URIOLA: Imanol Alvarez, EHGAM: Hamaika sentipen, hamaika bizipen, hamaika izate

Bilbon plazaratu zen euskal sexu-askatasunerako mugimendua lehenengoz, 1977ko hasieran; nahiz eta ideia Durangon mamitu, pare bat hilabete lehenago. EHGAM (Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua) izan zen, hain zuzen, orain hogeita hamazazpi urte pasatxo, sexualitate libreago baten alde lanean hasi zen lehen erakundea.

Esan bezala, Bilbon sortua; baina, izenean argi iradokitzen den bokazioari jarrituz, laster hasi zen Euskal Herriko bazterretara hedatzen. Batez ere hiriburuetan osatu ziren taldeak, baina baita hainbat herri edo eskualdetan ere: Orereta, Durangaldea, Tutera… Etengabeko aldaketa-dinamikarekin izan bazen ere (tokian tokiko talde berriak sortu, beste batzuk agortu), hamarkadatan izan ginen ia bakarrak. Eta pronostiko guztien kontra, oraindik diraugu bizirik.

Geroxeago, mugimenduari aniztasun handiagoa emango zioten beste elkarte batzuk sortzen hasi ziren. Urte hauetan guztietan, hamaika teoria jaio eta birmoldatu edota ahaztu egin dira mugimenduan: homosexualitatearen ordez homofilia defendatzen zuena, gay-askapen iraultzailearena, erradikala, antigay zeritzona, queer… Sarri erabiltzen den/dugun eta etengabe luzatzen doan -eta gorroto diodan- letra-zopa antzeko sasihitz itsusi batean metatuz joan diren hizki mordoa da ibilbide horren isla: LGBTTIQ…

Ekainaren 28an urtero “ospatzen” dugu 1969an New York-en gay-trans ghettoan zeuden andre eta gizonen matxinada poliziaren kontra. Hortik dator(ke) harrotasun terminoa (pride, orgullo…); eta garaipen hartatik gehi handik hona lortu ditugun aurrerapen ukazinetatik datoz(ke) gaur egun mendebaldeko hiri askotxotan egiten diren iñauteri antzeko desfileak. Ospakizuna, poza eta jaia osasungarriak dira; bai, horixe! Alabaina, guk (ehagmkideok zein euskal elkarte gehienetakoek) ez ditugu oso gustuko uda-hasierako aratuste horiek. Hemen ederki dakigu jaia eta borroka uztartzen, bai, eta horren aldekoak, gara; baina jaiak aldarrikapen oro estaltzen duenean… jai dugu. Harrotasun hitza bera ere ez dugu gehiegi atsegin, besteak beste, ez dakigulako harro egon gaitezkeen sexualitate zehatz bat praktikatu/sentitzeaz; kasurik hoberenean, gizartean nahiko omnipresente den homofobiaren gainetik superbizitzeko gauza izateaz egon gintezke harro, edo gizartea bera zein legeak apurka-apurka hoberantz aldarazi izanaz. Gauzak horrela, guk betidanik nahiago izan dugu askapen berba: errebindikatiboagoa da eta hobeto islatzen du eginiko eta eginkizuneko lana.

Munduan barna, eta baita gure euskal txokotxo honetan ere, oraindik lan handia dago egiteko: hainbat estatutan heriotzarekin zigortzen dira harreman homosexualak edota ezkontzatik kanpoko oro; beste askotan kartzelarekin edo lapidazioarekin… Gurean ez. Gurean legez ia eskubide berdinak ditugu. Teorian bederen, askatasun osoz izan dezakegu nahi dugun harreman-mota eta nahi dugun(ar)ekin; legea berme. Errealitatea oso da temati, ordea, eta egunerokoak diosku askatasun horretatik urruti gaudela: sexismoa, matxismoa, heterosexismoa, homofobia… gure inguruko paisajearen parte dira. Asko ez badira ere, sexualitatea arau heterosexistatik at bizi nahi dutenen kontrako eraso fisikoak gero eta gutxiago izan beharrean, gero eta gehiago dira; hitzen, begiraden, irrien eta abarren bitarteko erasoak nonahi eta noiznahi… Badirudi gero eta gutxiengo nabariagoa den gutxiengoa dela horien guztien erantzule. Horrela dela onartuta ere, argi dago jarraitu behar dugula lanean fronte guztietan: hezkuntza, komunikabideak, kalea, familia… Erne egon behar dugu, gainera, lortutako apurrak ez galtzeko; mundua oso biratze susmagarria egiten ari da-eta okerrerantz: kapitalismorik basatia jaun eta jabe, erlijio-fundamentalismoak indarberritu…

Aurreko guztiagatik, aurten ere irten behar dugu kalera ekainaren 28an manifestazioan sexualitate-afektibitatea askatasunez sentitzeko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzera. Bilbokoa Moyua Plazatik abiatuko da arratseko 20:00etan, 11 sentipen, 11 bizipen, 11 izate lelopean.

EHGAMen urteroko afaria
Afariaren ostean ikuskizuna egongo da eta, bertan, urtero ematen ditugun Urrezko Hiruki eta Trapuzko Espartina sariak emango dira.