Adingabeak ala transexualak

ROSA MARIA MARTIN

Ez gara inoiz jite bakarrekoak. Nor zara zu? Zer zara zu? Emakumea ala gizona? Ala ez ur eta ez ardo? Goizean matematikako irakasle hori, arratsaldez ingelesa ikasten jarraitzen duzu? Eroskin erosi eta Wallapopen saltzen duen horietarikoa zara? Heldu gabeko mutilzaharra? Ume heldua? Gazteleraz bizi den euskalduna? Beti zara bat? Beti berbera? Zenbat izaeratatik migratu zara? Zenbat errealitatetara? Zenbat aldiz aldarrikatu duzu zuretzat itzultzeko eskubidea? Ur geldia zara edo ur-jausiko ura?

Normatibitaterik gabeko jendarterik balego… Baina ez dago. Normatibitate guztiak dira zekenak eta berekoiak. Heteronormatibitateak dikotomia inposatu zigun txikitan: neska zintzoa eta apala ala mutil ausarta eta harroa. Gero onartu zen emakume-gizon zintzoak eta ausartak ere bazirela. Ez besterik. Gainontzekoa ikusezin, ezinezko.

Edozein normatibitatetik at daudenak ikusezinduak izan direlako, aldarrikatu nahi ditut hemen. Hitza eta irudia izateko eskubidea dute eurek, dut nik, dugu guztiok. Nortasunak forma ezberdinak, lausoak, iragankorrak, kontraesankorrak hartzen dituelako. Nortasuna ez delako inposatzen, ezta saltzen edo erosten ere.

Transexuala. Izena duena da. Jon ala Jone. Garai batean elizako pontean izena jartzen zen bezalaxe, gaur telebistak ipintzen dio izena eta izana jaio berri den helduren bati: Nora, Izaro, Ares… Euren izenean mintzatzen dira, aske eta askatuta.

Nahiane izen ederra da. Adingabe baten izena.

Adingabeen eskubideak ez daude gurasoen borondatearen menpe, ez eta komunikabideek audientzia igotzeko estrategien zerbitzuan, are gutxiago komunikazio-marketinaren esanetara.

Erreza da hitz-jario handiko adingabe batek transexuala izan nahi duela esaten badu, ikus-entzule kopurua igotzea. Berrogei urteko transexual batek haurtzaroan isilik jasan zituenak entzuten ditugunean, irtenbidea ezin da izan haurra telebistako platoan jesartzea.

Adingabe transexualen guraso batzuen hitzak entzutean, hotzikara sentitzen dut: gonak eta printzesen jantziak, jostailuak, eta ilearen luzera aipatzen dituzte umearen identitate-frustrazioa azaltzeko. Hotzikara, heteronormatibitatearen hamaikagarren ondorio gaiztoa delako.

Baina egia da genero-disforia –genero/sexuarengatiko sufrimenduak– jasanezina denean, zerbait egin beharra dagoela. Egia da identitate sexuala ez dela patologizatu behar, baina seguru nago ospitale publikoetako genero-unitateek telebistan entzun ditudan guraso batzuek baino ikuspegi zabalagoa dutela, eta ez dela apetak emandako erabakirik hartzen. Umeei ipuinak kontatzen jarraituko dugunean, argitu ez dagoela zoriontasuna bermatuko dien aldaketarik. Adingabe baten izena eta izana jokoan.