Soilik nortasuna errespetatzea

Ekai Lersundiren heriotzak azalera atera du mutil bulbadunen eta neska zakildunen sufrimendua. Azken urteetan ikusgarriago bihurtu diren arren, gizartea transfoboa da oraindik. Administrazioa orain hasi da eskubideak aitortzen; Nafarroan Transbide sortu dute.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Ekai Lersundi gazte ondarroarraren heriotzak gizartearen kontzientzia astindu zuen joan den astean. Euskal Herriko Chrysallis elkarteak zabaldu zuen berria. Horretarako kaleratutako oharrean esan zuten bulba duen mutila izateak eskatzen zion aparteko borroka gogorregia egin zitzaiola. Antzeko zerbait gertatu zitzaion Aimar Elosegi hernaniarrari: bere buruaz beste egin zuen duela 11 urte. «Gogor kolpatu ninduen joan den asteko berriak. Nire ikerketaren galdera nagusietako bat da ea zer-nolako Euskal Herria egiten ari garen transexualentzat, ea zer aldatu den hamarkada honetan. Eta erantzun positibo asko biltzen ari nintzen», aitortu du Kattalin Miner idazle eta kazetariak. Tene Mujika beka jaso du, Elosegiren kasua ikertzeko: memoriaz, suizidioaz eta transexualitateaz gogoeta egitea da haren lanaren asmoa.

Sinetsita dago aldaketak egon direla: «Uste dut sozialki aurrerapauso handiak eman direla; batez ere, ikusgarritasunean eta onarpenean. Eta iritsi gara puntu batera non auzia eskubide sozialekin lotuta dagoen. Izan ere, pertsona horiek eta ingurukoek, ondo bizitzen saiatzen direnean, hainbat urraketarekin topo egiten dute».

Ikerketarekin memoria ariketa bat egin nahi du Hernanin (Gipuzkoa). «Herri guztia asaldatu zuen. Denak atera ziren kalera. Ez zen ezkutatu bere buruaz beste egin zuela eta transexuala zela. Eta horrek duintasun handia eman zion hari, haren familiari eta gaiari berari. Eta jarrera eraldaketa bat eragin zuen herrian, pentsatzeraino zer egiten ari ginen gizarte moduan». Uste du gizarteari oraindik asko falta zaiola. Esan du Ondarroako (Bizkaia) kasuak erakusten duela hori. Nahiz eta eraso transfoboak gaur egun ez diren «lehen besteko biolentoak», ohartarazi du oraindik gizartea transfoboa dela. Gogoeta eskatu du: «Horrelako gertaeren aurrean bihotza asaldatzen zaigu, baina pentsatu behar dugu egunerokoan zer egiten dugun sexu-genero binomio hori hausteko, eta pertsona transexualen bizitzak bizigarri egiteko».

Chrysallis elkarteak joan den astean atera zuen oharrari egin dio aipamena Minerrek: «Irakurriz gero, argi geratzen da Ekai Lersundik izan dituen oztoporik handienak instituzionalak izan direla. Eta hori konpontzeko gauza argiak eta zehatzak egin daitezke». Lagun transexual batek kontatutakoa ekarri du gogora: esan zion bizipenetan beti egoten dela narrazio partekatu bat. «Kasu guztiak oso ezberdinak dira, baina badituzte komunean elementu batzuk, eskolarekin, familiarekin eta jendartearekin duten harremanari lotuta».

Gizartearen onarpena benetakoa izatea behar dute. Baina uste du eskubideak errespetatzea dela premia nagusia. Esan du osasunerako eskubidea, eskubide zibilak eta politikoak urratzen zaizkiela. «Izena aldatzeko trabak jartzen dizkiete, psikiatrizazio prozesua sufritzen dute, hezkuntzan ez zaie behar beste babes ematen. Asko dago hobetzeko».

Pausoak ematen hasi dira. Nafarroan joan den astean onartu zuen gobernuak Transbide zerbitzua martxan jartzeko dekretua. «Pozik eta itxaropentsu» dago Harrotu Iruñeko LGTBI zentroko Erika Salvatierra sexologoa. «Osasun arloan lehen zegoen zerbitzuak kexa handiak zituen. Tratuagatik baino gehiago, prozesua asko luzatzen zelako. Lehenengo atea jotzen zutenetik hormona prozesua iritsi arte denbora asko pasatzen zen. Gainera, psikologoek eta psikiatrek eman behar zioten oniritzia zure nortasunari. Hori oso gogorra da haientzat. Orain ez da halakorik beharko: zuk esango duzu nor zaren, eta kito. Paradigma aldaketa hori garrantzitsua da».

Nafarroako Parlamentuak onartutako LGTBI pertsonen berdintasun sozialerako legearen ondorioak dira aldaketa horiek eta Transbide sortu izana. Hezkuntzan ere ekarri du berritasunik. Protokolo bat sortu zuen Nafarroako Gobernuak, ikastetxeetan gaia lantzeko. Ona dela iritzi dio Salvatierrak, baina aitortu du gazte transexualek aldaketak eskatu dituztela. Besteak beste, protokolo hori beti indarrean egotea nahi dute; hau da, orain kasu bat dagoen ikasgelan egiten da formakuntza lana, baina beti egitea nahi dute, gizarte osoan kontzientzia sortzeko.

Gazte guztien premia berak

Nerabe horiek berezitasunak dituztela aitortu arren, Salvatierrak argi du haien beharrak beste edozein neraberenak direla: «Maitatuak izatea, ulertuak izatea eta entzunak izatea: gure zentrora datozenek ez dute besterik nahi». Batzuek hormona bidezko tratamendua nahi dute, eta Harrotu-n horri buruzko informazioa ematen diete, nora jo behar duten; aurrerantzean, Transbidera.

Gorputzean aldaketa asko izaten dira nerabezaroan, eta horrek ezinegona sortzen die gazte horiei. Hala ere, Salvatierrak zehaztu du kasu bakoitza oso ezberdina dela: «Askotan senti dezakete bestelako gorputz bat eduki nahi luketela. Besteok neska edo mutiltzat ditugun ezaugarri horiek nahi dituzte euren gorputzetan. Eta horri erantzun bat eman behar diogu».

Hala ere, ez daki behar hori beti nerabeek eurek sentitzen duten edo kanpotik datorkien. «Kasuaren arabera izango da. Asko dago ikertzeko oraindik. Lehengoan egon ginen horretaz hitz egiten, baina ez daukat erantzunik». Dena den, badu kanpoko presioa gutxitzeko formula bat: «Gizarte hau aniztasunez hezi beharko genuke, gorputzak modu askotakoak izan baitaitezke. Gizarteak eredu murritzak jartzen dizkigu. Eta asko gara horietatik kanpo geratzen garenak: betaurrekoduna, baxua, gizenago dagoena… Ez dakigu munduari aniztasunaren betaurrekoekin begiratzen, eta hori aldatu behar dugu».

Mutil-neska

Aizue, eta zein izen jarriko diozue umeari? Neska bada, Libe; mutila bada, Xabat. Zorionak, bikote, mutikoa da! Belarritakorik? Ez, eskerrik asko. Amama, amama, mutiltxoa dela! Banekien nik, zerbaitegatik brodatu nituen galtzerdiak urdinez. Tori, ea gure umeen arropatxo hauek zuenarentzako modukoak diren. Eskerrik asko, kuleroak ez beste guztiak ederto etorriko zaizkigu! Gureak aurten izan ditu lehenengo inauteriak eskolan: neskak lamiaz mozorrotu ziren eta mutilak atorrez. Ni, berriz, 5 urtekoen tutorea naiz eta zenbatzen irakasten ari natzaie: ea, Omar, zenbat mutil etorri dira gelara? Eta zenbat neska? Ba, lehenengo mailan hasi ginenean, motxila berriak oparitu zizkiguten nebari eta bioi: niri Frozenena eta berari Minionsena. Paule! Paule! Hori mutilen komuna da, zu bestera joan behar zara! Kaixo, aterki bat nahi dut 10-11 urteko ume batentzako modukoa. Ados, neskentzakoa, mutilentzakoa…? Euritarakoa. Hemendik aurrera ekipo bitan jokatuko duzue, mutilak batean eta neskak bestean; nerabezaroan gorputzak asko aldatuko zaizkizue eta gaitasunak parekatzeagatik da, ez beste ezergatik. Aizak, Markel, nobiaren bat izango duk honezkero, ala? Uf… Ez dakizu alabak zenbat galdera egin dizkidan egunotan, nahikoa lan erantzun egokiak topatzen. Igual, erantzunak barik, binomioa kuestionatzeko gakoak eman beharko zenizkioke, ez duzu uste?

Iruñean ere Ekai omendu eta aniztasuna balio gisa hartuko duen gizartea aldarrikatu dute

Ehunka pertsonek egin dute bat Kattalingorri elkarteak deitutako elkarretaratzearekin, Ondarroan bere buruaz beste egin duen nerabe transexualaren omenez.

 

Iruñeko udaletxearen parean egin dute elkarretaratzea, 12:00etan, Ekai, Nafarroa zurekin. Navarra contigo lelopean. Hamar minutuko isilunea egin dute bertaratu direnek, genero aniztasunaren aldeko banderaren inguruan bilduta. Txaloekin eta lore eskaintzarekin eman diote amaiera ekitaldiari.

Antolatzaileek “maitasuna eta babesa” agertu nahi izan diote Ekairen sendiari. 16 urteko nerabeak bere buruaz beste egin zuen ostegunean. Osakidetzan hormona tratamendu noiz hasi zain zegoen. Chrysallis elkarteak adierazi zuen “borroka gehiegi” bizi izan dituela bere identitatearen arabera bizi ahal izateko.

Iruñeko elkarretaratzean hainbat ordezkari politikok parte hartu dute; besteren artean, Aranzadiko Laura Berrok, EH Bilduko Patricia Perales eta Aritz Romeok, Eduardo Santos Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak, Koldo Martínez Geroa Baiko parlamentariak eta Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendari Mertxe Leranozek.

Kattalingorri eta Transkolore elkarteko kide banak manifestu bat irakurri dute. Ekairen heriotzak “min handia” eragiten duela adierazi dute, nerabeak “bizitza osoa aurretik” zuelako, eta ezbeharra “bizitzea egokitu zaigun gizarte transfoboaren ondorioz” izan dela gaineratu dute. “Hau ez da gertakari isolatu bat, izateko eredu zurrunak inposatzen dituen sistema zapaltzaile baten parte baizik”.

Hala, gizartean aldaketak sumatzen diren arren, oraindik “bide luzea” falta dela ohartarazi dute, “guztiok gizarte honetan tokia izan dezagun”. Deitzaileek gizarte “justuagoa” eraikitzera deitu dute; aniztasuna “balore bat” bezala hartuko duen gizartea, eta ez “borrokatu beharreko zerbait” gisa ulertuko duena.

Helburu hori lortze aldera galdegin dute legeen babesa, genero anistasunari arreta eskainiko dioten hezkuntza eta osasun sistema eta norberaren izatearen arabera “libreki bizi eta autodeterminatzea” eragozten duten oztopo administratiboak ezabatzea.

Ehunka lagunek oroitu dute hildako nerabe transexuala, Ondarroan

 

Udalak hiru eguneko dolua ezarri du; ostegunean bere buruaz beste egin zuen 16 urteko gazteak

Hamabost minutuko bilkura isila egin zuten Ekairen omenez, Ondarroako udaletxe aurrean. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Ehunka lagunek parte hartu zuten atzo Ekai Lersundi oroitzeko ekitaldian, Ondarroan (Bizkaia). 16 urteko nerabea ostegunean aurkitu zuten hilik, bere buruaz beste eginda. Adingabe transexualen familiak biltzen dituen Euskal Herriko Chrysallis elkarteak deitu zuen elkarretaratzera, eta hamabost minutuko bilkura isila egin zuten bertaratutakoek, Ekai, maite zaitugu zioen pankartaren inguruan bilduta. Nerabearen senideek ere parte hartu zuten ekitaldian, Chrysallis elkarteko kideekin, herritarrekin eta Ondarroako Udaleko ordezkariekin batera.

Deitzaileek bilkuraren amaieran azaldu zutenez, «minduta eta haserre egon arren, gure seme-alabei diegun maitasunagatik lanean jarraituko dugu». Ondarroako Udalak, nerabearen senide eta lagunei babesa adierazteaz gain, «aurrera begira lanean jarraitzeko» beharra azpimarratu du. Hiru eguneko dolua ezarri du.

Erroldan izen aldaketa lortzeko prozesuan zegoen nerabea; halaber, Gurutzetako ospitalean hormona tratamenduaren zain zegoen. Udalaren arabera, azken urteetan «zenbait erakundek ezarritako oztopo ugariri» aurre egin behar izan dio nerabeak.

Euskal Herriko Chrysallis elkarteak ere azpimarratu du «eguneroko borrokan» aritu behar izan duela Ekaik. Elkartearen arabera, bere institutuan formakuntza saio bat egiteko eskatu zuen adingabeak, komunitateak haren errealitatea ulertu eta errespetatu zezan, baina ikastetxeak ez zuen halakorik egin. Adingabe transexualak babesteko lege bat galdegin du Chrysallisek.

Ondarroan ez ezik, Iruñean, Donostian eta Gasteizen ere egingo dituzte nerabearen omenezko elkarretaratzeak. Gaur eguerdian egingo dituzte Iruñean eta Donostian, herritarrak udaletxeen aurrean bilduta. Aldiz, Gasteizen bihar egingo dute. 19:00etan izango da, Andre Maria Zuriaren plazan.

Ondarroako herritarrek Ekai gazte transexuala agurtu dute

Chrysallis EH elkarteak deituta, Ondarroako herritarrek «gero arte» esan diote Ekairi, aste honetan hilik aurkitu zuten 16 urteko gazte transexuala. Ehunka lagun batu dira ‘Ekai maite zaitugu’ zioen pankarta baten aurrean, 15 minutuz, Mikel Laboaren ‘Txoria txori’ abestiak soilik hautsi duen isiltasun batek lagunduta.

Ehunka lagun batu dira Ondarroan Ekai gazte transexualari azken agurra emateko. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)

Ehunka herritarrek «maite zaitugu» esan nahi izan diote azken aldiz Ekai transexual ondarrutarrari, ostegunean hilik aurkitu zuten 16 urteko gaztea. Chrysallis EH elkarteak deituta, Ondarroako herritarrek gaztea agurtu dute, larunbat arratsaldean egin den elkarretaratzean.

15 minututan luzatu da elkarretaratzea, isiltasunean. ‘Ekai maite zaitugu’ zioen pankarta bat eta kandelaz osatutako bihotzak osatzen zuten elkarretaratzearen lehen lerroa. Une hunkigarriena Ekairen gurasoak zerbait aurreratu direnean iritsi da, bozgoragailuetatik Mikel Laboaren ‘Txoria txori’ abestia entzungai zegoen bitartean.

Senide eta lagunei babesa erakustearekin batera, «aurrera begira lanean jarraitzeko beharra» azpimarratu du Ondarroako Udalak. «Azken egun zail hauetan, euren bihotz onez lanean aritu diren herritar eta elkarteei bere esker ona adierazi die udalak, eta bereziki transfobiaren kontra eta gorputz eta identitate aniztasunaren alde lanean ari direnen jarrera txalotu».

Zentzu horretan, Ekairen heriotza «alperrik izan ez dadin» Ondarroako Udalak «aurrerantzean ere bere esku dagoen guztia» egingo duela nabarmen du. «Maite zaitugu», errepikatu du Udalak.

Kattalin Minerrek irabazi du Tene Mujika saria, transexualitateari buruzko lan batez

Euskal Herriko historia hurbilaren inguruko ez-fikziozko lanak saritzen ditu bekak. Minerrek, Amaia-Aimar Elosegi gazte transexualaren inguruko bizipenak jaso, eta gogoetarako hainbat gako proposatuko ditu.

Kattalin Miner, artxiboko irudi batean. / JUAN CARLOS RUIZ/ARGAZKI PRESS

Elosegik bere buruaz beste egin zuen 2007an, eta Minerrek, hamar urte geroago, horren inguruko hainbat hausnarketa plazaratuko ditu Tene Mujika sarietarako aurkeztutako proiektuan —Elkar argitaletxeak eta Debako Udalak antolatzen dute beka hori—. Batetik, asmoa da Elosegi zenaren nondik norakoak liburuan jasotzea. Bestetik, ordea, kazetariak gogoeta egingo du transfeminismoari buruzko ikuspegia aldatu ote den Euskal Herrian . Memoriaren, suizidioaren eta transexualitatearen inguruko proiektua jorratuko du Minerrek. Horretarako, urtebeteko epea izango du, eta bidelagun edukiko ditu orduko hainbat lekuko. Idurre Eskisabel, Imanol Murua eta Aitor Zuberogoitia izan dira proiektua aukeratu duten epaimahaikideak.

Herrikideak eta lagunak ziren Elosegi eta Miner. Gertakariaren oroimena berreskuratzea eta kidearen suizidioak Euskal Herrian edukitako eragina jasotzea ere izango da kazetariaren egitekoa. 2013an ere egin zioten omenaldi xumea Elosegiri. Genero ariketak. Feminismoaren subjektuak liburuaren aurkezpena egin zuten Hernanin (Gipuzkoa), eta bertan jaso zituzten Elosegiren zenbait gogoeta. Liburuaren hasieran ere oroimenezko hitzak eskaini zizkioten hernaniarrari.

Mugimendu feministako kidea da Miner, eta kazetari eta ikerlari gisa aritu da lanean. Iaz kaleratu zuen lehen eleberria: Nola heldu naiz ni honaino. Besteak beste, Martin Ugalde beka jaso zuen udazkenean Danele Sarriugarte eta Maddi Altunarekin aurkeztutako lan bati esker; Euskaldunon Egunkaria-k eta BERRIAk genero ikuspegitik egindako ekarpena aztertuko dute lan horretan.

Sarah Spatzek eta Juanita Urbinak jasandako eguneroko bazterkeria

Transexualitatearen inguruko jardunaldiak aitzakia hartuta, beraien egunerokoa hurbilarazteko prestu agertu ziren. Biolentzia, marjinazio eta mespretxua behin eta berriz topatu dituzte, bai Brasilen eta bai Nikaraguan, baina gure gizartean ere bai. Generoa deseirakitzea onarpenaren aurreneko pausoa delakoan daude.

Aske bizi zarete?», galdetu nien, eta Sarah Spatz brasildarrak honakoa erantzun zuen: «Nire heriotza erabaki dezaket; beraz, bai». Ez da edonolako erantzuna, bizitza islatzen duen horietarikoa da. «Komunera joate hutsa tortura moduko bat da guretzat», onartu zuen Juanita Urbinak. Begiraden lekuko dira, begirada soil horiek direlarik jaso ditzaketen mespretxuzko jarrera leunenak.

Ez da erraza oraindik ere bulbarik gabe jaio diren emakume edo zakilik gabe jaio diren gizonen egunerokoa. Heteronormetatik at egote horrek gizartetik apartatzera eramaten ditu, pentsa genezakeen mugak gainditzeraino; hilketak, kasu.

Transexualitatearekin lotutako hilketek mundu osoan dute lekua, baina hor bada nabarmentzen den herrialde bat: Brasil. Mundu guztian hiltzen dituzten transexualen erdiak hiltzen dituzte Latinoamerikako LGTBI+ elkarte handiena duen herrialdean. Sanba erritmo eta kolore biziekin apainduriko herrialdeak ez du oraindik barneratu emakume guztiek ez dutela zertan bulbarik izan edo alderantziz.

Bertakoa da Sarah Spatz, estatu espainolean asilo egoeran dagoen transexuala. Brasiletik Europarantz egin zuen ihes, lehendabizi Portugalera zehazki. Brasil Portugalen kolonia ohia izanik, harreman estuan jarraitzen dute, eta hamar urterako baimendua zeukan Portugalen egotea. Amaitu zitzaion arte. «Orduan, herrialdetik irtetera ‘gonbidatu’ ninduten, beraiek bota aurretik. Vigora igotzea erabaki nuen, bizikletan», azaltzen du brasildarrak, normaltasun osoz. «Nire bizitzako abentura onena izan zen udara hartan egin nuena», dio algaraka, egoera gogorretan ere umorea ezinbestekoa dela gogoraraziz.

Vigora iritsi arte. Hainbestetan errepikatu duten tratu bidegabearen adibidea azaleratzen saiatu da. Poliziaren identifikazio eskaria jasoaz batera, NAN edo pasaportea erakutsi, eta migrantea izateaz gain, zurekin bat ez datorren generokoa zalera azaldu beharra. Nahikoa komisariara eramateko. «Jangela sozialetik irtetean gertatu zitzaidan», gaineratu du Spatzek. Eta hor hasten da buruhaustea komisarian: nork erregistratu? «Bertan zegoen emakume batek uko egin zion, berak ez zuela gizon bat erregistratuko esanaz». Biolentziak lagundu zion mespretxuzko jarrerari, eta herrialde “aurrerakoia” izan arren, transexualitatearen kasuan atzerakoiak garela ziurtatu zuen. «Desberdintasun bakarra da disimulatua dela, baina okerragoa izan daiteke honako jarrera hau», ohartarazi du brasildarrak.

Dena den, ulertzen du jendearen harridura-begirada jasotzea eta freskagarri marka baten adibidera jo du: «Gorri eta zuria den lata txuri-urdinez ikusiz gero, denok harrituko ginateke; bada, horrelako zerbait da, eta ulertu nezake». Baina puntu horretaraino, ez gehiago.

 

Biolentzia

Begirada arrotz batetik biolentziara igaro daitekeelako. Ondo dakite Urbinak eta Spatzek. Biek jasan dute indarkeria, nahiz eta nikaraguarrak azaltzen duen inoiz ez duela bere bizitza arriskuan ikusi, «Sarahk legez, baina gogoratzen dut nola gizonek gerrikoa kendu, beraien eskuan batu eta gerrikoaren belarria zintzilikatuta, kolpe galanta besterik ez nuela sentitzen».

«Astebetez koman egon nintzen», jarraitu du brasildarrak. Bere urtebetetzean pasatu zen guztia, 2005eko martxoan. «Erosketak egitera irten nintzen, eliza ebanjeliko baten inguruan aurkitzen zen supermerkatura, eta bertatik pasatzean, elizatik irten zirenen oihuak jasan behar izan nituen. Bat-batean niregana zentozen eta korrika hasi nintzen, hankan tiro bat jaso nuen arte. Lurrera erori eta jipoi galanta jaso nuen». Nabari zaio urduritasun ttantta bat: hortzik gabe geratu zen, buru barruan odol-batua eduki zuen eta, ondorioz, ebakuntza arriskutsu bat egin behar izan zioten garunera zabal ez zedin, saihets-hezurrak apurtu zizkioten eta beste zenbait lesio. «Bizkarrezurra guztiz zuzen ipintzea lortu nuenerako, hiru hilabete igaro ziren». Atera kontuak. Gainera, azaleratu nahi izan zuen, lurrean botata zegoela, zauriturik, orduak pasatu zirela azkenean poliziaren kotxe batek ospitalera eraman zuen arte, «paretik igarotzen ziren bizilagunek muzin egin ostean».

2016an 144 transexual hil zituzten Brasilen, eta LGBTI+ komunitateko 343 hilketa erregistratu ziren, hau da, hilketa bat 28 orduko. Eta 2017ko martxora bitartean 77 hilketa jaso ziren genero diskriminazioagatik.

Nikaraguara begira jarri gara orduan, alderatze aldera. Juanita Urbinak aitortu du, gaur-gaurkoz –azaroaren 30era bitartean– 48 transexual hil zituztela eta 58k biziraun zutela. Hau da, gutxienez 106 transexualek jasan zuten indarkeria. Gutxienez, zifra horiek salaturiko kasuei dagozkielako eta asko eta asko salatu gabe geratzen direlako.

Spatzek berak ere ez zuen salatu. Batetik, jende andana izanik, ezin izan zuelako inor identifikatu eta, bestetik, identifikatuz gero ere komisarian ohartarazi zioten prozedura horren bitartez salatuak bere informazio guztia eskuratuko lukeela, eta beraz arriskua areagotuko litzatekeela. Horiek horrela, aukera bakarra Brasiletik ihes egitea zela ikusi zuen. Eta orain, asilo egoeraren aurreneko fasea amaitzear aurkitzen da.

Hiru hilabete besterik ez ditu bere kabuz alokairu bat aurkitzeko, orain arte CEARen (Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordea) babespean egon baita Madrilen bizitzen: «Aurreneko fasean, egokitzapen prozedura denez, Batzordeak laguntzen dizu, zure egoera berdinean, hau da, errefuxiatu legez, dauden pertsonekin bizitzen –beraiek esandako lekuan–, baina jada iraungi da epea eta nire kabuz bizitzen hasi behar naiz». Gipuzkoa gogoko du, Gehitu (+tu) plataformak hasieratik eskainitako laguntzarengatik –identitate sexualagatiko edozein motatako diskriminazioagatik aholkularitza eskaintzen dute–, baina ez dauka lan kontraturik eta hori barik Barne Ministerioak ez dio Madriletik mugitzea baimentzen. «Madrilen geratuz gero urtebetez ekonomikoki laguntzen naute», argitu du.

Marjinazioa

Marjinatze egoera oro jasaten dute ohiko egunerokoan eta situazio deseroso horiek apurtzen joateko izen sozialaren onarpenaren giltzarria plazaratu dute, edozein prozesutarako baliagarri suertatzen baita: hezkuntza arloan hasi, lanerako edota kaleko edozein jardueratarako.

«Transexualen gehiengoa analfabetoa da –zehaztu du Urbinak–, Lehen Hezkuntza bukatzeko eskubiderik ere ez daukagu». «Hezkuntzarako eskubidea ukatzen zaigu aparientzia hutsagatik, zeren eta ikastetxe publiko batera gizon jantzita joan behar duzu zure nortasun agirian Juan Carlos izena ipintzen duelako, eta ez Juanita».

Hezkuntza eta lan egiteko eskubide hutsa denok daukagula esan ohi da askotan, harrotasunez. Baina Urbina Nikaraguako kasua aztertzen dabil Gizarte Lanen ikasketaren azken kurtsoa bukatzeko zorian dagoela: «Genero adierazpen nabarmena izatea biolentzia pizten duen aurreneko bidea da, argi eta garbi. Eta hezkuntza sistemaren argumentazioak kristautasunaren morala du oinarri, erakundeen lege edo eskolako estatutuak defendatu beharrean».

«Egunean bi dolar baino gutxiagorekin bizi da gehiengoa, eta portzentaje handienak apaindegietan lan egiten du, baina menpekotasunean». Nikaraguako paisaiaren deskribapena egiten hasi da Urbina. Adierazi duenez, desberdintasun ugari daude bizilekuaren arabera. Esaterako, ez da berdina Nagaroten –bere bizitokian– emakume trans izatea edo hiriburuan; edota, iparraldean edo herrialdeko Karibe kostaldean: «Trans izateaz gain beltza, txiroa edota indigena izateagatik diskriminatzen dute Karibe kostaldean; iparraldean, txiroa, nekazaria edo hizkera ezberdina edukitzeagatik. Bazterkeria anizkoitza dago».

«2017an osasun arloko profesionalek identitate arazoak ditugun pertsona bezala hartzen gaituzte, guk geuk zer nahi dugun ez dakigula argumentatuz», kontatzen du. Beldurgarria dela baieztatzen du, eta lan nekeza, psikologikoki, autobusean albokoa zutitzen dela erreparatzea zu ondoan eseri izateagatik. «15 urterekin takoiekin korrika egiten ikasi nuen, jipoietatik ihes egiteko». Azaldu du, edo azaltzeko beharra igarri zaio, hamabost urtean itxura «femeninoagoa» –nahiz eta ez zaion terminoa gustatzen– erabili izan duela, konturatu zen arte emakume sentitzeko ez zela beharrezkoa gizarteak eskatzen duen estereotipoen barnean egotea –«titi handiak edukitzea, bikaintasunez jantzita egotea, eta abar»–.

Jasan duten guztia jasateagatik emakume indartsutzat hartzen dute beraien burua. Gizartearen parte direla aldarrikatzen dute, eta nahiz eta urteak joan urteak etorri ezkutatuak izan diren, «indartu egin gara, jende asko gara eta jada zaildu egin zaie hain handia den populazioa gutxiestea».

 

Komunitatea

Dena den, eta trans izaera harrotasunez eraman arren, etiketen aurkako diskurtso eraikia dute, bai Spatzek eta bai Urbinak. Biak bat datoz esatean gizartean integratzea izan behar dela LGBTI+ komunitatearen premisa eta ez etiketen bitartez ghettoak sortzea. Horrez gain, komunitatean bertan pribilegiodunak eta baztertuak daude Sarah Spatzen eta Juanita Urbinaren esanetan, eta gaineratu dute transexualak direla jazarpen gehien sufritzen dutenak.

LGBTI+ eskubideak garatzeko formaziorako beharrizan bat dagoela iritzi dio Urbinak, komunitatean bertan «lumafobia» moduko jarrera bat dagoela gaineratuz, betiere Nikaraguako kontuez ari dela argitu nahian. «Gay komunitateak pribilegio gehiago ditu lana lortzeko garaian, edo diru laguntzak jasotzerakoan. Erakunde publikoetan ere ez da arraroa homosexualak ikustea baina ez zaitzatela emetua ikusi. Bestetik, oso gutxitan ikusten ditugu lesbianak eta, are gutxiago, emakume transexualak».

Spatzek zehazten du berak Madrilen Colegas erakundean parte hartzen duela, egitaraua osatzen, «eta egitarau horiek LGBTI+ populazioarentzat bakarrik izan ez daitezen saiatzen naiz, gure borrokaren masa kritikoa gizartea bere osotasunean izateko. Gu bakarrik borrokatzen bagara, ez daukagu hainbesteko botererik gizartean eragina izateko». Urbinak bide beretik ekin dio bere diskurtsoari. Aktibismoa erresistentziatik sortzen dela nabarmentzen du, eta Nikaraguan hori eraikitzeko lehendabizi hezi egin behar direla. «Eta emakume zer den izatearen estereotipo madarikaturik gabe, nire ustez emakume izatea ez baita %100ean bikain ikustea eta emakume izateagatik gizarteak agindutako mandatuak egitea».

«Nik ez dut nahi jendeak hartzea emakume jaio den emakume bat moduan, emakume transexuala naiz eta kitto», askatu da Spatz. Komunitatean zisgenero diren emakumeen aldetik baztertua sentitzen dela aitortu du, «ulertzen baitute emakume biologikoaren estetika izan behar dugula». «Ez dute emakume trans moduan ikusgarritasunik nahi eta modu honetako jarrerak ere, bere horretan, baztertzaileak dira, transexualak gutxiesten baitituzte».

Etiketak gora, etiketak behera, zaila da kategoriarik gabeko pertsona bat aurkitzea gaurko munduan. Baina Sarah Spatzen aburuz gizartearen etorkizuna «oso androgenoa» izango da. «Berdintasuna edota oreka egon dadin gizartean, ezberdintasunak hautsi behar dira; kategoriei muzin egin eta LGBTIQIA bezalako gehiegizko siglak borratu egin behar direla uste dut».

«Ni trans feminista naiz –La Corriente-ko aktibista da–, autokritika izugarria egin dut, bilakaera prozesuan bakoitzaren bizipenak erabat aldatzen dira. Inork ez luke esango biok garenik trans emakumeak. Sarah argi eta garbi ikusten da, baina ni ikusten naute eta…». Juanita Urbina 11 urte zituela hasi zen emakume bezala janzten, hamabost urte igarota, ordea, ohartu zen ez zela beharrezkoa itxura femeninoegia izatea emakume izateko. «Sarah ikustean jendeak egiten duen irakurketa da emakume jantzita dagoen gizon bat dela, eta nire kasuan, aldiz, gizon bat naizela», kexatu da.

«Generoa gizartearen eraikuntza bat da», defendatu du brasildarrak. «Noski, zergatik dago kategoria bat jartzearen beharrizan hori?», galdetu du segidan nikaraguarrak. «Atzeraka goazen sentsazioa daukat, eta amaierarik gabeko bide honetatik irteteko giltzarria genero identitatea bera deseraikitzea da. Ulertu behar dugu, bai edo bai, guztiok pertsonak garela eta bakoitzak sentitzen duena edo egiten duena pertsonala dela eta guztiz errespetagarria dela». Brasildarrak ohartarazten du askotan kalean paseatzerakoan betaurrekoak kentzen dituela, «jendearen epai-aurpegia ez ikusteko», eta umoreari iskin egin gabe jakinarazi du ikusmen arazo potoloa duela, eta gaitz erdi, horrela ez baitu «jendearen espresioa aguantatu beharrik».

Gobernua eta borroka

«Egunen batean lortzen badugu barnean eta egunero daramagun generoaren polizia deuseztatzea eta gure burua aldarrikatzea, orduan lortuko dugu mugimendu anizkoitz, parekatu eta indartsurik eratzea». Hori uste du Urbinak, eta gizartean onarpen bat jasotzeko mandatuei kasu egin behar badiegu, kili-kolo jarraituko dugula. Hala, errepikatu du, mugimendu sozial bat izan behar direla, edonolako biolentziaren aurka dagoena.

Horrenbestez, Nikaraguako egoerari kritika gogorra egin dio, bai gobernuari eta bai genero dibertsitateen komunitateari. Hain sentimendu kontrajarriak dituenez, engainutzat jo ditu aipatu komunitateak: «Ez da existitzen LGBTI+ mugimendurik, ideia utopiko bat da, elkarte trans, gay, lesbiana eta abarrek beraien interesen alde lan egiten dute, indibidualki eta afera zehatzetan». Berak lesbianen antolakuntzan dihardu lanean, eta konturatu da, bertan, pertsonalki interesatzen ez zaien gaietan jendeak uko egiten diola aldarrikapenari, «familia onarpenaren borrokan, esaterako».

Indibidualtasunaren afera horrek ate ugari itxi dielakoan dago Urbina; informazioa bai baina borondate gutxi dagoela uste du. Gainera, lan egiten saiatzen dabiltzanak Gobernuaren menpe daude: «Ekainaren 28ko mobilizazioan, adibidez, ezin izan genuen exijitzen hitza erabili gobernuari zuzenduriko afixa batean, eta zer erabili behar dugu orduan?».

Gobernuak ate guztiak itxi dizkiela kexu da, «mehatxu moduan ikusten gaituzte, eskubideen alde borrokatzea mehatxutzat ikusten dute eta azken urteetan martxoaren 8ko eta azaroaren 25eko martxak blokeatu dituzte, hau da, emakumeen eskubideen aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako mugimenduak».

 

LGBTI+ Komunitatearen egoera Latinoamerikan

Nikaraguako eta Brasileko egoera latzak bertatik bertara ezagutzeko parada eman ziguten Sarah Spatzek eta Juanita Urbinak, Donostiara egin zuten bisitan. Baina ze egoeratan daude LGBTI+ komunitateak Latinoamerikan?

Spatzek eta Urbinak diotenez, izaeraren arabera ezberdintasunak daude. Hau da, homosexualen eta transexualen eskubideen artean alde nabarmena dago. Oro har, pauso asko eman dituzte batez ere homosexualen arteko ezkontzak baimentzeari dagokionez. Urbinak berak, Nikaraguako ahotsa izanik, jakinarazi zuen 2008ra arte gay edo lesbiana izateagatik epaituak zirela, kode prozesaleko 204. artikulua deuseztatu zen arte. «Baina, era berean, osasun zerbitzuan trans pertsonek tratu berdina merezi genuela zioen 2009ko ebazpen ministerialak, eta osasun zentroek, aldiz, ez dute aplikatzen».

Latinoamerikako krokis labur bat egiteko asmoarekin –herrialde bakoitza mundu bat baita, are gehiago Karibeko uharteak kontuan hartuz gero–, Argentina eta Kolonbia dira legez eskubideak gehien babesten dituzten herrialdeak. Argentinan, esaterako, genero berekoen ezkontzak eta adopzioak 2010etik baimenduak daude, eta bizikidetza lotura 2015etik. Gobernu kolonbiarrak, aldiz, urte batzuk geroago baimendu zituen, 2013an eta 2015ean hurrenez hurren, nahiz eta bizikidetza lotura 2007tik onartzen zuen. Horretan, Uruguai eta Brasil ere bat datoz.

Transexualen kasuan, izen eta genero aldaketak onartzen dituzte, epaitegietako baimen edo ebakuntzaren beharrik izan gabe. Erabaki berdinak hartu dira Bolivian eta Ekuadorren. Halere, genero berekoen ezkontzak eta adopzioak debekatzen dituzte, Txile eta Peruren antzera.

Brasilen eta Txilen, ordea, nortasun agirian izen eta genero aldaketa egiteko, nahitaezkotzat jotzen dute aurretik ebakuntza egitea, eta epaitegietako baimena eskuratzea ere funtsezkoa da, Perun eta Uruguain legez.

Hego Amerikari dagokionez, Paraguai eta Venezuela dira transexualen inguruko eskubideak zehazten ez dituzten herrialde bakarrak. Modu berean, LGBTI+ komunitatearen aldeko babes bakarra genero bereko pertsonen arteko sexu harremanak legalizatzean dago. Ez dute gehiago baimentzen, nahiz eta bazterketa jarduera oro debekatzen duten.

Nola ez, Amerika erdialde zein hegoalde guztian baimenduta daude sexu berekoen arteko harremanak, nahiz eta nabari den erdialdeko herrialdeetan eskubide gutxiago dituztela oraindik ere. Izan ere, Costa Rica, Salvador, Guatemala, Honduras, Nikaragua eta Panaman ez daude onartuta ezkontzak, ezta adopzioen eskakizunak ere. Eta gehienez, transexualek izena aldatu dezakete, Panaman salbu, nortasun agiriko generoa aldatzeko ebakuntza beharrezkoa den arren.

Karibeko uharte batzuetan, baina, penalizatuta daude oraindik ere genero berekoen arteko harremanak. Horiek dira Trinidad eta Tobago, Jamaika, Granada, Dominika, Barbados eta Antigua eta Barbuda. Eta zeresanik ez gainerako eskubideez, zeinak oso herrialde gutxitan dauden onartuta.

LGTBI jendea eta askatasunak

 

RIKARDO ARREGI

ASTEARTEAN, Espainiako Kongresuan onartutakoaren arabera, transexualitateak gaixotasun izateari utzi dio agiri ofizialetan izena eta sexua aldatzeko orduan;orain arte izena edo sexua paperetan aldatu nahi zituenak lehenik medikuarenera jo behar zuen nahitaez, “genero disforia” sufritzen duen diagnostikoa lortu eta bi urtez tratamenduan egon dela demostratzeko. Era berean, LGBTI pertsonen eskubideei buruzko lehen legea urratsak egiten hasi da Kongresuan PPkoen abstentzioarekin, nola ez (UPNekoak eta Jorge Fernández ministro ohiak ezezko borobila eman zuten). Legeak LGTBIfobiaren aurkako neurriak biltzen ditu hainbat arlotan: juridikoan, prebentzioan, hezkuntzan, osasunean, lan munduan;transexualitatea despatologizatzen da, konbertsio terapia deiturikoak debekatzen dira. PPkoen aitzakietako bat izan da proiektua gaizki idatzita dagoela (erraz konpondu daitekeen kontua) eta legearen alde zigortzailea, eduki iraingarriak eta laidogarriak dituen edozein artikulu edo dokumentu ezabatzea baimentzen baitu proposamenak;azken horrek adierazpen askatasunaren aurka doala uste dute batzuek. Salvador Armendáriz UPNkoa izan omen da eztabaidan su-tsuena, haren hitzetan gutxi batzuen babesteak lehen eta bigarren mailako herritarrak sortuko ditu, eta eskoletan “genero ideologia” inposatuko da gurasoen eskubideei erreparatu gabe.

Sutsuen artean sutsuenak, dena den, Espainiako apezpiku katoliko erromakoak izan dira: legea inposaketa dela diote, gizakiari buruzko beste ikuspuntuak ukatzen baitu;inkisizio hitza erabili dute (benetan), zentsura eta fundamentalismo hitzak eta noski “genero ideologia” asmakeria ezin zen falta. Legea asakatasun guztien aurka doa: adierazpen, pentsamendu, kontzien-tzia, prentsa, katedra. Hunkigarria da ikustea zein kezkaturik dabiltzan apezpiku horiek guztiak askatasunekin. Bide batez, Kataluniakoa ere gaizki dagoela esan dute, beraiek orden konstituzionalaren alde daudela (ai, askatasunak!). Gaurkoa nire buruari eginiko promesaren (eliza katolikoaz gehiegi ez idaztea) salbuespena da, gaur bakarrik hartu dudan askatasuntxoa.

‘Hazte Oír’ autobus transfoboari kontra egin diote herritarrek Bilbon

LGTB kolektiboaren kontrako elkarteak Bilboko kalean zeharkatu ditu mezu transfoboak daramatzan autobusarekin. Herritar ugari bildu da kontra egiteko eta Ertzaintzaren babesa behar izan dute.

Ultrakatolikoek kanpaina bati ekin diote, Podemos taldeak gay, lesbiana eta transexualen diskriminazioaren kontra Espainiako Kongresuan aurkeztu duen lege proposamena dela-eta.

Eguerdian ziren iristekoak Bilbora eta Moyua Plazan elkarretaratzea deitu du herritar talde batek. Autobusa Ertzaintzaren babesarekin sartu da plazara; dozenaka lagun parean zituen txistu eginez eta “faxistak kanpora” oihukatuz.

Autobuseko kideak identifikatu dituzte ertzainek eta Bilbotik irteteko eskatu diete. Tentsio uneak ere izan dira, Ertzainek autobusaren aurka protestan zebilen gazte bat atzeman dutenean.