Ruben Ochandiano, Miren Aperribay eta MarionBerger, Zinegoak jaialdiaren epaimahai

Zinegoak Bilboko LGTB jaialdiak jakinarazi du aurten nortzuk  izango diren 14. edizioaren nazioarteko epaimahaia osatuko dutenak,  eta fikziozko film luzeen epaimahaiko kideak Ruben Ochandiano  aktorea, Miren Aperribay banatzailea eta Marion Berger  programatzailea izango dira. Gainer, aurtengo edizioan dokumentalek  indar berezia izango dutenez, epaimahai berezi bat sortuko da  dokumentalak saritzeko. Zinegoak otsailaren 20tik martxoaren 5era  ospatuko da.

Zinegoak 2017.

BILBO. Jaialdiaren arduradunek jakinarazi dutenez, Ruben Ochandiano  Madrilen jaiotakoa eta, besteak beste, “Silencio roto”, “Tapas”,  “Che”,”Biutiful” edo “Los abrazos rotos” filmetan parte hartu du.  Bere lehenengo film laburra ere zuzendu du, “El Paraiso”, eta hainbat  sari jaso ditu lan horregatik. Horrez gain, hainbat antzezlanetan  parte hartu du, aktore eta zuzendari moduan.

Miren Aperribay Atera Films ekoiztetxeko sortzaile eta zuzendaria  da, eta, besteak beste, honako lanetan ibili da banatzaile: “Loreak”;  “80 egunean”, “Kalebegiak”, “Amama”. Hemen Here elkarteko kide eta  Gipuzkoako Foru Aldundiaren Arte Kontseiluko kide ere bada. Azkenik,  Marion Berger Tarifako Zinema Afrikarreko Jaialdiko (FCAT)  programazio zuzendaria da.

Horrez gain, aurten Zinegoak jaialdiak dokumentalen presentzia  areagotuko du bere programazioan, eta, horren eraginez, dokumentalek  epaimahaikide berezitua izango dute. Besteak beste, epaimahaikideak  izango dira Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ikus-entzunezkoen  irakasle Vanesa Fernandez eta Marc Serena dokumental egile eta  kazetari kataluniarra.

Halaber, Zinegoak jaialdiaren gainontzeko sarietako  epaimahaikideak eragile, elkarte eta erakundeetako ordezkariak izango  dira, talde hauek guztiak jaialdiaren parte bihurtuz.
Horrela, Off atalean (film labur eta luze esperimentalak),  esaterako, epaimahaikideak tokiko sortzaile eta artistak izango dira.  Aniztasun eta Giza Eskubideen Sariaren epaia hartzeko arduradunak  honakoak izango dira: alde batetik Bizkaiko Aldundiaren Berdintasun,  Lankidetza eta Aniztasun Zuzendaritza eta, bestetik, Estatu mailan  giza eskubideen alde lan egiten duten erakundetako ordezkariak.

Lesbianismo eta Generoaren Epaimahaia Bilboko hainbat talde  feministek eta emakume lesbianen taldeek osatuko dute. Euskal  Aktoreen Batasuneko saria emateko arduradunak Haizea Aguila, Javier  Liñera eta Jon Koldo Vazquez aktoreak izango dira.

Azkenik, ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari diren ikasleek  Sari Gaztea emateko ardura izango dute. Parte hartuko duten hezkuntza  zentroak IEPFSTartanga, EHUko LGTB Liga, Euskal Herriko Zinema Eskola  eta IMVAL dira.