KONTXA KALTZADA Hiru fobiaren aurkako lehia

Egun, Kaltzadak ahaztua du gizon gorputza. Trantsizioa gogorra izan zela dio. Hainbatetan sufritu du bazterketa, eta ulertezina zaio zenbait lesbianaren aldetik sentitu duen transfobia.

KONTXA KALTZADA

Nire bizitza normal egiten badut, beste andre bat gehiago naiz. Baina norbaiti esaten badiot badudala iragan bat eta lehen beste gauza bat izan nintzela, konturatu gabe maskulinoan hitz egiten dit. Automatikoa izaten da gehienetan». Halakoengatik ez bada, Kontxa Kaltzadak (Basauri, Bizkaia, 1969) ia ahaztuta dauka bere gorputzaren sexua gizon batena zela. Daborduko zazpi urte igaro dira trantsizioa bukatu zuenetik. Baina gogoan du ordura arte eta aldaketak iraun bitartean zenbat sufritu behar izan duen. «Ez da erraza. Badira arazoari aurre egiteko trantsizioa baino bide errazagoak. Adibidez, leihotik behera norbere burua bota eta dena bukatu. Baina, indartsua izanez gero, gainditu daiteke».

Bospasei urte zituela ohartu zen zerbait arraroa gertatzen zitzaiola. Baina ez zuen ulertzen. Apurka-apurka jabetu zen: andre bat zen, gizonezko baten gorputzean. «Ezkutatu egiten nuen zer nintzen. Pentsa, arrosa koloreko kamisetei alergia nien. Gainera, oldarkorra nintzen, oso maskulinoa». Heldua zela hasi zuen trantsizioa; 30 urteak aspaldi beteak zituela. «Emakume batekin ezkonduta egon naiz hogei urtez. Lehen egunetik azaldu nion zer gertatzen zitzaidan. Bera izan zen hasieran neukan babes bakarra». Bien artean konponbideren bat bilatu guran ibili ziren, baina Kaltzada ez zen pausorik ematera ausartzen. «Kalera irten eta bizitza normala egiten saiatzen nintzen. Baina ez zen nire bizitza. Besteek ikusi nahi zutena nintzen. Horregatik, azkenean trantsizioa hastea erabaki nuen».

Lehenengo, urtebete pasatxo egin behar izan zuen psikiatrarekin. «Oso gogorra izan zen. Oraindik ez dago emakume egiten zaituen ezaugarririk. Eurenganako errespetu osoz esanda, trabesti bat sentitzen zara; kalera andrez jantzita irteten den gizonezko bat. Eta ni ez naiz trabestia, ni emakumea naiz. Baina, tira, Osakidetzak hortik igaro behar dela esaten du». Ondoren, endokrinologia sailera joaten hasi zen, hormonazio prozesua hasteko. Eta endokrinoak prest zegoela esan zionean, izena aldatu zuen. Arazoak izan zituen: «Poliziaburuak trabak ipini zizkidan. Esan nion: ‘Ez al dituzu nire jaiotza agiria eta argazkia behar? Hemen dituzu. Zein da, ba, arazoa?». Azkenean, epaileari deitu behar izan zion telefonoz, eta hark aginduta-edo utzi zion izenez aldatzen.

Medikuek ulertu ez

Trantsizioa hasi zuenean tabernaria zen. Utzi egin behar izan zuen. «Bezeroak ez ziren gai ni nola aldatzen nintzen ulertzeko, eta nik ez neukan gogorik egunero-egunero azalpenak ematen ibili behar izateko». 13 urteko alaba ere badu emazte ohiarekin. Saiatu da hark ahalik eta gutxien sufri dezan; bereziki, eskolan. Eta zorionez ez du batere arazorik izan, harro dioenez.

Oraintsu arte LGTBI kolektiboan militante sutsua izan da, arrazoi bikoitzagatik: transexuala ez ezik, lesbiana ere badelako. Autokritika eskatu dio mugimenduari. Jaiotzetik biologikoki emakume diren lesbianen aldetik transfobia sentitu duela dio. «Eta ez batekin, birekin edo hirurekin. Oso ohikoa da. Eta nik ez dut zertan haiekin lehian ibili, biotako zein den lesbianagoa, zeinek ligatzen duen gehiago, haiek emakume gorputzarekin jaio zirelako eta ni ez». Aitortu du bereziki mingarri suertatu zaion mespretxua izan dela.

Medikuen aldetik ere ez du beti babesa sentitu. «Endokrinoari errieta egin behar izan nion. Galdetu nion ea zergatik ez ninduen andretzat hartzen». Psikiatrari ere eri moduan ez hartzeko eskatu zion. «Osasunaren Munduko Erakundeak dioen moduan buruko eritasuna badut, aitortu ezintasuna eta eman laguntza ekonomikoa. Nik ere beharko dut bizitzeko dirua eta!».

Behar du, bai, eta irabazten du. Bilboko garbiketa zerbitzuan egiten du lan, kamioiarekin. Ez du lankideekin arazorik izan. Baina zailtasunak ditu gora egiteko, ustez gizonena den lanean dabilen andrea delako. Transfobiaz eta lesbofobiaz gain, orain, matxismoa ere sufritu behar du. Baina argi du: «Gurago oraingo bost minutu, lehengo bizitza baino».