berri eman du Poliziak. Geroago esan dute hildakoak 50 direla. Zaurituak ere asko dira.
Poliziak ere tiro egin du, eta jakinarazi du erasotzailea hilda dagoela. “Poliziarekin izandako tiroketan hil da”, esan du John Mina poliziaburuak. “Gutxienez bederatzi polizik hartu dute parte tiroketan”.
Lekukoen arabera, anbulantzia asko eta suhiltzaileak izan dira diskotekan, eta hainbat zauritu eraman dituzte bertatik. 20 zaurituri buruz hitz egin dute hasieran, baina 40 aipatu ditu WFTV telebistak.
“Leherketa kontrolatu bat” ere izan dela esan du poliziak bere twitterreko kontuan. Ez dute esan leherketa hori nork eragin duen, baina erasotzaileak lehergailuak zeuzkala uste du Poliziak.
Eraso homofoboa
Poliziak 20 urteko gizonezko bat egin du erasoaren susmagarri nagusi. Ustezko erasotzailearen aitak homofobia jo du erasoaren hipotesi nagusitzat. Bere arabera, joan zen hilean bere onetik aterata ibili zen Miamin bi homosexual muxuka ikusi zituenean.
“Barkamena eskatzen dugu. Ez genekien halako ezer prestatzen ari zenik. Ahoa bete hortz gaude, gainerako guztiak bezala”, esan du NBC News-en.