Aniztasunean hezteko erronka
Mutilentzako komunak, eta neskentzakoak. Mantala zintzilikatzeko esekitoki urdinak eta arrosak. Printzesa eta printzeen maitasun istorioak kontatzen dituzten ipuinak. Erantzunik gabeko galderak. Isiltasunak. Eta trufak. Zakila duten neskei eta alua duten mutilei txiki-txikitatik jartzen zaizkie zailtasunak sentitzen dutena adierazi eta onartuak izateko: eskolatik hasita. Horiek kudeatzeko tresnak badirela uste dute, ordea, sexu aniztasuna lantzea egokitu zaien irakasle, guraso, aditu eta arituek. Eta ez hori bakarrik: transexualitate kasuak ezagutzea ikasketa prozesurako aberastasuna ere bada, gehienen ustez.
«Gizarteratzeko leku gakoa da eskola, eta horregatik da funtsezkoa transexualitateen onarpena eskolan lantzea». Hala uste du Raquel Lucas Platero idazle eta soziologoak, eta horretan laguntzeko hamaika aholku eman ditu berriki idatzitakoTrans*exualidades (Trans*exualitateak) liburuan. «Adibide argi bat emanen dizut: denok izan dugu eskolara joatearen bizi esperientzia, eta eskolak egiten duen gauzetariko bat da harremanen geografia bat sortzea. Komunak banatuta daude, uniformeak ere bai… Ikasten duzu mundua bitarra dela, bi rol posible daudela, eta bien tarteko gunea, berriz, estua dela».
Tarte hertsi horretan sartzen da, ordea, ikasle andana bat. Eta ez gerora heldu transexual bilakatuko direnak bakarrik. Gizarteak egokitu dien rola ezagutu ez eta bertze gauza batzuekin esperimentatzen duten haurrak izan daitezke, adibidez. Baina eskola «ikaratu» egiten dute halako jokaerek, Platerok dioenez: «Iruditzen zaigu arrosa koloreko jostailuekin jolasteak edo arropa arrosarekin janzteak haustura bat dakarrela, eta gurasoek larritasunez hartzen dute: ‘Ai ene, nire semea gaya izanen da, edo transexuala!’. Baina arrosa kolore bat da, ez identitate bat». Eta eskolak, justuki, larritu ordez, laguntzeko ardura izan beharko luke: «Munduaz ikasten ari zaren bizi prozesu horretan, eskolak lagundu egin beharko lizuke dituzun beharrak asetzen, pertsona transa izan, zein ez».
Esperimentatuz ikasten
Oro har ezjakintasuna nagusitu arren, badira transexualitatea lasaitasunez kudeatzen jakin izan duten eskolak; erraterako, Asteasuko eskola publikoa (Gipuzkoa) eta Gasteizko Mercedarias ikastetxea. Asteasuko gurasoa da Abi Labaien, eta, azaldu duenez, oso harrera ona izan zuten irakasleei 4 urteko alaba Luciak zer sentitzen zuen azaldu zietenean: «Haiek beti ikusi dute gure alaba nolakoa zen. Eta ikusi genuen hasieratik joko bat zela uste genuena gerora ez zela hala: ez zela bakarrik mutil bat gustatzen zitzaizkiona panpinak eta sozialki femeninoa dena, baizik eta zerbait gehiago zegoela hor. Ohartu ginen transexualitate kasu baten aurrean geundela». Neurri txikiak hartu dituzte, baina haientzat guztiz beharrezkoak: «Irakasleek aldatu dute zerrendetan izena, nesken komuna erabiltzen uzten diote, geletan esplikatu dute gutxi gorabehera…». Euren burua formatzen ere hasi dira, eta horren arabera ikasmaterialak aldatzen: «Zeren orain arte 2 urteko gelan ume bati bi fitxa ematen zitzaizkion: mutilarena edo neskarena. Hori dena orain ezin da».
4 urte bertzerik ez du Luciak. Baina ez da goizegi genero batekin edo bertzearekin identifikatzeko, Nahia Rojo Berdindu Eskolako eta Guztiok elkarteko kideak azaldu duenez: «Haur Hezkuntzan, euskal curriculumak dio 3 edo 4 urterekin umeek jakin behar dutela mutilak edo neskak diren. Zer gertatzen da hor? Alua daukan batek esaten badu neska dela, ez da ezer gertatzen. Baina alua daukan batek esaten badu mutila dela, iskanbila sortzen da». Rojoren ustez, gainera, azalpenak eskatzen tematzeak ez dauka zentzurik. «Pertsona heldu askok ez dute pentsatu horri buruz: zelan erantzungo dizu bada ume txiki batek zergatik den neska edo zergatik den mutila? Sentitzen dena da, eta kito». Funtsean, esperimentaziorako tarte gutxi uzten du eskolak, Plateroren ustez: «Helduak oso zurrunak gara, eta ahanzten zaigu haurtzaroaren funtsa probatzea dela, jolastea, eta munduaz ikasteko esperientziak izatea. Familiak eta eskolak larritu egiten dira ikusten dutenean egiten ari zarela berez egin beharko zenukeen hori: esperimentatzea».
Asteasuko eskolak bezala, Gasteizko Mercedarias ikastetxeak ere jakin du egoerara egokitzen, eta, hain justu, Europako Rainbow proiektuan parte hartu du sexu aniztasuna lantzeko, bertzeak bertze. Maria Fernandez eskolako zuzendariak azaldu duenez, baina, aniztasuna zentzu guzietan lantzen dute, eta ez bakarrik sexuari edo generoari dagokionez. Haren ustez, normal-normal jokatzea da gakoa. Adibidez, ikastetxeko ikasle Nahianeri nesken komunak erabiltzen uztea, hark sentitzen duenari kasu eginez. Orain bi urte hasi ziren konturatzen 5 urteko neskato hark zituen jarrerez, eta nahi zuen bezala jokatzen utzita askoz pertsona alaiagoa dela ohartu dira orain: «Pertsonak diren bezala onartzea da gure helburua, eta pozik bizi daitezela».
Isiltasunak anitz dionean
Hezkuntzan transexualitatearen gaia lantzeko lehenbiziko urratsa argi hitz egitea dela uste dute guziek. Hala dio Platerok: «Ez errateak anitz erran nahi du, zeren eta erraten ez dena txarra izaten baita gehienetan». Hori frogatzeko aski da norbere iraganera begiratzea, dioenez: «Pentsa ezazu zure haurtzaroan: zenbat gauza suposatzen zen ez zenuela jakin behar eta bazenekien? Pertsona txikiak txikiak bakarrik dira, ez dira ergelak». Adin bakoitzean azalpenak emateko modu bat dagoela zehaztu du, baina horrek ez duela erran nahi gaiak saihestu behar direnik: «Gelan landu behar dira halako gaiak, eta ez korridoreetan edo Interneten, bakarkako bilaketetan». Ondorioak okerragoak lirateke bigarren kasuan. Gasteizko Mercedarias ikastetxean, erraterako, ipuin bat sortu zuten Nahianeren amaren laguntzaz, eta horixe erabili dute gelan gertatutakoa azaltzeko. Denek hartu dute ongi: «Umearekin ez daukagu arazorik, oso onartua da, eta gauzak normal-normal eraman dira aurrera. Gelan lantzen segitzen dugu, baina balio gisa garrantzitsua iruditzen zaigulako».
Ikasleek harrera ona izan ohi dutela erakutsi du Asteasuko adibideak ere, Labaienek azaldu duenez. «Esaten da umeak krudelak direla, baina bai zera! Esplikatzen badiezu badaudela neskak zakila dutenak, harrituta begiratuko dizute, baina bigarren egunerako, kito: ‘Lehen Luken zinen eta orain Lucia? Bai, askoz hobeto gelditzen zaizu gainera!’. Ez daukate beste arazorik». Helduen erreakzioa okerragoa dela uste du: «Guk dauzkagu aurreiritziak eta eremuak sozialki jarrita».
Gai horiez hitz egiten ez da berez ikasten, halere, Plateroren ustez. Eta irakasle eskoletan, sexualitatea landu egin beharko litzateke bertze hainbat gai lantzen diren bezala. Edukiez gain, bestalde, jarrerak eta sentimenduak kudeatzen ere ikasi beharko litzatekeela dio. Adibidez, haur bati galdetu ordez neska ala mutila den, galdetu beharko litzaiokeela handitan neska ala mutila izan nahiko lukeen, aldaketari bidea irekiz. «Frustrazioak kudeatzen ere jakin behar dugu; adibidez, pertsona bat neska ala mutila den ez jakitearena. Eta ulertu behar da jendeak bere bizitzaz erabaki dezakeela 5 urte dituenean ere».
Tresnak, erabiltzeko
Jarrera batzuk onak izan arren, hutsunea dago oro har eskoletan, Labaienen ustez, transexualitatea lantzerakoan. Haiek «inprobisatzen» ari direla azaldu du, ez baitago «protokolorik» horretarako. «Orain ari gara dena idazten. Orain arte ez ziren entzuten halakoak. Bazeuden, baina ezkutuan». Rojok ere azaldu du transexualitate kasu argi bat egon arte maiz eskolek ez dutela erreakzionatzen. Berdindu Eskolan lan egiten du, eta irakasle zein ikasleei sexu aniztasuna lantzeko prestakuntzak eskaintzen dizkie. «Sua itzaltzera» deitzen dituzten arren gehienetan, haiek ikastetxe guziari eskaintzen dizkiote ikastaroak: «Guretzat ez da nahikoa bakarrik gela batean dagoen ikasle baten gelakideei ematea, zeren, azkenean, ikastetxe batean ez da izango ikasle bakarra sexu aniztasunaren inguruan zer edo zer daukana. Beti saiatzen gara azaltzen ez gaudela bakarrik kasu batengatik: ‘Ziurrenik beste asko edukiko dituzue’». Guzientzat onuragarria dela uste du, gainera: «Sexu aniztasuna landu behar da, eta aberasgarria da, baina ikasle guztientzat, ez bakarrik pertsona horientzat».
Euskarriak ez dira falta horretarako, bestalde. Platerok zerrendatu ditu horietako anitz bere liburuan: ipuinak, film labur eta luzeak, ariketak, jolasak… Berdindu Eskolak ere baditu batzuk, nahiz eta, Rojok aitortu duenez, euskaraz gutxiago egon, eta haur txikienentzako ere materiala falta. Halere, irakasleek gaitasun handia dute moldaketak egiteko, eta horri esker adin zein hizkuntza ezberdinetan gelara eramaten dute sexu aniztasuna, borondaterik izanez gero.
Materiala izateaz harago, dena den, dagoen hori zabaltzean dago gakoa, Plateroren ustez. Eta hezkidetza landu duten ikastetxeek are errazago egiten dutela deritzo: «Ez du balio errateak ez dagoela ezer. Ez ezagutzeak ez du erran nahi ez dagoenik».