Autobus transfoboa abian jarri nahi dute berriro, eta salaketa jarri du Chrysallisek

Gaur-biharretan autobusa bidean jarriko duela iragarri du Hazte Oir taldeak. Madrilen hasita, datorren astean dira Euskal Herrira heltzekoak

 

Transexualitatearen kontrako beste autobus bat errepidera ateratzeko asmoa du Hazte Oir talde ultrakatolikoak. Gaur-biharretarako prest izango dute ibilgailua, eta Madrilen igaroko ditu lehen egunak. Datorren astean Euskal Herrira etortzeko asmoa du taldeak: Iruñera, Gasteizera, Bilbora eta Donostiara. Zein lelo erabiliko duten ez du argitu elkarteko buruak, Ignacio Arsuagak; adierazi du «errespetatu» egingo dutela Madrilgo auzitegiaren debekua, eta, beraz, ez dutela erabiliko aurreko mezu berbera. Lelo hau erabili zuten: Mutilek zakila dute. Neskek bulba dute. Ez zaitzatela engaina. Epailearen ustez, transexualen duintasunaren aurkako mezua da hori. Erantzun gisa, leloa egokitu du taldeak: Mutilek zakila dute? Neskek bulba dute?

Mezu hori daraman autokarabana Madrilen darabilte, eta salaketa aurkeztu du Chrysallis elkarteak —ume transexualen gurasoen bilgunea da—. Adingabe transexualen aurkako «gorroto kanpaina bat» egiten aritzea egotzi dio Hazte Oir taldeari, eta ohartarazi du epaileak geldiarazitako autobusekoaren gisakoa dela autokarabanako mezua. Hortaz, epaitegira joan da salaketarekin.

Beste autobusaren zain

Hazte Oir taldeak berak ere auzitara jo du Madrilgo udal ordezkarien aurka, autobusa geldiarazi zutelako. Epailearen ebazpenaren ondoren, autobusa «bahitu» egin dietela salatu du Arsuagak. Helegitea jarri diote erabaki horri, eta, aldeko ebazpena balute, bi autobusekin egingo lukete kanpaina: aste honetan, Madrilen; hurrengo astean, Euskal Herrian.

Alderdi guztien aurkakotasuna eragin du autobus transfoboak; besteak beste, larunbatean protesta jendetsua izan zen Iruñean.