TOPATU:Iraultza sexualaren aldeko gazte antolakunde berria aurkeztuko dute urtarrilaren 31n Bergaran

Orain bi urte hasitako eratze prozesuaren emaitza da iraultza sexualaren aldeko gazte antolakunde berria. Sistemaren aurkako proiektu honek jendarte osoaren askapen prozesu bat mahaigainean jartzea du helburu; sistemak, gainontzeko guztia kontrolatzeko, gure sexualitate, gorputz eta identitateak kontrolatu behar baititu lehenik eta behin.

ku31

Urtarrilaren 31n, larunbata, 17:00etan Bergarako Kartzela Zaharrean egingo dute aurkezpen ekitaldia. Herritar guztiak deitu dituzte bertan parte hartzera eta “subjetu politiko aktibo” bilakatzera.

Prozesu eratzaileko kideen oharra:

Orain bi urte hasi genuen sexu askapenerako gazte mugimenduaren eratze prozesua; antolakunde berria sortzeko helburuarekin. Erabaki hori hartzera, egoera sozio-politikoaren aldaketak eragin zuen; baita heteropatriarkatuaren kontrako borrokan proiektu politiko ausarta garatzearen beharra ere.

Ez dugu planteatu homosexualen bizi kalitatea hobetzeko proiektu bat. Jendarte osoaren askapen prozesu bat da mahai gainean jarri nahi izan duguna: Sistemak, gainontzeko guztia kontrolatzeko, gure sexualitate, gorputz eta identitateak kontrolatu behar dituelako lehenik eta behin. Kontrol hori ahalbidetzen dituzten hiru erregimen politikoei aurre egiteko proposamen politikoa garatu dugu. Sistemaren kontrako proiektu politiko iraultzailea da bi urte hauetan eztabaidatu duguna.

Orain, proiektu hori bidean jartzeko unea da. Horretarako, urtarrilak 31, arratsaldeko 17:00etan, sexu askapenerako gazte antolakunde berriaren aurkezpen ekitaldira gerturatzeko gonbitea luzatu nahi dugu, Bergarako Kartzela Zaharrean.

Antolakundearen aurkezpena hirietatik kanpo egitearen erabakia, proiektu hau Euskal Herrian barna hedatzearen apustuaren seinale da. Eskualdez eskualde, indarrak batzea dugu helburu. Orain arte bezala, eskualdeen asanbladetako autonomia bermatuz eta partaide guztiak gidari bihurtuz. Kartzela Zaharra aukeratu dugu, kartzelen desagerpena, aldarrikapen inportante bezala kokatu dugulako. Txantaje moduko betiereko ultimatum bat suposatzen dutelako. Saltzen diguten helburua betetzen ez dutelako. Azken egunotan berriro ere agerian geratu den bezala, disidentzia politikoa zapaltzeko erabiltzen delako. Eta Bergarako Kartzela Zaharra aukeratu dugu, espazio autogestionatu eta Gaztetxeen aldeko gure apustu estrategikoa irudikatzeko.

Urtarrilaren 31n, martxan jarriko ditugu iraultza sexualaren aldeko makinaria guztia. Disidentzia sexualaren aktibazioa. Subjektu politiko iraultzaileak bilakatu. Etorkizunean, atzo bezala, haustura berrien protagonistak izateko.