Aurreiritziak eranzten

nudismoa

Pertsona askok itaundu izan diote Jesus Iglesiasi zergatik praktikatzen duen nudismoa. Gurago du galderari buelta eman. “Zergatik behar dugu arropa eguzkia hartzeko, paseatzeko edo hondartzan airea hartzeko?”. Iglesias Euskal Naturisten Elkarteko kidea da. Luzaroan antolatu izan ditu era guztietako ekintzak, baina krisi ekonomikoak eragina izan du elkartean ere. “Jendeak oporrekin edo aisialdiarekin lotzen du, askotan, nudismoa, eta, krisiarekin, bazkide kopurua ere jaitsi egin da”.*

Duela hiru urte, martxak antolatzeari eta mobilizatzeari utzi zioten, baina, elkartea “bizirik” mantentzeaz gain, Bilboko Udalarekin lortutako hitzarmenak bere horretan dirau: nudistek ordutegi bat dute Artxandako kiroldegian igerilekua erabiltzeko. Duela bederatzi urte, beste egitasmo bat jarri zuen martxan elkarteak, eta hondartzaz kanpoko beste espazio publiko batzuetara zabaldu gura izan zituzten gune nudistak. Hainbat eremutako kidek hartu zuten parte ekimenean. Tartean, Gorrondoatxako tabernak, ondoko aparkalekuko izozkien postuak, Larrabideko atseden etxeak, Sumendi elkarteko atseden etxeak eta Ehgam Bizkaiko lokalak. Egun, ordea, hondartzetatik kanpo, ez dago horrelako gunerik Bizkaian.

Nudismoa zer den zehaztea ez da erraza. “Nudistak bezainbeste definizio daude nudismoarentzat. Batzuentzat, hondartzan larrugorritan jarri eta eguzkia hartzea edo paseatzea da. Beste batzuentzat, naturarekin bat egin eta elementuekin kontaktuan jartzea”. Hala ere, argi utzi du arropak eranzte hutsa ez dela nudismoa. “Edonor biluz daiteke, baina hori ez da zertan nudismoa izan. Hego Amerikan, dantzari nudistak terminoa erabiltzen dute strip-tease dantzarientzat. Probokazioa dago hor, estetika bat bilatzen du. Hori, nudismoaren kontrakoa da”.

Elkarteak, 1997an sortu zenez geroztik, helburu izan du biluztasunaren inguruan dauden aurreiritzi eta tabuak ezabatzea, bai eta bere onurak nabarmentzea ere. “Nudismoa norbera eta besteak errespetatzea da. Lagungarria eta beharrezkoa da, gainera, pertsonen garapen osorako”.

Horregatik iruditu zaio bidegabekoa Espainiako Auzitegi Gorenaren jarrera, duela bi hilabete emandako epaiak bermatu baitu espazio publikoetan nudismoa debekatzen duen Bartzelonako udal-ordenantza. Kexu agertu da Iglesias. “Epai horrekin, udalek euren irizpide eta neurrira arau dezakete nudismoa”.

Iglesiasen esanetan, arazoa da Auzitegi Gorenak ukatu egiten duela nudismoa ideologia bat dela. “Espainiako Auzitegi Gorenak onartuko balu nudismoa ideologia bat dela, orduan udalek ezingo lukete arautu, Espainiako Konstituzioak ideologia askatasuna bermatu egiten duelako”. Iglesiasek ezin du ulertu Auzitegi Gorenaren ukazio hori. “Begi bistakoa den zerbait ari dira ukatzen, eta, horrela, nudismoaren aurkako zapalketa onartuko dute lege bidez”. Hala ere, Estrasburgok 2014an emandako epai baten arabera, nudismoa adierazpen askatasunaren parte da. Hori da Europako Auzitegiak biluztasunari buruz historian eman duen epai bakarra.

Getxoko debekuak

Iglesias beldur da Auzitegi Gorenak emandako epaiaren atzetik etor daitekeenaz. Izan ere, ez dago urrunera joan beharrik aurrekariak aurkitzeko. 2001ean, Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak dekretu berri bat atera zuen, zeinak udalerriko hondartzetan eta landetan nudismoa debekatzen baitzuen. Isunak 25.000 pezetatan (150 euro) ezarri zituen.”Aixerrotako zelaietan ere ezin zitekeen askaria jan bainu jantzi hutsean. Astakeria zen, nudismoa guztiz legezkoa delako”.

Hori gauzatu ahal izateko, 1955. urteko araudi batez baliatu zen Zarraoa, epaileek erabakitzen baitzuten garai hartan zer zen morala eta zer ez, eta horren arabera zigortzen baitzituzten eskandalu publikoari lotutako delituak. “Araudi zahar horren arabera, gizonek gorputz osoko bainujantzia eraman behar zuten, eta emakumeek gorputz osokoa gehi gonatxo bat. Noski, hori albo batera utzi zuen”.

Elkarteak Mertxe Agundez Arartekoarengana jo zuen, eta, behin egoera aztertuta, Agundezek dekretua erretiratzeko eskatu zion Zarraoari. “Epelak esan zituen gure aurka. Arartekoarekin ere ez zegoen ados. Esaten zuen Agundez gure alde zegoela hasiera hasieratik”. Urtebete beranduago, 2002an, dekretua atzera bota eta ordenantza bat aurkeztu zuen Zarraoak, hura udalean eztabaidatu zedin. Ordenantza berriak zehaztu egiten zuen Gorrondoatxa eta Barinatxa hondartzetako zein gunetan baimenduko zen nudismoa. “Oposizio guztiak bozkatu zuen kontra, baita orduko hartan udaleko gobernuan zegoen Eusko Alkartasunak ere, eta proposamena ez zen aurrera atera”. EAJko zinegotziek bakarrik eman zuten aldeko botoa.

Hain zuzen ere, Barinatxako hondartzan antolatu izan du Euskal Naturisten Elkarteak ospetsu egin den Sopelako lasterketa nudista. 1999an sortu zuen lehiaketa Patxi Rosek, eta, ordutik hona, hamar ediziotan hartu du elkarteak lasterketa antolatzeko ardura. Egun, Patxi Ros da arduraduna.

Sopela eta Getxo artean dago Barinatxa. Hondartzaren alde bakoitza udalerri bakoitzari dagokio, eta 752 metroko luzera du. Urre koloreko hondar finez estalia, hainbat kirol jarduera egiten dira han: boleibola, hondartza futbola, parapentea, windsurfa, eskalada… Hala ere, surfa da arrakastatsuena, jende kopuruari dagokionez. Uda garaian, bainuaren denboraldia zabalduta, hondartzainez gain sorosleak ere izaten dira. Komunak eta dutxak daude, eta guztira 1.100 aparkaleku kotxeak bertan lagatzeko.

Getxok badu, gainera, ohitura naturista duen beste hondartza bat: Gorrondoatxa. Galeako muturretik ekialdera jota ailegatu daiteke bertara. Ikuspegi paregabea osatzen duten itsaslabarrez inguratuta, hondar, harri eta belarrezko geruzek estaltzen dute hondartza. Itsaslabarren goitik antzeman dakieke udaro itsasora murgiltzen diren surflari koadrillei. Gorrondoatxa inguruan ere ehunka aparkaleku daude kotxez doazen bisitarientzat, eta sorosle eta hondartzainak izaten dira bainu denboraldian.

Barrika, nudismoaren ikur

Barrika estuki lotuta dago Bizkaiko mugimendu naturistarekin. Uribe Kostako udalerriko hiru hondartzak nudistak dira, eta horietako bat, Muriola, lurraldeko aitzindarietako bat izan zen. Hiruretan txikiena da Muriola, eta Gorlizko badiaren barruan dago kokatua; tradizio naturistarik handiena duena da. “Hemen gertu ibili naizen hondartzen artean, Muriolakoa da tradizio handiena duena. Jende asko joaten da bertara nudismoa praktikatzera”, dio Iglesiasek. Kotxez joateko zailtasun handiagoa du, bertan ez baitago aparkalekurik egokituta.

Barrikako hondartza nagusia, herriaren izen bera duena, 100 metroko altuera duen itsaslabarraren magalean dago, itsaso zabalera begira. Bertara ailegatu ahal izateko, 302 mailako harrizko eskaileratik jaitsi beharra dago, beherantz amildu ahala bihurrituz doana. Harrizko hesi batek alde bitan banatzen du hondartza; lehen hondartza erdia ez da guztiz nudista, baina bai bigarrena. Nahiz eta neguan geruza harritsu batek hondartza estali, udaran hondar asko metatzen da, itsasoaren eraginez. Ez da soroslerik izaten, baina bada kotxeak uzteko lekua.

Barrika eta Sopela artean dago hirugarrena, zirkuluerdi itxurakoa: Meñakotz. Bainujantziekin eta biluzik ibiltzen den jendea egoten da bertan. Meñakotzen ez dago ez dutxarik, ez komunik. Ezta soroslerik ere. Harrizkoa da.

Ea udalerriko itsasbazterrean dago ezkutatuta Lapatz. Harriz betetako hondartza naturista txiki horretara ailegatzeko, bihurgunez betetako bidexkan behera jarraitu beharra dago, Natxitua auzotik itsasora bidean. Hamar kilometro ekialderago, Lekeitiora bidean, beste hondartza naturista bat dago Ispasterren: Ogella hondartza. Korronteen eraginez, urtean zehar asko aldatzen da bere itxura, sarri harriz beteta egon arren hondarrezko guneak ere sortzen direlako. Aise ailegatu daiteke Ogellara kotxez. Ehun bat leku daude kotxeak uzteko. Dutxarik ez izan arren, erabiltzaileek komun bat dute eskura. Bi sorosle egoten dira zainketa beharretan.

Hondartza denboraldi orokorrari dagokionez, ekainaren 1ean hasi zen lanean Bizkaiko Foru Aldundiaren Salbamendu eta Sorospen Zerbitzua. Irailaren 30era arte egingo dute lan.

152 sorosle hondartzetan

Salbamendu eta sorospenerako giza taldea uretako 152 sorosle tituludunek osatuko dute. Egunero, guztira 87 sorosle arituko dira lanean: zazpi La Arenan, bi Areetan, bost Ereagan, lau Arrigunagan, hiru Gorrondoatxan, bost Barinatxan, zazpi Arrieta-Atxabiribilen, bi Muriolan, lau Plentzian, sei Gorlizen, bi Armintzan, zazpi Bakion, bi Aritzatxun, bi Laidatxun, hiru San Antonion, bi Toñan, sei Laidan, lau Lagan, bi Ean, bi Ogellan, hiru Isuntzan, bost Karraspion, eta bi Arrigorrin.

Bestalde, Ingurumen Sailak jakinarazi duenez, eguneratu egin du hondartzei buruzko informazioa denbora errealean eskaintzen duen web orria, bai mahai gaineko bertsioan, bai smartphone-etakoan. Azaldu du erabiltzaileek informazioa errazago aurkitu ahal izango dutela smartphone-etarako webgune berriaren diseinuari esker.